[#Podcastfilia] Nola egin da Euskal Gaizkileak?
[#Podcastfilia] Nola egiten da Euskal Gaizkileak? –
Amaitu berri da ZuZeu Podcastek, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin batera, ekoitzi duen lehen fikzio podcasta: Euskal Gaizkileak seriea. Zortzi kapituluk osatutako bilduma entzungai duzu zure audio plataforman. Gaurko podcastfilian berau nola egiten dugun azalduko dugu; gidoigintzatik hasi eta argitaratu arte.
…
Emaitza borobil ororen atzean zer ezkutatzen da? Lan mardula, dedikazioa eta profesionaltasuna. Horren adibide da Euskal Gaizkileak Podcast saila. Lan talde ederraz, elkarlana baliatuz eta entzuleen babesaz egina.
Beñat Hach Embarek (ZuZeu), Xabier Alkiza (BIEUSE) eta Iñigo Etxarrik (IN Estudioa) emango digute, xehe xehe, hasieratik amaierara, prozesu osoaren berri .
GIDOIA, DOKUMENTAZIOA eta ZUZENDARITZA | BEÑAT HACH EMBAREK (ZUZEU)
Gidoiak idazteko, batez ere, dokumentazio lana egin duela kontatu digu Hach Embarek saioaren zuzendariak. Aurretik eginda zegoena jaso eta barneratu du, alegia. “Lan batzuk aurreratuta zeuden, ZuZeun dagoeneko hasia genuelako lan hori. Sarrera batzuk idatzita zeuden izen bereko Euskal Gaizkileak atalean. Oinarri hori hartuta, gehiago irakurri, ikertu eta galdetu ostean idatzi ditut gidoiak”.
Sarean eskuragai dagoen edukia baliatu du gehienbat gidoigileak. Hala ere, badira han eta hemen podcastean kontatu istorioetan aditu direnak eta haien atea ere jo du Hach Embarekek. ‘Berdabioko atea’ atalean, esaterako, “Patziku Perurena idazleari ‘Goizuetan bada gizon bat’ liburuaren karietara egindako elkarrizketa batetik datu asko atera ditut”. ‘Bereterretxen heriotza’ kapitulurako, bestalde, Patri Urkizu idazleak lagundu dio; “Euskal Herrian gertatutako krimenaren inguruko baladak, urkabera kantak, konplaintak…asko ezagutzen ditu Urkizuk”. ’14 heriotzak’ idazteko gaian dezente ikertu duten Bertol eta Modesto Arrieta Zarauzko aita semeekin jarri da Hach Embarek harremenetan. Haiek gaiaren inguruko beharrezko dokumentazioa eskaini diote; epaiketako deklarazioak, besteak beste. “‘Estudiante kondenatua’ izan da, zalantzarik gabe, zailena. Xabier Kaltzakortaren ‘Euskal Baladak’ liburuan zerbait jaso ahal izan nuen, baina istoriaz beraz ez dago ia ezer”. Fikzio dosi handiena duen kapitulua dela aitortu digu gidoigileak. Azkenik, ‘Belateko lapurrak’ atala idazteko, Mikel Taberna idazleak lagundu dio eta Joxe Mari Iribarrenek idatzitako ‘Los Bandidos de Lanz’ liburua erabili dute dokumentatzeko.
Gidoiak irakurriz interpretatuko direla kontuan izanda ekin dio Hach Embarekek benetako gertakarietan oinarritutako fikziozko istorioak sortzeari. Elkarrizketak, narraitzailearen kontakizunak eta giroak asmatu ditu, besteak beste.
Behin hori bukatuta, eta ingurukoek beharrezko zuzenketak eta hobekuntzak eginda, gidoiak Xabier Alkizaren eskuetara pasa dira.
BIKOIZKETA ZUZENDARITZA | XABIER ALKIZA (BIEUSE)
Bi lan mota bereizi ditu Alkizak: bata administratiboa, bestea artistikoa. Lehen multzoari dagokionean, ezer baino lehen, testuak aktoreek erabiltzeko moduan egokitu ditu. “Gidoia atril batean irakurterraza izan dadin”, letra mota, lerroartekoa eta pertsonaien izenak moldatu ditu, baita interbentzio* guztiak zenbakitu ere; “Modu horretan, prozesua azkartu eta audio teknikariari lana errazten zaio edizioan, interbentzio bakoitzak zenbaki bat izaten baitu”. Pentsa, “50-60 pertsonaiatik gora interpretatu ditugu 8 ataletan eta kapitulu bakoitzeko 200 interbentzio inguru grabatu“.
Jarraian, aktore bakoitzaren disponibilitate zein ahotsaren gaitasunaren arabera, errepartoa osatu du Alkizak. Hor hasiko da lan artistikoa. Bakoitzaren perfilaren arabera esleitu dio pertsonaia bat edo beste; “badakizu zer eman dezakeen aktore bakoitzak, ezagutzen baitituzu. Oso gauza pertsonala da, esperientziak ematen dizuna”, kontatu digu bikoizketa zuzendariak.
Audio fikzioaren barruan sailkatuko genuke Euskal Gaizkileak eta horrek “malgutasun handiagoa” eman dio Alkizari, audiogintza izanik, ahotsa baita kontuan hartu beharreko ezaugarri nagusia, itxura fisikoa albo batean utziz. “Ez dago ahotsaz besteko mugarik. Areago, ikusi gabe, imajinazioa gehiago erabil dezake jasotzen duenak”.
Istorioak ikasi, ulertu eta barneratu ere egin behar izan ditu bikoizketa zuzendariak. Aretoko lanean, begiak eta belarriak zorrotz, aktorearen interpretazio onena lortu ahal izateko.
GRABAKETA, EDIZIOA, GIROAK, MUSIKA ETA NAHASKETAK* | IÑIGO ETXARRI (IN ESTUDIOA)
Hain zuzen, aretoko lanari ekitean hasiko da Iñigo Etxarri soinu ingeniariaren lana. Aktoreak banan bana grabatu eta interbentzio bakoitza dagokion zenbakiarekin gordetzea da oinarria. Ahotsak grabatzeko bakarrik, 10 bat saio behar izan dira.
Horren ostean, edizio lana dator. Hasteko, grabatu bai, baina balio ez duten soinu eta hutsune guztiak ezabatu behar dira, gero, aipatutako numerazioaren arabera, esaldi guztiak gidoiaren arabera dagozkion tokian jartzeko. “Elkarrizketak ez dira aktore batekin baino gehiagorekin grabatzen, alegia, bakoitzak bere pertsonaia bakarrik lokutatzen du eta gerora sortzen dira elkarrizketak”. Hain zuzen, “bertan finkatzen da narrazioaren erritmoa. Hori normalean nik zehaztu dut, nire kriterioaren arabera. Garrantzitsua da, erritmoak markatzen baitu entzulearengan sortu nahi duzuna”. Etxarrik gehitu du, eszenen artean tarteak uztea ere komeni dela, “aurrerago sortuko dugun musikari toki egiteko”.
Ekualizazio eta bolumen aldetik ahotsek antzekotasun bat eduki dezaten, denei soinu berdintsua bilatzea ere edizio lanaren barruan sartzen da. “Mikroaren norabideak jada desdoitzeak eragiten ditu, nahiz eta aurretik aktore bakoitzaren ahora -altuerara- egokitzen diren. Bakoitzaren ohiturengatik, posturengatik… aldatu egiten dira nibelak, baita interpretatu duen pertsonaiaren arabera ere -gehiago edo gutxiago proiektatuko duelako ahotsa-“. Berezitasun gisa, kontatu digu, narratzailearen ahotsa ezberdin tratatzen dela: “Presentzia handiagoa ematen zaio, konpresio puntu handiagoarekin eta reberra aldatu gabe”.
Jakin badakigu, ahotsak ezberdin entzuten ditugula kanpoaldean edo barrualdean, espazio txikietan edo handietan. Bada, hori ere egokitu egin behar da; espazioan kokatu, girotu eta sortu: “Eszena mendian, baserrian, zelda batean, itsasontzi batean… kokatzeko, esate baterako, txorien txorrotxio, haize, hosto edota itogin hotsak gehitu behar zaizkio lehendik geneuzkan ahotsei, behar bezala ekualizatzeaz gain”. Hori guztia, istorioa kokatuta dagoen garaia kontuan izanda, noski. Behin hori eginda, reberra ezarri behar zaie ahotsei, bakoitzari dagokiona.
Efektuen txanda, jarraian. Momentu zehatzetan erabiltzen diren soinuak dira eta ahotsez adierazitakoa indartzeko balio dute. Adibidez, ireki eta isten diren ateak, hautsitako edalontzi bat, gorpu baten erorketa… Horrez gain, pausuak ere sortu behar dira. “Tontakeria bat dirudi, baina niri behintzat asko laguntzen dit, begiak itxita, istorioa entzuterakoan eszena imajinatzen. Pausuei esker jakin dezaket pertsonaia nondik nora ibiltzen ari den, zein distantziatan dagoen eta baita zein lur zapaltzen duen ere. Ez baita gauza bera basoan hosto gainean ibiltzea edo egurrezko zoruaren gainean. Pausuek, ahotsek bezala, intentsitate bat edo beste hartuko dute pertsonaiaren arabera. “Gidoiak agintzen du hor”, dio argi eta garbi Etxarrik; “ahotsek pista asko ematen dituzte (haur, heldu, gizen, argal…)”, gehitu du, “baita oinetakoek ere. Abarkak edo soldaduen botak jantzita, oinkada aldatu egingo da”. Arropak ere grabatu ditu soinu ingeniariak. Alegia, pertsonaiaren jantzi eta gorpuzkera imajinatzera eramango gaituzten oihalen marruskadura. “Aipatutako honek guztiak errealago egiten du kontakizuna”, izan ere, kontuan izan, aktoreek ahotsa bakarrik jartzen dutela, gainontzeko guztia sortu egin behar da*.
Musikari erreparatuta, Euskal Gaizkileak podcastean topatuko dituzun pieza guztiak originalak dira, Iñigo Etxarrik konposatu ditu. “Musika klasikoan erabiltzen diren instrumentuak erabili ditut, orokorrean. Batzuei gaur egungo ukitutxo batzuk gehitu dizkiet intrumentu birtuez, sintetizadoreez, lagunduta”. Entzuleek musika bat pertsonaia edo giro jakin batekin lotzea helburu, LeitMotiv*-ak erabili ditu Etxarrik: “Doinu bera egoera batean baino gehiagotan erabili ahal izateko, instrumentu diferenteak erabili ditut, baita elementu kopuruarekin edo erritmo azkartasunarekin jokatu ere”.
Bada, dagoeneko mahai gainean daude beharrezko elementu guztiak. Nahas dezagun dena! Sukaldean bezala, orduan jabetuko gara zerbaitek presentzia handiagoa edo txikiagoa behar ote duen, “momentu horretan ikusiko da sorkutzak funtzionatu duen edo ez”, kontatu digu audio ingeniariak. Masteringa egin ostean, artxiboa ZuZeuko erredakziora bueltatu da, bertan, Podcast plataforma guztietan zein webgunean edukia zabaldu eta bero-bero zuengana irsteko.
Espero al zenuten hau guztia? Orain badakizue zergatik zaudeten Euskal Gaizkileen sarean harrapatuta. Nire gomendioa: jarri kaskoak eta erreparatu detaile bakoitzari; garaian garaiko erreferentziak identifikatzetik hasi, aktoreen interpretazioa aztertu eta arretarik jarriko ez bazenio antzemango ez zenituzkeen hotsak harrapatu. Kapitulu guztiak entzun dituzuenok ere egin ariketa, seguru elementu berri asko deskubrituko dituzuela!
…
* Interbentzio: Aktore baten esaldia hasi eta hurrengo esataria sartu arteko tarteari deritzo.
* Pro tools izeneko programa erabili du Iñigo Etxarrik grabaketa, edizio, giro, musika eta nahasketak egiteko.
* Lan honi, zineman, foley-a deitzen zaio. Foley: Pelikula bateko grabaketan bertan grabatu ez diren hotsen rekreazioa.
* Leitmotiv: pertsonaia, egoera, sentimendu… bati lotutako melodia.