[Urpeko Bonbarda #134] Beste bira bat munduari
[Urpeko Bonbarda #134] Beste bira bat munduari –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 134. saioan, eta aspaldiko partez, bidaia bat egin dugu munduan zeharreko herri musikak lagun.
Lur planeta bezala, biraka ibiltzea atsegin dugu guk ere, eta Urpeko Bonbardan aspaldiko partez nagiak astindu eta bidaian atera gara, Willy Fogg bezala, Londresen hasi eta Londresen buka.
Shakti taldearekin hasi dugu abentura sonikoa. 70eko hamarkadan John Mclaghlin jazz gitarra jolearen bueltan eratutako taldeak, world music delakoaren aitzindariak, lau hamarkada zeramatzan lan berririk plazaratu gabe, iaz “This Moment” argitaratu zuen arte, indiako ahaireak dakartzana. Anatolian Ali Dogan Gonultas arkeologo eta tembur joleari egin diogu bisita, “Keyeyî” plazaratu baitu aurten.
Behin Asian sartuta, itsas ertzik gabeko Tajikistaneko herrialdearen aberastasun musikala agertu digu “Lost in Tajakistan” bildumak, eta bertatik hautatu dugun Mizrob taldearen kantuak. Amerikan berriz, Ana Carla Maza kubatar txelo jolea ezagutu dugu, azken lana “Caribe” itsasoari eskaini diona.
Munduari buelta eman dion bidaia berri honetan, Afrikan eman dugu denbora gehien. Bertan ezagutu dugu, berbarako Transglobal World Music Charts itzaltsuetan 2023-2024 sasoiko diskorik onena izendatu dutena, Aziza Brahim sahararraren “Mawja” -uhina esan gura du, hassanieraz-, eta Marrakexen sortutako Bab L´Bluz gnawa taldea, magrebiar blues azidoa jotzen duena. Kontinentean barrena eginda, Idrissa Soumaoro kamalen n´goni jole itsua aurkitu dugu Malin; bere burua etorkizuneko Afrikaren ahotsa izendatu duen Mokoomba taldea Zinbabwen; eta Shara Halgan kantari gaztea Somalian.
Bukatzeko, hiru ahots indartsu eta azpimarragarri ere entzun ditugu: Bata Estoniatik datorren Mari Kalkun kantariarena. Mongoliarra bestea, eztarri-kantuaren maisu dn Batsukh Dorj kantariarena, eta azkenik, Ingalaterratik datorren Sam Lee kantariarena, hamarkada luze batez “aspaldiko kantuentzako mundu soniko berriak aurkitu nahian ibili dena”.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
[Urpeko Bonbarda #134] Beste bira bat munduari