[Euskal Gaizkileak] 14 heriotzak
14 heriotzak –
Gure herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute, urte luzeetan zehar. Hasier Etxeberriak, horretaz jabetuta, artikulu serie bat hasi zuen duela ez asko, eta Beñat Hach Embarekek hartu zion lekukoa ondoren. Orain podcast bihurtu ditugu, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat eta gaizkile bat ezagutuko dituzu, eta horrekin batera, atzetik daukaten abestia.
Gaur entzungo duzuna atal gordinenetakoa da, lehenik eta behin, hiltzailearen profila ezberdina delako. Atal guztietan izan dira hilketak, bai, baina bat edo bi, eta beti arrazoi zehatzen bat tarteko: dirua, maitasuna, boterea… Baina gaurko protagonista ezberdina da, psikologikoki erabat ezberdina, eta hona dakargun lehen serial killer-a dela esan genezake… 1801ean Joxe Larrañaga Juaristi izeneko haur bat jaio zen Mendaroko baserri batean. Inork ez zuen susmatzen orduan mundura etorri berri zen gisaseme hark 14 heriotza eragingo zituenik azken hatsa eman aurretik…
Betiko fikzio dosiez aparte, podcastean entzungo dituzun datu eta informazio asko eta asko benetakoak dira, eta hori hala izatea Modesto eta Bertol Arrieta aita-semei eskertu nahi diegu. Entzuleren batek kasu honen inguruko informazioa balu, estimatuko genuke Arrietatarrekin kontaktuan jartzea, honako helbidean: hamalauheriotzena@gmail.com.
“Hamalau heriotzak” da, seguru asko, gure hiltzaile kantuen arteko ezagunena, eta ederrenetakoa, ederrena ez bada. gure begi-belarrietan bizi da, batez ere kantu hau, nik uste, kontatzen dituen izugarrikeriegatik baino, bere deskribapenen zehaztasun eta edertasunagatik. Hain da zehatza gertaeren kontakizuna, hain ikusten da argi testuingurua, hain dirudi zintzoa pertsonaiaren damuak… Abestiaren hainbat bertsio egin direla, tartean Julen Lekuona eta Antton Valverdek egindakoa, baita Oskorrik kaleratutakoa ere. Guk Andoni Tolosa “Morau” musikariaren bertsioa aukeratu dugu.
Harpidetu Euskal Gaizkileak seriera eta entzun zure audio plataforman!
Etzan. Itzaldu argiak. Igo bolumena, sakatu play… eta eutsi arnasari.
Emaitza hau lortzeko lan itzela egin behar izan du jende askok, eta bereziki azpimarratu nahi genituzke Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta IN Estudioetako Iñigo Etxarrik egindakoa. Gure eskerrik beroenak.
Spotify Apple Podcast Stitcher Google Podcast Ivoox