[Urpeko Bonbarda #131] Uztailean jazz
[Urpeko Bonbarda #131] Uztailean jazz –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 131. saioan, uztailean sartu garen honetan, Jazzaldiak hartu ditugu ahotan.
Urpeko Bonbardan izugarri gozatzen dugu udako jazz aroa, eta uztailean sartu berri garenez, aurten gure jaialditzarretan zuzenean izango ditugun artistekin osatu dugu saioa. Getxo eta Gasteizko Jazzaldietako ere izango gara, baina Donostiako Jazzaldiari erreparatuko diogu batez ere, hurbilena dugulako, zentzu guztietan.
Uztailaren 23tik 28ra izango da aurten Donostiako Jazzaldia, jaialditzarren jazz denboraldia itxiko duena. Bertan, badira urte batzuk Victoria Eugenia Antzokiko eguerdi parteko emanaldiak Jazzeñerentzako gordetzen direla, hau da, espainiar Estatuko jazz eszenaren erakusleiho izateko (X. Edizioa du honakoa). Marcelo Escrich Silent Quartet hautatu dugu saioan entzuteko, bertan joko duen artista saldoaren ordezkari -kontrabaxu joleaz gain, Alberto Arteta eta Mikel Andueza saxofoi joleek eta Luis Gimenez gitarra joleak osatua-. Nafarroako goi mailako musika kontserbatorioan sortu zuten Charlie Haden kontrabaxu jolea omentzen duen egitasmoa.
Donostiako Trinitate plazak magia berezia du jazz musikarentzako, eta aurten bertako oholtza zapalduko dutenen artean supertalde bat dago, Chris Potter (saxoa), Brad Mehldau (pianoa), John Patitucci (baxua) eta Jonathan Blake (bateria) izarrek osatua, laurak ala laurak itzal handiko musikariak baitira, orain gutxi elkarrekin “Eagles Point” egitasmoa argitaratu dutenak.
John Zorn jazz maisuak hiru emanaldi dakartza aurten Jazzaldira, hiru!; azkena Trinitate plazara.
Abangoardiako jazz zaleen artean jatorri judutarra duen New Yorkeko saxofoi joleak eragiten duen zirrara zinez da harrigarria, kasik berak ekarri ohi dituen proposamen artistikoak bezainbeste.
Aurten, Kursaal aretoan Teresa de Avila eta Suite For Piano egitasmoak aurkeztuko ditu uztailaren 26an; Incerto eta Simulacrum uztailaren 27an. Eta oholtza nagusian, Trinitate plazan, Chaos Magick eta New Masada Quartet, uztailaren 28an.
Aipatu egitasmoetan, musikari guzti hauek hartuko dute parte: John Zorn berak (saxofoia), Julian Lagek, Matt Hollenbergek eta Gyan Rileyk (gitarra), Brian Marsellak eta John Medeskik (piano eta organoa), Jorge Roderrek (baxua), Kenny Grohowski, Ches Smithek, eta Kenny Wollesenek (bateria) -azken hau Ruper Ordorikaren diskoetan parte hartutakoa da-.
2019an John Zornek Donostia Jazzaldia Saria jaso zuen, aurten William Parker erraldoiak jasoko duena. Cecyl Taylorren laguntzaile eta free jazzaren maisu, kontrabaxu joleak bi emanaldi ditu aurten Donostian. Bata Trinitate Plazan eta laukotean, Eri Yamamoto (pianoa), Rod Brown (saxoa), eta Ikuo Takeuchi (bateria) musikariekin batera, eta bestea San Telmo Museoan, goizez, Eri Yamamoto piano jotzailearekin, bikotean.
Gainontzean, Jazzaldiak oso programazio anitza dakar Kursaal aretora. Arestian izendatu dugun John Zorn jazz musikariaz gain, bertan jotzekoak direnen artetik Silvia Perez Cruz, Rufus Wainwright eta Marisa Monte izar handiak entzun ditugu Urpeko Bonbardan.
Silvia Perez Cruz oso maitatua da Donostian, azken Jazzaldietan urtero izan baitugu bertan, beti egitasmo ezberdinetan, beti zirraragarri. Kantari katalanak iazko “Toda la vida, un día” diskoa aurkeztuko du honakoan. Rufus Wainwright ere izana da gurean, orain gutxi azken aldiz; honakoan baina, Donostian bakarka arituko omen da kanadar izarra. Bere aldetik, eta batzuk Arnaldo Antunes eta Carlinhos Brownekin batera Tribalistas egitasmoan parte hartzeagatik baino ezagutuko ez duten arren, brasildar musika izarrik nagusienetakoa da egun Marisa Monte, itzal eta eskarmentu handiko artista.
Donostiako Jazzaldian 76 zuzeneko dakartza aurten 12 oholtzatan, eta horietako 24 euskal taldeak dira, guk honako saioan jaramonik egin ez diegun arren. Gainera, guzti horietatik, 41 dira doako emanaldiak.
Jazza es beste musikei irekia izaten den Zurriola hondartzako eszenatokian, Les Amazones D´Afrique, Larkin Poe, Shinova eta North Mississippi Allstars taldeek joko dute, baita hurbilagokoak zaizkigun Izaro, Merina Gris, El Columpio Asesino eta Chill Mafia taldeek ere.
Guztien artetik bakarra entzun dugu saioan, Les Amazones D´Afrique. Mamani Keitak, Oumou Sangarek eta Mariam Doumbiak sortu zuten taldea 2014an, Malin, eta lehena da egun emakume supertaldean jarraitzen duen bakarra, oraingoan Benineko Fafa Ruffino eta Kongoko Alvie Bitemorekin batera. 2022ko “Musow Danse” dute azken lana.
.
Eta gainera
Uztaileko lehen jaialdia Getxo Jazz izaten da (aurten, uztailaren 3tik 7ra).
Stacey Kent izango da bertan jotzen. New Jerseyn orain 56 urte jaioa, AEBetan, estatubatuar kantariak “Summer Me, Winter Me” du azken lana, eta bertan, besteak beste, ingelesez eta frantsesez kantatzen du Brel-en “Ne me quitte pas”, eta Michel Legrand zein Antonio Carlos Jobim-en kantu bana ere berrirakurtzen ditu.
Gasteizko Jazz jaialdiak hartzen dio Getxori jazz ahaireen lekukoa, Donostiakoari pasa baino lehen (aurten, uztailaren 15etik 21era). Printzipal antzokiko egitarau beti interesgarrian, eta bi baino ez aipatzearren, Myra Melford Fire & Water Quintet batetik, eta bestetik Silvie Courvoisier piano jolearen eta Waldada Leo Smith tronpeta jolearen jardunak nabarmenduko ditugu, baina saioan, Mendizorrotzan joko duten artista biren kantu bana baino ez dugu entzungo.
Bata Joel Rossena, bibrafono jolearen boskoteak Cecile McLorin Salvant baino lehen joko baitu Gasteizen. Chicagon jaioa bada ere, New York hiriko jazz eszenako parte da Joel Ross estatubatuarra, Makaya McCraven eta beste askorekin lan egindakoa. Good Vibes bere laukote propioarekin lau lan plazaratu ditu Blue Note zigiluan, azkena aurten bertan, tartean Monk eta Coltraneren berrirakurketak dakartzan “Nublues”.
Bestea, Michel Camilo & Tomatito bikotearen azken egitasmotik hartu dugu. Jose Fernandez Torres gitarra jole flamenkoaren goitizena da Tomatito, Camarón de la Isla lagundu zuena kantaorea zendu zen arte. Eta jazz latinoaren izenik dirdiratsuenetako bat da Michel Camilo, dominikar Errepublikako piano jole sutsua. 2016an nabarmendua izan zen “Spain forever” diskoa plazaratu zuten elkarrekin, eta orain berriro elkartu dira, “Spain Forever Again” izeneko egitasmoan.
Bukatzeko, hiriburuetako jazz jaialdi erraldoietatik urrundu gara, han eta hemen goraipatzeko moduko ekimen andana izaten baita herri txikiagoetan ere. Elorrioko Musikaire dugu horietako bat (aurten, uztailaren 5etik 28ra). Bertan izango da uztailaren 19an, plazan eta doan, punk izpiritua duen Son Rompe Pera mexikar talde gozagarria -Donostiako Dabadaban jo eta biharamunean-, marinbak jo eta kunbiak jorratzea ezaugarri dituena.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
[Urpeko Bonbarda #131] Uztailean jazz