Zelaya eta Micheletti gaur aurrez-aurre
“Pazientzia” izan da Ariasek bi aldeei eskatu dien lehen gauza, baina badirudi berak eduki beharko duela eskatutako pazientzia hori, Zelayak eta Michelettik ez dutela amore emango iragarri baitute. Ordena demokratikoa itzultzea ez da eztabaidagarria, Zelayaren ustez, eta 2010eko urtarrilaren 27a arte presidentea dela gogorarazi dio Michelettiri. Era berean, bitarteko gobernuko kideek magnizidio delituak egin dituztela gaineratu du. Michelettik ordea, edozer eztabaidatzeko prest dagoela dio, Zelaya boterera itzultzea izan ezik.
Ariasek, negoziazio prozesu orotan etsi beharra dagoela errepikatu die. Argi dago pisu astunen arteko borroka izango dela gaurkoa. Gatazka honetan parte hartu zuen hasiera batean Costa Rica-ko presidenteak eta Hondurasen gertatutakoa estatu kolpea izan zela esan zuen. Hondurasen gutxinaka-gutxinaka finkatu den demokraziak, ekintza militarren ondorioz eginiko atzera pausua gaitzetsi du. Duela bi aste Honduraseko gobernu berriar zigor ekonomikoak ezartzearen alde egin zuen, Michelettiren aldekoak ito asmoz. Orain, gertatutakok penatzen badu ere, bi aldeekin eseri eta irtenbidea bilatu nahi du.
Nazioarteak berehala eman dio Ariasi onespena bitartekari lanak egiteko, lehenago Zelayarekin egin bezala. EB-k sinatutako agirian, irtenbide baketsu baten aldeko apustua egiten dute eta Ariasen ekintzei babesa eskeintzen dietela esan dute. Hillary Clintonek ere sostegua eman dio Ariasi.
Ez dira guztiak ordea lasaitasunerako deiak izan, Hugo Chavez, Venezuelako presidenteak erresistentziarako deia luzatu die hondurastarrei. De facto-ko gobernuaren aurka protesta egiten jarraitzeko esan die eta militar “aberrigabeak” gogor kritikatu ditu, “burgesiaren esanetara” aritzeagatik. Estatu kolpe honen garaile handiena Chavez izan dela ere esaten hasiak dira, Honduraseko demokraziaren defendatzaile sutsuena bezala azaldu delako.
Duela egun batzuk Honduraskeo armadaren aholkulari juridikoak, Herberth Bayardok, Zelaya kanporatzea akatsa izan zela aitortu zuen, baina liskarrak sahiesteko egin zutela esanez zuritu zen. Armadari ezkerreko gobernu batekin bat egitea zail egiten zaiola esan zuen, are gehiago, ezinezkoa zaiola azaldu zuen.
Ikusi beharko da norekin egin beharko duen bat Honduraseko armadak gaurko bileraren ostean. Momentuz, borroka gogorra aurreikusten da.