[Urpeko Bonbarda #114] Joandakoa

[Urpeko Bonbarda #114] Joandakoa –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 114. saioan, Wayne Shorter jazz musikaria omendu gura izan dugu.

2023ko martxoaren 2an zendu da Wayne Shorter saxofoi jolea, 89 urteko jazz erraldoia, gaztetan “Mr. Gone” goitizenarekin deitzen ei zutena, beti beste nonbait zegoela ematen zuelako.

Art Blakey perkusio jolearen Jazz Messengers taldeko partaide izan genuen; Miles Davis tronpeta jolearen boskoterik bikainenean parte hartu zuen -Herbie Hancock, Ron Carter eta Tony Williams-ekin-; talde propioarekin maisulanak plazaratu zituen Blue Note zigiluan; elkarlanak egin zituen pop eta rock izarrekin -Joni Mitchell, berbarako-; Weather Report jazz fusio taldeko sortzaile izan zen -Joe Zawinul-ekin batera- eta XXI. mendeko jazz laukoterik zirraragarrienetako bat eratu zuen. Erraldoietan erraldoi, jazzak izan duen inoizko konposatzailerik itzaltsuenetakoa izan da Wayne Shorter.

[Urpeko Bonbarda #114] JoandakoaAipatutako guztiaren gainetik baina, sei hamarkadako ibilbide luzean Wayne Shorter geldiezinak izan zuen sortzeko grina azpimarratu behar da, ezohiko kontua baita. Bertan goxo egotetik eta betikoa egitetik urruntzen saiatu zen beti saxofoi jolea, beti fresko, garaian garaikoa joz.

Gizonak 2018an utzi zituen oholtzak, makal samar zebilela eta, baina ordutik “Iphigenia” deituriko opera bat ontzen ibili da Esperanza Spaldingekin batera, 2021n estreinatu zutena; pentsa!

Asko dira Wayne Shorterrek konposatu ostean jazz standard bihurtu diren piezak, “Footprints”, berbarako.

.

Donostia Jazzaldia Saria

Wayne Shorter 1933ko abuztuaren 25ean jaio zen New Jerseyn, AEBetan. Klarinetea hasi zen putz eta putz, baina saxofoi tenorrera aldatu zen goiz. John Coltraneren itzala saxofoi jole gazteen artean itzela zela, Shorterrek estilo propioa garatu zuen, esaldi laburragoekin eta tonu lodiagoarekin, nolabait esateko. 

2007an Donostia Jazzaldia saria jaso zuen saxofoi joleak, eta 2017an Kursaalean jo zuen laukote kolosala osatuta, Danilo Perez (pianoan), John Patitucci (kontrabaxuan) eta Brian Blade (baterian) musikariekin. Gizonak azken muturreraino eraman zuen sorkuntzarekin hartua zuen konpromisoa.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #114] Joandakoa

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!