[Urpeko Bonbarda #128] Iaz euskaraz
[Urpeko Bonbarda #128] Iaz euskaraz –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 128. saioan eta 2023aren laburpenekin bukatzeko, iazko euskal diskorik azpimarragarriengan jarri dugu arreta, Badok atarian plazaratutako zerrendak oinarri.
Azken urteetan egin izan duenez, honakoan ere urteko uzta laburtzeko bi zerrenda eskatu dizkie Badok atariak hamaika musika adituri, hamar diskorik onenak biltzen dituena, batetik, eta hamar kanturik onenekin osatua bestea. Guztira hogeitabi zerrenda agertu dituzte, beraz, iritzi-emaileen artean bi emakume eta bederatzi gipuzkoar direla.
Iaz, bistan denez, Ibil bedi boskote nafarraren “Goldea” izan da argitaratu direnetatik diskorik txundigarriena, hamar zerrendatan izan baita aipatua. Bertatik entzun dugu “Erreminarena”, Amets Aranguren eta Ibai Osinagak idatzi ez duten bakarra, Eider Rodriguezenak baitira hitzak.
Zerrendarekin aurrera eginda, zazpi aipamen izan ditu Lisabö taldearen “Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte” itzulera ospatuak, eta bost Tatxers iruñear hirukotearen album homonimoak. Bakoitzetik kantu bana entzun dugu.
Gainontzeko hauek launa aipamen izan dituzte: Iban urizar aka Amorante jaunaren “Harri Herri Har”, Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary hirukotearen Bas(h)oan egitasmoaren bigarren lana, eta Sara Zozaya bakarlariaren “Nara”. Kantu bana entzun diegu hirurei.
Badokeko zerrendetan sei diskok jaso dituzte hiru aipamen, eta guk bi hautatu ditugu bertatik; Ana Arsuaga tolosar artistaren Verde Prato egitasmoaren “Adoretu” diskoko “Ahizpak” saioa bukatzeko, eta Ianire Aranzabe altzagatarraren Esanezin musika egitasmoaren “Erretratu bat” diskoko “Oraindik”.
Bi aipamen jaso dituzten iazko diskoak hamairu izan dira, baina Urpeko Bonbardan bi baino ez ditugu entzun honakoan, berezi samarrak biak ala biak: Nakar laukotearen estreineko “Lore ta laban” diskoari izenburua ematen dion kantua, eta -GAILU andoaindar hirukotearen “Autosuntsipena hasia da, 3, 2, 1… znort!” iazko laneko “Euzko polizia”. Eta beste bi talde aukeratu ditugu aipamen bakarra jaso duten 30 talde eta bakarlarien artetik entzuteko: Baga, Eire zumaiar bikotearen “Zauriren bat bistan” laneko “Gorputz guztitan”; eta biga, Sei Sega taldearen “Bilbo eta euria” lanari izenburua ematen dion kantua.
Harrigarriro, salmentetan eta zuzenekoetan arrakasta itzela ei dutenetako batzuk, Zetakek, Izarok eta Bulegok, berbarako, oso presentzia gutxi izan dute aipatutako Badokeko zerrendetan. Eta jada gitarra taldeak erabat nagusi ez badira ere, nabarmendutakoen artean ez da oraindik autotunero askorik ere.
Kontuak kontu, hamar diskoko hamaika zerrenda argitaratuta, zer eta 56 disko izan dira aipatuak lan onenen atalean, eta… 98 kantu abestirik onenenean; tumatxa!
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #128] Iaz euskaraz