[#Podcastfilia] Motherhood Sessions, amatasuna hizpide
[#Podcastfilia] Motherhood Sessions, amatasuna hizpide –
Ama izatea zaila da. Mundu guztiak daki hori. Are gehiago, bizi garen gizarte patriarkal honetan, zeinetan, dena errazagoa baiten aita baldin bazara. Emakume bakoitzak bere modura bizi du amatasuna, eta normalean nork bere baitan gordetzen ditu ama izatearen zurrinbilotik sortutako hausnarketa, arazo eta kezkak. Lorik gabeko gauez eta ohitura aldaketez gain badira ama izatearekin batera doazen identitate aldaketa sakonak ere. Big bang psikologikoa da eta oso zaila da arazo eta aldaketok azalera ekartzen dituen solasaldi zintzoak inon entzutea. Hortara dator gaur gomendatuko dizuedan podcasta.
Alexandra Sacks medikuak zuzentzen du Gimlet Media podcast sareak ekoizten duen ‘Motherhood sessions‘ podcasta. Bertan amekin eseri eta beraien kontakizun eta eguneroko kontuak entzuten ditu. Psikologo baten bulegotik at entzuten oso zailak diren istorioak dira. Kapitulu bakoitzean emakume baten arazoak edo galderak jarriko ditu jopuntuan Sacksek, elkarrekin arazoaren irtenbidea edo galderen erantzuna topatu arte.
Askotariko gaiak
Biologiak inporta du? Aiton amona toxikoei nola mugak jarri? Osoa sentitzen zara haur bakarrarekin? Posible da guraso izatea zure bikote ohiarekin? Hauetxek dira landu dituzten gaietarik batzuk. Guztiak ere bizitza errealeko esperientzietatik abiatuta.
Bikote gabeko ama izateaz
Azken kapituluan esaterako, bikoterik gabeko ama izatea zer den landu dute Alexandra Sacks eta Joni protagonistak. Jonik, 40 urte beteta, bakarrik haur bat izateko erabakia hartu zuen. Orain 7 hilabete ditu bere alabak, eta bakarrik ama izatearen esperientziaz hitz egingo du. (Entzun)
Izenburua: ‘Motherhood sessions‘
Ekoizlea: Gimlet Media, Alexandra Sacks
Generoa: Amatasuna, Bizitza
Sinopsia: Kapituluro emakume batek amatasuna eta haren ertzak mahai gainera ekarriko ditu, Alexandra Sacks doktorearekin galderei erantzun eta arazoen irtenbideak topatzeko.
Entzun: