[Euskal Gaizkileak] Baratariako erregeak: Lafitte anaiak
Baratariako erregeak: Lafitte anaiak –
Duela hiru urte podcastgintzan murgildu ginen burubelarri ZuZeun, eta ZuZeu Podcast sortu. Euskal Gaizkileak seriea da sortu genuen lanetako bat, eta etenaldi luze baten ondoren, lau atal berri estreinatzera gatoz.
XVIII. mende amaieran Lapurdiko kostaldeko portuak kortsarioz borborka dabiltza, Miarritzeko Kandela etxeko Jean eta Piarres Lafitte anaiak tartean. Karibera eramango ditu hautatu duten ogibideak, eta urte gutxiren buruan sekulako boterea lortuko dute… euren burua errepublika bateko errege izendatzeraino. New Orleansetik gertu dagoen Barataria irlako gotorlekutik bolbora banatu eta urrea bilduko dute aldenik alde. Ahantzi gabe aberasten dena beti aberasten dela norbaiten bizkar…
“Bikiek amaren bihotz taupaden pean igarotzen dituzte bederatzi hilabete, eta sarritan badirudi erritmo horrek betiko finkatzen duela haien arteko bizi manera. Bihotzeko balbulek beti egin ohi dituzte bi hots jarraian, odola ponpatzen dutenean, eta bi hotsak jarraian entzuten ez badira arritmia bat den seinale. Halakoak dira Jean eta Piarres Lafitte anaia bikiak, beti hots bat bestearen atzetik, bata bestearen itzal, 1780ko urriaren 6an Miarritzen mundura sortu zirenez geroztik, Mari Dagerreren sabeletik…”
- Ekoizpena: ZuZeu eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea
- Gidoia eta zuzendaritza: Beñat Hach Embarek
- Bikoizketa zuzendaria: Xabier Alkiza, BIEUSE
- Grabaketa, soinu diseinua eta musika konposaketa: Iñigo Etxarri, IN Estudioa
- Abestia: “Lafitte izena”. Hitzak eta musika: Jurgi Ekiza
- Aktoreak: Aintzane Gamiz, Mikel Garmendia, Aintzane Crujeiras, Joseba Sacristan, Mikel Mendizabal, Xabier Alkiza eta Kiko Jauregi.
Lafitte anaien inguruko lehen berriak etxe honetan bertan irakurri ahal izan genituen Joseba Aurkenerenaren eskutik. Josebak urteak daramatza igandero ZuZeun artikulu txukun askoak publikatzen, eta eskerrak eman nahi dizkiogu, egiten duen lanarengatik orokorrean, eta Baratariako errepublikaren berri emateagatik bereziki.
Bestetik, zinez estimatzen dugu Jurgi Ekiza musikariak enkargatutako lana prestatzeko eskaini digun denbora eta mimoa. Ez dugu Lafitte anaien inguruko bertsorik aurkitu, eta horregatik eskatu genion baionarrari kantu baten egitea.
Harpidetu gure edukietara zure audio plataforma kuttunean…
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua ez litzateke deus zu gabe
Etzan. Itzaldu argiak. Igo bolumena, sakatu play… eta gozatu.
Spotify ApplePodcast GooglePodcast amazonmusic