[Urpeko Bonbarda #133] Hemezortzigarren hizkia da Q

[Urpeko Bonbarda #133] Hemezortzigarren hizkia da Q –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 133. saioa, zendu berria den Quincy Jones ekoizle ospetsuaren omenez atondu dugu.

2024ko azaroaren 3an hil da Quincy Jones, 91 urte zituela, Michael Jacksonen “Thriller” ekoitzi izanagatik mundu mailako ospea zuen gizona. Gaztetan tronpeta jo izan zuen jazz bandetan, eta zineman ere lan ugari egindakoa zen; Hollywoodek onartu zuen lehen konposatzaile beltza izan bide zen. 28 Grammy Sari irabazi zituen, big bandetan jazz eta swinga jotzen hasi eta pop, soul zein funk diskak ekoiztuta.

Hogeita hamar film ingururen soinu banda sortu zuen, “Ironside” telesailarena, berbarako. Konposatzaile gisa egindako lanetatik, eta aipatutako soinu bandaz gain, “Stuff Like That” entzun dugu saioan, baita 1962an plazaratu zuen “Big Band Bossa Nova” diskoko ahaire nagusia ere. Baita Lionel Richiek eta Michael Jacskonek idatzitako “We are the World” ere, USA for Africa egitasmoan plazaratu zutena Etiopiako gosetearen kontra, 1985ean, Quincy Jonesek ekoitzia; gogoratzen?

Gainontzean Quincy Jonesek ekoiztu eta konpondutako kantuekin osatu dugu saioa, artista itzaltsuekin izan zituen elkarlanak. Hasteko jazz erraldoiak. Gazte gaztetan tronpeta jo zuen Jonesek, eta Lionel Hampton bibrafono jolearen bandan izan zuen lehen lan. Ondoren, eta besteak beste, Dizzy Gillespierekin ere izan zuen harremana, eta Count Basie & Frank Sinatra artisten “It Might As Well Be Swing” ekoiztu zuen.

[Urpeko Bonbarda #133] Hemezortzigarren hizkia da Q1933an Chicagon jaioa, AEBetan, Seattlen heziz zen Quincy Jones, eta nerabea zela Ray Charles ezagutu zuen bertan, musika konponketen munduan murgiltzera bultzatuko zuen laguna. 50. hamarkadan, esaterako, rockanrollarekin ere ausartu zen, berak ekoiztu baitzion Big Maybelle zenari “Whole Lotta Shakin´ Goin On” kantua -bi urte geroago arrakasta bihurtuko zena Jerry Lee Lewisen ahotsean-. Michael Jacksonekin lan egin baino lehen baina, 60ko hamarkada hasieran, Lesley Gore pop ikono bihurtu eta lau milioi ale salduko zuten lau single ekoiztu izanak eman zion bultzada Quincy Jonesen ospeari. Geroztik ez zen gelditu gizona, arrakastaz arrakasta egin baitzituen ondorengo hamarkadak, besteak beste, George Benson gitarra jolearen “Give me The Night” ekoitzita.

AEBetako musika industrian gizon garrantzitsua izatera heldu zen orduan Quincy Jones; Mercury diskoetxeko zuzendari orde -lehen beltza zeregin horietan- izendatu zuten, filmak ekoiztu zituen -Steven Spielbergen “The Color Purple”, berbarako-. Eta gerora QWest zigilua ere sortuko zuen, 80ko hamarkadan. Guzti horri buruz hitz egiten da Quincy Jones beraren 2001eko “Q” memorietan, eta berari buruzko bi filmetan: 2018ko “Quincy”, Rashida alabak zuzendua, eta 1990eko “Listen Up: The Lives of Quincy Jones” dokumentaletan.

2024ko azaroaren 3an hil zen musikariak baina, Michael Jackson mitoaren hiru disko ekoizteagatik dugu, batez ere, ezagun. 1979ko “Of the Wall” -20 urte bete gabea zen Jackson-, 1982ko “Thriller” -inoizko disko gehien saldu dituen albumen artean dago- eta 1987ko “Bad” ekoitzita, 80ko disko soinua finkatu zuen Quincy Jonesek. Oraindik orain, XXI. mendeko pop musika ulertzeko ezinbestekoak dira aipatu lanak.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast

[Urpeko Bonbarda #133] Hemezortzigarren hizkia da Q

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude