Zergatik jarraitzen du maputxeen gose grebak?

Gose grebak oraindik bere horretan jarraitzen du. Orain 14 pertsona baizik ez dira, urriko lehendabiziko egunean 28 presok Estatuarekin egindako negoziazioa ontzat hartu baitzuten. Gose greban jarraitzen duten maputxeek ez dute haien kideen jarrera babesten, baina errespetatu bai. Hona grebarekin jarraitzeko eman dituzten argudioetarik azpimarragarrienak:

  • Gobernuak Lege Antiterroristan eta justizia militarrean aldaketak egin ditu “printzipio demokratikoen alde” eta “elkarte internazionalen aholkuak jarraituz”. 14 preso maputxeendako, ordea, aldaketa hauek ez dira nahikoak. “Gobernuak egindako proposamenek oinarrizko giza eskubideen aurka egiten dute”. Justizia militarrari dagokionean, uste dute inpunitate osoz jokatzeko aukera ematen zaiela uniformedunei, izan ere, militarren aurka egiten diren erasoek zigor gogorragoak izanen baitituzte. Lege Antiterroristaren inguruan mintzatzean, bere ezarpena hobetu nahi dutela diote eta etorkizunean berriz ere maputxeen salaketei aplikatuko zaielako beldur dira. James Anaya NBEko kidearen gomendioei men egiteko eskatu diote Txileri.
  • Babestutako lekukoaren irudia ezabatzeko eskatu diote Txileko Gobernuari, baita ezkutuko agentea eta informatzailea. Pertsona hauen esanak dira askotan maputxeak kondenatzeko froga bakarra. Haien ustez, Malleco lurraldean lekuko honek zoriz egin ditu lurraldearen aldeko borrokan diharduten familia garrantzitsuen aurkako salaketak.
  • Haien borrokak ez zuen eta ez du helburu judizial soila. Haien errugabetasuna frogatuko den bidezko epaiketa nahi badute ere, salaketa honen oinarria bestelakoa da. “Gose grebaren oinarria Maputxe Nazioaren Herriaren etorkizunarekin du zer ikusia”.

MzUwNA==

Honen aitzinean, mobilizazioak izan dira bai Txileko Estatuan, baita mundu osoan ere. Malleco komunitateko ikasle talde batek Ercillako Institutua okupatu zuen astelehenean eta ikasle maputxeak institutu gehiago okupatzera deitu dituzte. Mobilizazioak ere izan dira leku ezberdinetan, Willi Mapun besteak beste. Euskal Herrian ere Herri Maputxearen aldeko mobilizazioak izan dira nonahi. Asteazkenean Bilbon bildu ziren eta bihar maputxeen inguruko hitzaldia izanen da Leioan. Askapena, Sare Antifaxista y Komite Internazionalistak antolaturiko ‘lan egun antifaxistaren’ baitan, ‘Maputxe Herria, historia eta gaur eguneko borroka’ mahaingurua eginen dute eguerdiko 12etan Udondo gaztetxean.

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Zergatik jarraitzen du maputxeen gose grebak?”-ri buruz