Zer egin daiteke?
Baiezkoa espero zen, alde egingo zuela, boterea eta Egipto lagako zituela. Baina ez, Hosni Mubarak ez da joango. Irailera arte bertan geldituko da, aldez edo moldez, boterean.
Mundu guztia Egiptora begira dago, komunikabide nagusienek erakusten duten bezala: New York Times, The Guardian, Liberation, The Washington Post, BBC. Baina presioak ez dira aski, nonbait
Desgastaturiko erregimenak, gaixoak eta biziatuak, eta azpian herria, miserian. Tunisiaren egoera eta Egiptorena, eta Yemenena eta Aljeriarena eta Marokorena hori dela erakusten ari da arabiar munduan altxatu den iraultzak erakusten duena. Bai han eta baita Mendebaldean ere itxaropena sortu du, posible dela, baietz, gizartea zibila antolatzen denean, modu baketsuan, eta gainera nazioartearen laguntzarekin posible dela erregimenari buelta emateko.
Baina Hosni Mubarak-ek ez du utziko boterea, ez behintzat oraindik.
Oraingoz botereak, zauriturik bada ere, eutsi egiten die bere aulkiei, eta herritarrak ez dira euretara iristen. Indartzen ari dena, berriz, botere islamista da. Zergatik? Errealitateak, borroka zibilak, antolamenduak, nazioartearen babesak balio ez dizunean sinesmena besterik ez zaizulako gelditzen.
Zer egin daiteke?
Jarraitu, protestekin jarraitu. Presioa egiten jarraitu, lortu arte. Baina indarkeria eta islamismoarekiko fedea ez indartzea zail izango da.
Eta zer egin daiteke nazioartetik?
Bere garaian kolonizatzaileak izan zirenek gehiago hartu beharko lukete parte, haiek joan eta “presidentzia” monarkikoak laga zituzten, eta euren kide eta komplize izan dituzte Europako Batasunaren negozioetan.
Inork ba al du erantzunik?
Herria horrela altxatzea, oihartzun eta babes hori lortzea, hori ez al da dagoeneko garaipen bat?