[Urpeko Bonbarda #126] 2023a herri musiketan
[Urpeko Bonbarda #126] 2023a herri musiketan –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 126. saioan herri musiketako iazko lanik azpimarragarrienetako batzuk dakartzagu, 2023aren laburpen modura.
Bidaia soniko bat egin dugu urtea ondo hasteko, eta Gabriela Martina suitzar yodel kantariarekin abiatu dugu saioa, Tirol partean. Asiara jo dugu gero, Indiako egungo musikaririk bikainenetako batzuk Charlton Lee biola joleak gidatzen duen Del Sol Quartet hari laukotearekin egin duten elkarlana ezagutzeko, “The Resonance Between”, non Alam Khan jaunak saroda eta Arkun K. Verma jaunak sitarra jo duten. Eta hasi bezala bukatzeko, Enji mongoliar kantariarekin itxi dugu saioa; “Ulaan” du azken lana, iazko onenen zerrendetan jazz atalean ere aurki dezakezuna.
Gainontzean, Afrikatik Amerikara eta Amerikatik Afrikara gira-biran ibili gara saio osoan zehar, eta hegoalderantz begira, batez ere.
Afrikartzat jo dugu Carmen Rizzo eta Meriem Ben Amor musikarien Didon egitasmo tuneztar kanadarra, arabiar erritmo tradizionalak uztartzen baititu elektronikarekin, “Tunisian Tale” diskoan.Debo Band gidatzen duen Da Mekkonnen, AEBetan bizi den saxofoi jole etiopiarraren bakarkako egitasmoa da Dragonchild, bere sustraietara begiratzen duena soinu elektronikoak eta Sunken Cages ekoizlearen laguntzarekin. Sangit israeldar ekoizleak ere Afrikara begiratu du “Ooroo” plazaratzeko -urrea, banbara hizkuntzan-, eta makina bat kantariren laguntza izan du ahotsetan. “Tefi Cabara” kantuan, berbarako, Sadio Sidibe maliarrarena.
Bere azken lanean Laoseko bizitasuna eta bertan bogan diren soinuak jasotzen saiatu den Leke Awoyinka nigeriarra da, eta Ekiti Sound du izen artistikoa. Nigerreko Bombino gitarra jole trebeak bere tuareg herriari gorazarre egin dio zazpigarren lan luzea duen “Sahel” diskoan. Azken hiru hamarkadetan hamabost lan plazaratu dituen Baaba Maal senegaldarrak inoizko diskorik dibertigarriena plazaratu du, “Being”, 69 urte bete dituen honetan. Eta Bokani Dyer hego afrikar piano jole trebeak jazz zerrendetan ere goraipatu den “Radio Sechaba” plazaratu du joan berri den 2023an.
Afrikarrak labur aipatuta, nabarmendu gura izan ditugun amerikar musikariak aurkeztuko ditugu: Mabi Fratti biolontxelo joleak Hecctor Tosta, aka I. La Catolicarekin Mexiko Hirian sortu duen egitasmoa da Titanic. Berlinen bizi den peruarra Sofia Kourtesis, “Madres” zirraragarria aurkezgai duena. Eta Salvador Bahiatik datorren brasildarra Lucas Santtana, bertako tropicaliaren oinordekoa.
Guzti hauekin osatu dugu gaurko bira, izerdi patsetan dantzan.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda] 2023an zenduak