[#Podcastfilia] Radio Atlas, nola ulertu hitz egiten ez duzun hizkuntza bat
[#Podcastfilia] Radio Atlas, nola ulertu hitz egiten ez duzun hizkuntza bat –
Tokian tokiko hizkuntza baten aldeko apustua egitea ate bat ixtea izaten da askorentzat. Ahalik eta jende kopuru handiagoarengana iristeko aukera dela sinetsita, ez dira gutxi hiztun gehien dituzten hizkuntza unibertsalak erabiltzen dituztenak sortzeko, lanerako, aisialdirako… finean, kanpoko munduari hitz egiteko. Konturatuko ote ziren, bada, irabazi bezainbeste galdu ere egiten dutela?
Guk euskaraz egiten dugu Euskal Herrian, eta zorionez bada jendea Pitjantjatjara hitz egiten duena Australian, baita Indian Marathia ere. Hiztun horiek sustraietatik zabaltzen dituzte adarrak mundura, alderantziz ezin baita.
Radio Atlas izeneko nazioarteko Podcast bilduma aurkeztu nahi dizut. Bertan, mundu osoko Podcast saioak topatuko dituzu, hizkuntza edozein izanik ere, aukeraketa edukiaren arabera egiten baitute -asko irrati eta audio sariketetan nabarmendutakoak dira-.
Podcast bilduma honen berezitasuna da pieza bakoitza itzuli egiten dutela -ingelesera- zinean bezalaxe, jatorrizko hizkuntza mantendu eta azpitituluak erabilita. Hortaz, saioak bideo formatuan “entzuten” dira. Azken puntu horretan eztabaida piz daiteke: hasierako sorkuntza audiogintzaren barruan sailkatzen jarraituko al genuke elementu bisual bat gehitu bazaio ere?
Hona hemen adibide bat. Palestinakoa da audio lan hau, Tala Elissa izeneko Podcast ekoizlearen kontaketa. Estaturik gabeko nazioen testuinguruan kokatuta, nazio estatu kontzeptuaren inguruko hiru alternatiba jaso ditu atal honetan.
Askotarikoak izan daitezke audio piezak. Erreportaje berritzaileak, fikzioa, edota audio arte lanak. Podcast saioak herrialdez herrialde aukeratzeko parada ere ematen du webguneak.
Egiari zor, esfortzua eskatzen du horrelako zerbait kontsumitzeak, are gehiago ingelesez (azkar) irakurtzera ohituta ez bagaude. Mugatua ere bada, toki finko batean, pantailari begira, egotea eskatzen baitu. Hala eta guztiz ere, hain da ederra hizkuntza bakoitzaren berezitasunez jabetzea, deskubritzea bakoitzaren soinuak, espresioak, erritmoak, melodiak… esperimentatzeagatik bakarrik merezi duela.
Guztiok konpartitzen dugun unibertsoaren barruan bizi diren munduak gertuago sentitzeko aukera duzue Radio Atlas. Teknologiak eskaintzen dizkigun erraztasunen beste adibide bat. Gure hizkuntzan mundu guztiari hitz egin ahal izatea ere garapena baita.
Fitxa teknikoa:
Izenburua: Radio Atlas
Ekoizlea: Radio Atlas
Generoa: Askotarikoa
Sinopsia: Mundu mailako hainbat herrialdetako audio lan bereziei ingelesezko azpitituluak gehitzen dizkion gunea da. Edozein hizkuntzatan sortutako Podcastak entzun eta -ingelesez- ulertzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua.
[#Podcastfilia] Radio Atlas, nola ulertu hitz egiten ez duzun hizkuntza bat