Inprobisazioaz bi hitz – Mixel Etxekopar

Inprobisazioaz bi hitz –

Bertsolari aldizkariaren Makarrizketak podcastean Mixel Etxekoparrek egindako ekarpena.

Anai arrebak ez otoi pentsa neure gustora nagonik… Hitz hauen entzutean gutar anitzek gogoan dukete une eta gune zehatz bat. Ez dakit Xalbadorrek une eta gune hartan begian makar edo nigar zuen “makarrizketan” hasi zenean, milaka entzuleren xistuek bota haizearen kontra.

Nik behintzat, bertsolari ez naizen aldetik makartsu daukat gogoa, haurtzaroan begia llapartsü neukan bezala eskolara joan aitzin. Berantegi jeiki, beranxko heldu, erakaslea zain eta zerbait atera behar, hitz laxo baina ez lasaian, huts ala kausi.

Biziak egunero dakar halako egoera, “ale, bota!”, bat batean, tanpez, tipus tapastean, kiskun kaskun, krakez, zerbait atera behar. Edo gure kasuan zerbait “artera” behar. Artea baitugu alabaina, bilatzen dugun argi hori, zauriak lore bihurtzen dituena, bizitza bera artea baino ederrago egiten duena! (…)

Musikari naizen aldetik ikara, dardara, durduza hau dut maite, bertsolaritzan bezainbat musikan ere. Kolokan ezpiritua, kolokan zangoak, zerbait errun beharra eta zu… goruntz begira. Hor bai zer edo zer gerta daiteke. Ez. Bai ala bai gertatzen da, baina nehork ez daki, entzuleak ez emaileak berak ere. “Arriskua hor dagoenean, orduan bai egia pilpiran” erran zuen margolari batek. Egiaren sentsazio hau dut sentitzen zenbaitetan, anitzetan ere, ez beti baina bai, bertsolaria kantan hasi aitzineko ixtantto eternala hortan. Sentipen hori ber bera dut lau katuren aitzinean bertso bati erantzun behar dudanean, daldara berdina ere musikan hasi behar dudanean, bat batean, bakar-makarrizketan edo lagun batekin inprobisazioan. Gogoan dut ene lagun François Rossé piano jotzaileak deitu ninduenean gu bien arteko lehen emankizun proposamena egiteko: “Mixel nahi al duzu kontzertu bat eman nirekin, Bordelen, urtarrilean?” Nik tanpez “bai”, eta segidan “baina zer joko dugu elkarrekin?” Hark orduan: “hori gero jakinen dugu!” Eta harekin hala izan da beti, entsaiorik ez, paperik ez, hasi eta adelante carretilla! Egun hartan bai iduritu zait bertsolariaren bakar-makardadea sentitu nuela. Kontzertu aitzinetik bai eta geroztik ere funtsean, hura bera bilatuz. (….)

Zeren musikaria bezain bertsularia ere gorde, disimulatu daiteke bere teknikaren gibelean, eta behar orduan xakur hezia bezala berea ateratzen, garbi, garbiegi agian. Behin kontserbatorio buru bati entzun nion inprobisaketa zela norbere ekipajea ur batzeterrean utzi eta urera jauzi. Nik erantzun nion ausardiaz, bat batean, enetzat alderantziz zatekeela, ekipajea urera bota eta ibiltzen jarraiki…

Gure etxean bizi diren bi migratzaile gazteek biga bostetan hauxe bera egin behar izan zuten beren bide luzean, zaukaten apurra utzi, eta aitzina ahal bezala, esku huska. (…)

Inprobisazioan hala sendi dut, hitzetan, musikan, elkarrizketan ere berdin, proba eta emaitza bat daudela, Uxue hitzen jostun finak dion legez. Orratza haratago emanez, azkenean, proba emaitza da,  eta emaitza bera… proba.

Bizitzan ere halaxe da, azken proba handiraino bederen!

Grazia hori hunkitzen edo behintzat bilatzen balinbada, salda badago. Behin Michel Portal Baionako musikari apartari galdetu zion bere bapateko lagun mina den Bernard Lubatek:

“Zer da hiretzat inprobisazioa?” Portalek krakez, deblauki, ahoan bilorik gabe hauxe:

“Inprobisatzea da ene bizitzaren une bakoitzeko lana.” Eta serio zen mutila.

Nik ere zenbat aldiz ez dut entzun, eta batzuetan lagun berezituen ahotik:

“Hik aisa duk, dena inprobisatzen duk!” Azkenean konplimendu gisa hartuko dut, emaitza-proba hori errex-aisa-ehi iduritzen bazaio, hobe! (….)

Anai arrebak ez otoi pentsa / neure gustura nagonik

Baina boztario bila nago / ikara hortan egonik…

Eta jakin zazue xistuka hasten bazarete

Erantzunen dudala… xistuka ere!

Azken agur gisa, eta hau segretua, zu eta nire artean, ez dadila atera Gotaineko plazan: uste dut aitamek…  inprobisatu nindutela…

Ixo! Beste behin kondatuko dizuet!

Inprobisazioaz bi hitz

Inprobisazioaz bi hitz Inprobisazioaz bi hitz Inprobisazioaz bi hitz

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.