[Urpeko Bonbarda #137] Aurten joan dira
[Urpeko Bonbarda #137] Aurten joan dira –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 137. saioan, bukatzear den 2024 honetan zendu diren musikariei gorazarre egin diegu.
2024an kasik 800 musikari zendu dira munduan, weheartmusic atariaren arabera. Oso ospetsuak batzuk: Bob Marley & The Wailers taldeko kantari Aston Barrett “Family Man”, Mojo Nixon, Steve Albini ekoizle eta Shellac taldeko kidea, Benny Golson, Kris Kristofferson, One Direction taldeko Liam Payne, edo Quincy Jones, berbarako.
Gainontzekoen artean dago Toumani Diabate koraren maisua, uztailaren 19an eta 58 urte baino ez zituela zendua, saioa irekitzeko hautatu duguna. Gizonak sona handia zuen nazioartean, eta makina bat elkarlan burutu zituen itzal handiko artistekin, Damon Albarn, Bjork, Bela Fleck, Ketama, Arnaldo Antunes, Taj Mahal, Herbie Hancock eta Londresko Orkestra Sinfonikoarekin, berbarako. Baita Ali Farka Toure herrikidearekin ere. Eta Urpeko Bonbarda maliar griotarekin ireki badugu, Lou Donaldson be bop saxofoi jole handiarekin itxi dugu, azaroaren 9an zendua, 98 urte zituela.
AEBetako jazz erraldoia da Donaldson, eta herrikideak ditu saioan zehar entzun ditugun guzti hauexek ere: heriotzari buruz mintzo garen arren dantzarako gonbidapena egin diguten Pete Rodriguez, boogaloo erritmoen sortzaile nagusienetako bat -60ko hamarkadan eta New Yorkeko El Barrio edo Spanish Harlem auzoan- , “I Like It Like That” hit ikaragarria ondu zuena; eta 2tone tankerako ska doinuak jotzen dituen Hepcat taldeko kantari Greg Lee. Lehena martxoaren 11n hil zen, 89 urte zituela, eta bigarrena aste bete geroago, martxoaren 19an, 53 urte baino ez zituela.
Gatozen pop doinuetara, Shangri-Las taldeko Mary Weiss aipatzeko. 60ko hamarkadan emakume laukoteak oihartzun handia erdietsi zuen, bi kanturekin batez ere, “Remember (Walkin´ in the Sand)”, eta “Leader of the Pack”; taldeko kantari nagusia zen urtarrilaren 19an, eta 75 urte zituela, hil zen Mary Weiss. Soinua gogortuta, MC5 mirestuak ere entzun ditugu saioan, punkaren aitzindariek bizirik ziren jatorrizko azken bi kideak galdu baitituzte aurten, otsailaren 2an Wayne Kramer gitarra jolea, eta maiatzaren 8an Dennis Thompson bateria jolea, 75 urte zituzten biek. Estatubatuarrekin bukatzeko, Malcolm Holcombe kantugilea ere entzun dugu, Steve Earle edo Dayna Kurtzekin lan egindakoa, martxoaren 9an zendu baitzen, 68 urte zituela.
Aurten zendu diren musikari itzaltsuenen artean dago John Mayall, britainiar bluesaren ordezkari nagusia, uztailaren 22an hil zena, 90 urte zituela. Eta Hondarribia Blues Saria jaso zuen gitarra jolearen herrikidea zen Richard Tandy, Electric Light Orchestra taldeko teklatu jole gisa ezagutzen duguna; maiatzaren 1ean zendu zen, 76 urte zituela.
Aurtengo otsailaren 9an hil zen, 74 urte zituela, CAN krautrock talde alemaniarreko gitarra jole eta kantari ezagunena, Damo Suzuki japoniarra. Ekainaren 11n, eta 80 urte zituela, ye-ye garaiko antzezle eta kantari sonatu Françoise Hardy, pop malenkoniatsua kantatzen zuen frantziarra. Irailaren 5ean, eta 83 urte zituela, Sergio Mendes brasildarra, animaziozko “RIO” filmerako egin zuen kantuagatik Oscar saria jaso zuena, eta AEBetan sekulako arrakasta duena, besteak beste “Mas que nada” kantuaren berrirakurketari esker. Eta orain gutxi, abenduaren 6an hil zen Angela Alvarez, Miamira ihes egindako kubatarra, lan bakarra plazaratu eta 2022an Grammy sari bat jaso zuena. 97 urte zituen.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
[Urpeko Bonbarda #137] Aurten joan dira