Zer entzuten du Barack Obamak?

Zer entzuten du Barack Obamak?

Barack Obama oporretan dago, eta gustatzen zaizkion kanten berri eman du orain egun gutxi, Spotify bidez zerrenda bat prestatuta: hogei kantu egunerako, eta beste horrenbeste gauerako; oporraldi hauetan belarrietan darabiltzan 40 kantu.

Zer entzuten du `munduko gizonik boteretsuena´ deitzen duten horrek?

Zer entzuten du Barack Obamak?
Barack in da house!

Egin diezaiogun begi-kolpe bat berrogei kantuen zerrendari. AEB-etako lehendakariak atondu duen zerrendak 60ko hamarkadako taldeak ditu nagusi, eta izen ezin ezagunago asko dira bertan: The Rolling Stones, Bob Dylan, Aretha Franklin, Joni Mitchell…

Rap doinuek ere badute bere txokoa zerrendan (Nappy Roots, Talib Kweli & Hi Tek), baita crooner handiek (Frank Sinatra, Van Morrison, Leonard Cohen) eta jazz erraldoiek ere (John Coltrane, Billie Holiday, Miles Davis). Aparte, sare sozialetan oihartzun handia izan ei du Beyoncé-ren “Superpower” zerrendan izateak.

Michael D. Shear kazetariak, New York Times egunkariarentzat Etxe Zuriko berriak lantzen dituen kazetaria bera, beste ikuspuntu batetik aztertu du zerrenda. Bob Marley-ren “So Much Trouble in the World” ezin aproposagoa du bere lanbidea kontutan hartuta, eta beste horrenbeste The Temptations taldearen “Ain´t too Proud to Beg”, oporretatik bueltan Kongresuan borroka gogorrak izango baititu hitzarmenak egiteko orduan.

Obamak egunerako utzi ditu kanta kaliputsuak, eta gurago izan ditu xuxurlariak gauerako. Behin ilunduta, gainera, emakume ahotsak nabarmentzen dira zerrendan: Erykah Badu, Cassandra Wilson, Mari J Blige, Lauryn Hill, Aoife O´Donovan…

Kanta gehienak AEB-etako artistenak dira -ingelesa dute hizkuntza nagusia-, Mala Rodriguez eta Sonora Carruseles izan ezik.

“Jendeak hala eskatuta, hemen dira oporretan entzungai ditudanak”, argitaratu zuen Barack Obama berak twitter-en: “Zein duzu udako kanturik maiteena?”.

* Portzierto, Obamak artista gisa ere badu bere ataria Spotify-n, AEB-etako lehen lehendakari beltzaren hitzaldi nagusiak jasotzen dituena, “Yes We Can” famatua tarteko.

Berrogei kantuetatik sei hautatu ditugu ZUZEUra ekartzeko (azpian dituzue entzungai).

.

Erantzunak

Hau ez da Obamak bere gustu musikalen berri ematen duen lehen aldia eta, adituen esanetan, inoiz egun puri-purian diren artistak, musikari modernoak dantzagai izan baditu ere, honakoan klasikoen alde jo ei du, eskarmentudun artistak baitira nagusi zerrendan. Hala ere, Etxe Zuritik adierazi dutenez, AEB-etako presidenteak berak eskuz eginiko zerrenda da ezagutzera eman dena, eta ontzat eman dute bertako musika adituek.

DjMag aldizkariaren esanetan, Barack Obama ei da disko jartzaile lanak txukun bete ditzakeen AEB-etako lehendakari bakarra -jendea dantzan jartzea bada helburua, beltza izatea lagungarri zaiolakoan gaude-.

Obamaren aurretik, Hillary Clinton-ek ere, bide bera erabiliz, kantu zerrenda bat atondu zuen Spotify-n; eta lehendakarigaiaren zintzotasuna zalantzan jarri zuten komunikabideek.

Zergatik? Berak 50 urtetik gora zituenean sortutako kantu ugari ei zirelako zerrendan;Ariana Grande eta Kelly Clarkson gazteen ahotsak tartean. “Ez da sinesgarria Clinton-ek puri-purian den musika entzutea”, dio Rolling Stone aldizkariko kritikari batek.

.

EGUNEZ

The Temptations “Ain´t too Proud to Beg”

.

Mala Rodriguez “Tengo un trato”

.

John Legend “Green Light” (featuring André 3000)

.

GAUEZ

Lianne La Havas “Is Your Love Big Enough?”

.

The Lumineers “Stubborn Love”

.

Nina Simone “Feeling Good”

.

Zerrenda Osoa (Egunekoa / Gauekoa):

Zer entzuten du Barack Obamak?

ZUZEUko erredakzio kide