Zelayaren zalantzazko itzulera
Iragan igandean Armadak estatu kolpea eman eta Zelaya presidentea atxilotu zuen. Antolatu zuen herri galdeketa legez kanpokoa zela argudiatuta kargugabetu eta Costa Ricara bidali zuten. Ordutik mundua Hondurasera begira jarri da. Nazioarteak babes osoa eskaini dio oraingoz Zelayari. Atzo, hain zuzen ere, NBE-ko Batzar Orokorreko estatu guztiak, Zelayaren kargugabetzea eragin zuen estrategia militarraren aurka agertu ziren eta Honduraseko kongresuak hautatutako Michelettiren gobernua gaitzetsi zuten, aho batez. Era berean, Zelayak berriz ere presidentetza izan dezan deia egin zuen NBE-k.
Micheletti eta Zelayaren arteko hizka-mizka ere sona handikoa izan zen. Lehenik eta behin, Zelayak, ostegunean bertan Tegucigalpara itzultzeko asmoa duela jakinara zuen. Michelettik, berehala, itzuliz gero, atxilotu egingo dutela jakinarazi dio presidente ohiari.
Hain zuzen ere, jadanik, Auzitegi Gorenak Zelaya atxilotzeko agindua eman du. Nazio legeak ez betetzea leporatzen diote, iganderako deitu zuen herri kontsulta dela eta.
Zelaya baina, ez da mutu geratu. “Arduradunak ez dira zigorrik gabe geratuko”, esan du Honduraseko presidente ohiak. Nortzuk izan diren seinalatu beharra ere azpimarratu du, “horrelakorik berriro ez gertatzeko”. Eta ostegunean, Hondurasera itzultzeko duen asmoa berretsi du. Jose Miguel Insulza Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) idazkari nagusiarekin, Rafael Correa Ekuadorreko presidentearekin, Cristina Fernandez de Kirchner Agentinako presidentearekin eta Miguel D’Escoto NBE-ko Batzar Nagusien presidentearekin itzuliko dela argitu du.
Bileren ordua da orain Zelayarentzat. Gaur bertan, AEE-k estatu kolpeari buruz htiz egiteko EEBB-etan egingo duen batzar berezian parte hartuko du Zelayak. Estatu Batuetako Estatu Saileko funtzionarioekin ere bilduko da gaur Washingtonen, eta baita, NBE-ko Batzar Orokorrarekin. Erakunde horiek guztiak babesa eman diote jada Honduraseko presidente ohiari.
Bitartean Hondurasen
Nazioarteak jarrera nahiko argi badu ere, Hondurasen nahasmena da nagusi. Duela egun batzuk Zelayak hala eskatuta milaka herritar kalera atera baziren ere, atzo Michelettiren aldekoena ziruditen kaleek. Ikusi beharko da horrenbesteko nahaspilaren erdian zer den Honduraseko herritarrek benetan nahi dutena.