«Muammar Gaddafik boterea uztea ona da, baina bide okerretik lortu da»

Muammar-Gaddafi

Zuzeun sortu den Libiari buruzko eztabaidarekin jarraitzeko, han gertatzen ari denari buruzko beste iritzi artikulu bat duzue hemen. Ugandako The Monitor egunkariko kazetari Daniel K. Kalinakik aste honetan argitaratutakoa da. Gaddafi «diktadore onbera» zela idatzi du eta etorkizunean libiarrek askatasun handiagoa izatea espero duela. Hala ere, NATO eta Nazioarteko Zigor Auzitegia kritikatu ditu, eta gerra zibila piztuko den beldur da.

«Gaddafiren Libia ez zen Afrikako herrialde pobreena, eta herritarrak ere ez zeuden egoera larrienean. Nahiz eta langabezia tasa bi digitukoa izan, ondoko Tunisian bezala, Libiako 6,4 milioi biztanleek Afrikako laugarren BGP altuena eduki, Afrika iparraldeko alfabetatze tasa altuena eta munduko petrolio erreserba frogatuetatik 10. handiena. Hala ere, ekialdean Egiptoko matxinadak eta mendebaldean Tunisiakoak harrapatuta, Udaberri arabiarraren eraginak kutsatzeko arriskuan zegoen», adierazi du Daniel Kalinakik.

Bere ustez, libiarrak matxinatu izana oso esanguratsua da. «Libian jende asko armak hartu eta beren itsasontzi erosoa balantzaka jartzeko prest egoteak hiru gauza nagusi iradokitzen ditu. Bata, gizakien askatasun orokorraren eta askatasun pertsonalaren aldeko bilaketa, azkenean, janari, ur eta aterpe beharrei gailentzen zaiela. Bigarrena, Afrikan, herritarren artean boterea, diru irabaziak eta justizia banatu baina estatua norbera bakarrik balitz bezala gobernatzen duten diktadore onberen garaia pixkanaka baina zalantzarik gabe bukatzen ari dela. Eta hirugarrena, Afrikan familia baten esku dagoen gobernu errepublikanoaren kontzeptu hibridoa gero eta gehiago herritarren nolabaiteko onarpenaren mende utzi beharko dela. Bai Egipton, bai Libian, Mubarak eta Gaddafi Estatuko boterea senideek oinordetzan har zezatela lortzen ahalegindu dira, eta bi kasuetan, iraultzek familia osoak deuseztatu dituzte, ez patriarkak bakarrik».

Horrez gain, Gaddafik «estatu poliziala» ezarri zuela eta aurkari politikoak torturatzea eta hiltzea «ohikoa» zela nabamendu du Kalinakik, baita hainbat diktadore babestu zituela ere, adibidez: Liberiako Charles Taylor eta Ugandako Idi Amin.

Dena den, Gaddafi boterean ez egotea ontzat jo duen arren, hori lortzeko modua gogor kritikatu du; zehazki, NATOk Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpena manipulatu izana, eta zibilak babesteko aitzakiarekin, Gaddafi agintetik kentzeko erabiltzea. «Zibilak babesteko arrazoi argiak dauden arren, nola izango du NATOk zilegia zer eta noren alde egin behar den erabakitzeko ahalmena, bi borrokalari armatu talde edo gehiago baldin badaude?», galdetu du. Bestetik, esku-hartze militar horrek Libia Saddam Husseinen ondoko Irak zatitua bilakatuko duen eta gerra zibila piztuko den beldur da.

Are gehiago, Libian esku-hartzeko arrazoirik bazegoen, ez du ulertzen NATOk zergatik ez duen gauza bera egin Sirian, Bahrainen eta Yemenen, eta NATOk bezala, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ere herrialde batzuetako eta bestetako egoera ez duela berdin neurtzen adierazi du: «Nola lortu nahi du Nazioarteko Zigor Auzitegiak Afrikan zilegitasuna izatea, Gaddafiren aurkako prima facie zantzuak aurkitzen baditu eta Iraken eta Afganistanen gerra krimen eta zibilen aurkako eraso salaketak ikertzeko gai ez bada edo borondaterik ez badu?».

Libiarrek erronka asko izango dituzte, Kanilakiren arabera: zibilak desarmatzea, Gaddafiren aldekoekin negoziatzea, herrialdean ordena jartzea, NATOk suntsitutako arma biltegiak berreraikitzea, eta petrolio hornidura kontratu berriak sinatzea, besteak beste, baina ziur dago NATO «arma ekoizle eta petrolio salerosle on batzuk» proposatzeko prest egongo dela. «Libiarrak beren gizonaz libratu dira, baina txantxazale batzuek esan duten bezala, zailena NATOz libratzea izango da».

 

Libiari buruzko beste artikulu batzuk:

Patrick Cockburn, Counterpunch: Gaddafik galdu du, baina nork irabazi du?

Robert Fisk, The Independent: Historia errepikatzen ari da, Irakeko akatsak berriz ere praktikan jarrita

 

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Zer duzu buruan “«Muammar Gaddafik boterea uztea ona da, baina bide okerretik lortu da»”-ri buruz

  • Hona hemen datu interesgarriak Libian egin den informazio manipulazioari buruz:

    “La manipulación del apoyo popular en Libia, o el arte gato-por-liebre de los medios”

    Análisis de las mentiras mediáticas sobre Libia, la “rebelión” y el apoyo popular a Gaddafi

    http://www.lahaine.org/index.php?p=55824