[Makarrizketak] Bertsgol

Bertsgol –

Oihana Bartrak badaki emakumezko zein gizonezko futbolariek berdin kobratzen dutela, eta mutil guztiok garbitzen dugula etxeko komuna (ironia ninja nibelean), eta gai horiek gaindituta daudenez, bertsolaritzaren eta futbolaren artean driblatzen hasi da bertsolari santutxuarra.

Bertsolari aldizkariak Makarrizketak podcasta estreinatu zuen iaz, eta honakoa izan zen hirugarren alea. Harrera beroa jaso zuen argitaratu zenean, eta hainbat irratitan emititu zen.

Hitz egin dezagun eskolako patioko futbolaz. Neskek Spice Girls-en kasete bat jartzen zuten eskolako musiko ekipoan, eta bozgoragailuetatik entzuten zen jolastoki osoan. Helduenek gazteenak antolatu, ilaretan jarri, eta niri harrigarriak iruditzen zitzaizkidan koreografiak egiten zituzten. Baina niri begirada haiengana joaten zitzaidan arren, ba ez, nola ba, mutilak futbolean jolasten genuen. Eskolako zaharrenek  kontrolatzen zuten jolastokia Salvadorreko mara baten gisan, eta legeak garbi zeuden. Taldeak haiek aukeratzen zituzten, eta denentzat beti ez zegoenez tokirik, ba jolastordu ugari jokozelaiari begira igarotzen genituen, norbait atera eta gu sartuko gintuzten esperantzan. Eta bitartean neska denak dantzan. Etsigarria, benetan.

Ez ninduten askotan aukeratzen futbolerako, txar samarra nintzela ohartzen hasia nengoen, edo horretaz konbentzindu ninduen inguruak, are eta arazoaren muinarekin topo egin genuen arte: miopia neukan. Miopia dezente. Dioptria asko. Betaurrekoak jarri eta munduak nik uste baino pixel gehiago zituela konturatu nintzenean, jakin nuen, besteak beste, jolastokiko panorama zeharo aldatuko zela. Hurrengo egunean jokozelaira jauzi egin eta Maradona sentitu nintzen. Futbolean oso ona izan gabe jarraitzen nuen, baina ez nituen begiak egun osoan itxi. Beno, eta konponbide batek beti dakar albo kalte bat: anteajuak hausteko beldurra.

Ondoren Oihanak aipatzen dituen eskola futboleko legeen haritik tiraka (trallorik ez, botilaren legea, edo segadak ilegalak dira artxintxarrezko futbol zelaietan denok sufritzen dugulako) bazen bat, bizitzaren hainbat eremutan aldaera ezberdina hartu ahal dezakeena: langaren altuera subjektiboaz ari naiz, noski. Zeren eta bi aldamenetara jarritako jertseek zutoinak markatzen zituzten, eta nahiz eta tarteka eztabaidak sortu ahal ziren, alegiazko linea nahiko garbi geneukan denok. Baina langarena? Hor alde bakoitzaren interesak sartzen ziren, eta atezaina hor ibili behar izaten zen, hankapuntetan jarri eta besoa altxatuta, inguruan dozena bat lagunek suharki hitz egiten zuten bitartean.

Eta Maradona zer? Zerzenber. Kuriositate gisa aipatu nahi nuke Oihanak audioa grabatu zuenean barrilete kosmikoa bizirik zela oraino, eta emititu genuenerako ez.

Oihana bertsolari oso fina iruditzen zait, baina hurrengo BECeko finalera iristen ez bada, mesedez, jar dezatela bera saioko esatari ETBn.

Bertsgol

Arg: Fabio Venni (Flickr)

Bertsgol

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.