[#Podcastfilia] Podcastgintza (ere) feminista izango da edo ez da izango
[#Podcastfilia] Podcastgintza (ere) feminista izango da edo ez da izango –
Podcastgintzan (ere) gehiengoa gizonezkoa da. EGMren azken azterketaren arabera, online entzuleen perfila honakoa da: gizonezkoa, gaztea, erosteko ahalmen handikoa eta goi mailako ikasketak dituena -zuria, noski-. Egileen artean ere nabarmentzen direla zuk zeuk egiazta dezakezu. Errepasatu podcast saio arrakastatsuenen zerrendak eta zenbatu, besterik ez duzu egin behar.
Sorgin gurpila da arestian aipatutakoa, hertsiki lotuta baitaude sortzen diren edukiak eta entzuleen perfilak. Kontsumitzaileak bere interesen arabera eduki bat edo beste aukeratuko du, are gehiago egungo merkatu zatikatu honetan, zeinak sortzailearen egiteko moduak baldintzatuta dauden. Hots, gizon zuriak errazago identifikatuko dira gizon zuriek jorratzen dituzten edukiekin. Baina, non gaude gainontzeko guztiok?
Nik ere nahi ditut gertu sentituko ditudan edukiak kontsumitu. Nik ere nahi ditut nire bizipenak kontatu eta emakume* gehiago nirekin identifika daitezen.
Horregatik guztiagatik, jarri nahi dut lehen lerroan Kaitlin Prest. Boterea eta maitasuna esploratzen ari den audio artistatzat du bere burua, magoa ere izan zitekeen, ederki moldatzen baita berak sentitutakoei hitza jarri eta entzuleok berriz ere bizi ditzagun giroak sortzen. Prestek esana da: “Eduki sortzaile gisa beti galdetu ohi diot nire buruari nola kontatuko niokeen entzuten ari denari nik beste norbaitek musukatu nindunean sentitu nuena, gero berak gauza bera senti dezan eta gainera, interesgarri egin dakion”.
Berak zuzendutako lan bakoitza ziztada bat da; testigantza zein hots gordinak baliatuz, entzulea istorioan harrapatzeko gaitasuna du, emakume askok intimitatean gordetako errealitate gordinaren eztena erraietara sartuz. Aztertu ditu ezetza, sexu jazarpena, sexualitatea, maitasuna… fikziotik nahiz dokumentaletik, nola komediatik hala tragediatik, begirada queer eta feminista beti zorrotz.
Edukien mailagatik ez ezik, soinua ere ederki zaintzen dute Prest eta lantaldeak. Hala berresten dute jasotako sari eta izendapen ugariek. Orain, proiektu berria dute eskuartean: Mermaid Palace. Audio artea landuko dute, hainbat diziplinetatik, hala nola, performanceak, fikzioa edota ikus entzunezkoak. Normak zalantzan jarri eta identitate anitzentzat tokia aldarrikatzen jarraitzeko.