1992ko First-Person-Shooter bideojokoa frogatu nahi duzu?


Azaleko irudiak nahastu egin zaitu, ez da arraroa. Baina, 1992an iD Software-k sortutako Wolfenstein 3D bideojokoa, muinean, gaurko Call of Duty bat da. Ezberdintasun txikiak igarriko dituzu, arerioak bi dozena pixelez osatuta daudela, besteak beste. Baina, retrogame izateak hori du, gaizki zahartzen direla. Hain da horrela, pentsatu dezakezula nola xahutzen zenituen orduak “joko” horrekin. Kontua da, Wolfenstein 3D jokoak 20 urte bete dituela, eta, hori ospatzeko, Bethsoftek web bidez jolasteko bidea jarri du. First-Person-Shooter (Lehen Pertsonako Tiroketa) jokoetan lehena izan ez bazen ere, generoaren benetako hasierako joko gisa aipatu ohi da.  iPhone-ean ere jolas dezakezu.

Espia amerikarra zara zu, eta etsaiak Wolfenstein gazteluan ezkutatzen diren alemaniar nazi maltzurrak. Sinbolo naziak eta ereserkia agertzen direnez, Alemanian debekatu egin zuten jokoa. Nola ez ba, Adolf Hitler bera zen amaierako etsaia!


Xelebrea badirudi ere, sortzaileetako batek, John Carmack-ek, joko hori sortzea erronka itzela izan zela dio Wolfenstein 3D Director’s Commentary bideoan. Garaiko hardwarea eta softwareari zukua atera behar izan zioten programatzaileek harribitxi hau sortzeko. Nola irudikatu objektuak hurbiltzen direla? Nola marraztu pertsona bat ikuspegi ezberdinetatik? Sakontasun sentsazioa nola eragin?

Egiptoko piramideetan margoak egiten zituzten galdera berberak zituzten 1992an bideojoko programatzaileek ere. Izan ere, ordura arteko joko gehienek goiko-ikuspegia zuten. Orain grafiko hiper-errealistak dituzten jokoak ditugu, filmak diruditen ikuskizunak. 20 urteetan bideojokoek itxuran izan duten jauzi ikaragarria begi bistakoa da 90ko hamarkadako PCko jokoak berriz jolastean.