[Urpeko Bonbarda #138] Ahoz aho, belaunez belaun
[Urpeko Bonbarda #138] Ahoz aho, belaunez belaun –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 138. saioan, urtarrilaren 6a Benito Lertxundiren urtebetetzea dela-eta, orain gutxi musikagintza utziko zuela iragarri zigun gizona omendu dugu.
Benito Lertxundik 83 urte betetzen ditu gaur, zorionak! Eta musikari batek bere herrian utzi duen ondarea neurtzeko moduetako bat ondorengo belaunaldietan izan duen oihartzunak ematen digula iritzita, gaur orioarraren 6 kanturi egindako 8 berrirakurketa entzun ditugu Urpeko Bonbardan.
Hasi eta buka, antzera egin dugu, Joxeangel Irigarayk idatzi eta 1977ko “Zuberoa/Askatasunaren semeei” disko bikoitzean plazaratu zen “Bizkaia maite” kantuaren bi jazz bertsiorekin. Bata Hibai Etxebarria gernikarrak zuzenean emana, piano-kontrabaxu-bateria hirukote klasikoan. Bestea bilbotartua dagoen Joshua Edelman estatubatuar piano joleak 2013ko “Manhattan Bilbao jazz zubia” diskorako grabatua.
“Loretxoa” kantuarenak ere -1967ko bigarren singlean plazaratua-, bi bertsio entzun ditugu. Donostialdeko Sonakay ijito taldearena bata, flamenko airean emana, eta Gatibu gernikar hirukotearena bestea, 2014ko “Euritan dantzan” diskoan dagoena.
Lain bikoteak ETBko “Tumatxak” saiorako berrirakurri zituen “Baliaren bertsoak”, azalean Orbaizetako arma ola ageri duen 1977ko “Zuberoa/Askatasunaren semeei” diskokoa hau ere. Nafarroako Aingura punk oi! taldeak iazko “Garenaren arrazoia” diskorako grabatu zuen “Itsasoari begira” –2005ean Jon Maiak zortziko handian idatzia-, Rotten XIII taldeko Endiko Iriso kantaria ahotsetan lagun. Iseo iruindarrak 2001eko Ep-rako, Mikel Laboa, Hertzainak eta Berri Txarraken kantu banarekin batera, Benito Lertxundiren “Baldorba” hautatu zuen. Eta 1996ko “Hitaz oroit” diskoko beste kantu bat ezin bikainago berrirakurri zuen Izaki Gardenak gasteiztar taldeak, “Bihotz”.
Gogoratu, sei hamarkada luzeko ibilbide oparoa ibilita, Benito Lertxundik musikagintzatik erretiroa iragarri zuela orain gutxi; alta, bere abestiek bizirik diraute kantu bazkari eta erromerietan.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
[Urpeko Bonbarda #138] Ahoz aho, belaunez belaun