[Urpeko Bonbarda #097] Hiltzailea
[Urpeko Bonbarda #097] Hiltzailea –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Larogeita hamazazpigarren saioan, rockanrollaren aitzindari Jerry Lee Lewis piano joleari eskaini diogu saioa, zendu berria dela-eta.
Laurogeita hamazazpigarren saioan, 2022ko urriaren 28an, eta 87 urte zituela, hil zen Jerry Lee Lewis jaunari monografikoa eskaini diogu, rockanrollaren aitzindarien artean bizirik zen bakarra zelako. Saioa osatzeko, gainera, Itziar Ugarte kazetariak Berria egunkarian idatzi izan dugu ardatz.
Bere emanaldi kaliputsuetan agertu zuen suhartasunagatik da ezaguna Luisianako piano jole estatubatuarra, The Killer goitizenaz ezaguna. Grina horrexen adibide dira entzun dizkiogun bi kanturik ezagunena, “Whole Lotta Shakin´ Goin` On” eta, batez ere, “Great Balls Of Fire”; biak ala biak 60ko hamarkada baino lehen plazaratuak.
Aipatu kantuen aurretik baina, Al Green entzun dugu “My God is Real” abestuz, kantu honexen berrirakurketa boogie-woogie bat egiteagatik kaleratu baitzuten Jerry Lee Lewis eskola ebangelikotik. Baita Million Dollar Quartet deituriko laukotearen kantu bat ere, hastapenetako garaien lekuko. Sun Records diskoetxe sonatuan Elvis Presley, Carl Perkins, Johnny Cash eta Jerry Lee Lewis berak osatu zuten, aldi laburrez, urrezko laukotea, elkarrekin egindako grabaketa apurrak hamarkada batzuk geroago plazaratu bazituzten ere.
The Killer gartsuarekin jarraituz, 60-70eko hamarkadan -oholtzatik kanpoko afera batzuekin gainbehera ezagutu eta gero (adin txikikoa zuen lehengusinareki ezkondu zen, berbarako)- jo zituen country kantuetako batzuk ere ezagutu ditugu, Janis Joplinek ezagutzera emandako Kris Kristoffersonen “Me and Bobby McGee” kantuaren berrirakurketa tarteko dela. Baina iragan hamarkadan, XXI. mendean jada, Jerry Lee Lewisek lagunekin duetoetan emandako zenbait kantu ere, Mick Jaggerrekin kantatutako The Rolling Stonesen “Dead Flowers” adibidez, azkenaldian izan zuen suspertzearen lekuko.
Gainontzean, Jerry Lee Lewisen arreba Linda Gail Lewis ere entzun dugu kantuan, nebaren antzera, piano jole kaliputsua baita azken hau ere. Eta zendu berriaren belaunaldi aitzindaria ahotan hartu dugunez, rockanrollaren beste erraldoietako bat ere entzun dugu, Jerry Lee Lewisek pianoari su eman zionekoetan presente izandako Chuck Berry, “Little Queenie” joz.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #097] Hiltzailea