[Urpeko Bonbarda #075] Erdal musiketatik datoz

[Urpeko Bonbarda #075] Erdal musiketatik datoz –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamabosgarren saioan, Andoni Ollokiegik egindako txio kateari tiraka, erdal musiketatik datozen euskal kantuak dakartzagu.

Hirurogeita hamabosgarren saioan, erdal musiketatik datozen euskarazko kantu batzuk hautatu, eta jatorrizko ahairea zein moldaketa aurkeztu ditugu, biak bat eginda.

Makina bat taldek kantatu dituzten bi kantu herrikoirekin abiatu dugu saioa. Gurean Bizardunak taldeak “Nafarroa gure aberria” bihurtu zuen “Wild Rover” -ibiltari basatia- batetik, The Dubliners taldearen ahotsean entzun duguna; eta “Willy O´Winsbury” bestea, Pentangle britainiarren bertsioan entzun duguna, Sorotan Bele taldeak berau hartu zuelakoan “Mariñelaren zain” kantuaren oinarri gisa.

[Urpeko Bonbarda #075] Erdal musiketatik datoz60ko hamarkadan Gordon Lightfoot kanadarrak ondu zuen “Early Morning Rain” Elvis Presley, Neil Young, Bob Dylan zein Paul Weller itzaltsuek jo izan dute zuzenean; eta euskaraz Haizea taldeak, Txomin Artolari esker “Goizeko euri artean” bihurtuta.

Musikariek estima handitan duten artista da John Hiatt ere. Estatubatuarraren “Back of My Mind” kantua berrirakurri zuen Anje Duhalde lapurtarrak, eta kantu afarietan eztarriak urratu arte kantatzen den “Gogoaren baitan” ondu.

Folk doinuak atzean utzita, 80ko hamarkadako punk taldeek hain gustuko zituzten erritmo jamaikarrei eman diegu bide.

The Pioneers hirukotearen “Time Hard” moldatu eta “Egunero” kantatu zigun Hertzainak taldeak “Hau dena aldatu nahi nuke” bigarren lan luzean -The Selecter taldeak 1980an egindako “Everyday” bertsioari esker, seguruenera-. Eta ska doinuekin jarraituz, Toots & the Maytals mirestuen “Pressure Drop” moldatu eta “Presaka” bilakatu zen Joxe Ripiau taldearen kantuan -Toos Hibbert-ena da, jatorriz, “Sarri Sarri” kantuaren ahairea ere-.

Bukatzeko, hiru rock kantu gero eta gogorrago, jatorrizko eta moldatu. Baga, asturiarrez kantatzen zuen Los Berrones taldearen “Chacho”, Zarama santurtziar taldeak “Txatxo” bihurtua, “hil ostean denek estimatzen duten herriko tentelari buruzko kantua”. Biga, Muse taldearen “Muscle Museum”, Ken Zazpi taldeak harrigarriro berrirakurria, tenpoari dagokionez “Irri bat” zehaztasun ikaragarriz egokitzen baitzaio jatorrizkoari. Eta higa, jada desagerturik diren bi talderen kantu bana: Lemmy Kilmisterren Motorhead taldeak hirukote bihurtu baino lehen emandako “Too Good to be True”, Alex Sarduiren Exkixu gernikar taldeak eraldatua: “Agur”.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #075] Erdal musiketatik datoz

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!