Zaire garbiak bira nazan. Frantz Fanon eta erruduntasunaz
Frantz Fanon
Nafarroako toki askotan Martinari modu maitekorrean deitzeko maneraz edo igande eguerdiko aperitifaz gaindi, Martinika Kariben kokatzen den irla bat da, Frantziar estatuaren menekoa. Ultramarreko domeinuak deitzen diotela uste dut. 1789ko iraultzak Gizonen Eskubideen Deklarazioa ekarri zuen, baina kategoria horretatik at zeuden irlako biztanle gehienak, emakume izateagatik, edo beltz, edo esklabo, edo hiru gauzak.
Frantziako kirol selekzio ezberdinetan dabiltzan beltz asko Martinikakoak dira, baina bada irlan sortutako beste lagun bat, aski sona duena baina ez nahikoa, ene iduriko: Frantz Fanon.
“Frantz Fanon (Fort-de-France, Martinika, 1925 – Washington Hiria, AEB, 1961) Antilletako psikiatra eta iraultzailea izan zen. Psikiatriaren alorrean, neurosi-mota batzuek gizarte-arazoek sortzen dituztela aldeztu zuen; soziologian, oso lan garrantzitsuak idatzi zituen kolonizaturiko herrien askapen-prozesuari buruz. II Mundu Gerran Frantziako gudarostean aritu ondoren, psikiatria-ikasketak egin zituen Lyonen, eta Aljeriara jo zuen 1953. urtean. Bertako Nazio Askapenerako Fronteko kide bihurtu ondoren, El Moudjahid egunkari klandestinoa sortu zuen Tunisian (1956), eta 1960an Ghanara bidali zuten Aljeria libreko enbaxadore. 1952. urtean Peau noire, masques blancs (Larru beltza, mozorro zuriak) berak izandako bizipenak azaltzen dituen liburua eman zuen argitara. Kolonialismoaren aurka eta iraultzaren alde idatzi zituen artikuluek eta liburuek berebiziko eragina izan zuten kolonietako munduan, Euskal Herrian ere.”
Fanonek lan teoriko zabala utzi zuen, eta ez nago inondik inora behar adina jantzita bere herentziaren inguruko kokapen egoki eta azalpen zehatzenak emateko; baina berak utzitako esaldi bat gogoratu eta azpimarratzeko adina bai: “Afrikak errebolber baten antza du, eta kolpekaria (gatillo, gâchette) Kongon dago”.
1960an lortu zuen Kongok independentzia, eta subiranotasunik ez du topatu oraino. Kolpekaria sakatu zuen epaileak XIX. mendean, eta lasterketa hasi. Belgikak irabazi zuen saria elikagaien karrera hartan, bere lurrak eta biztanleak aberastu eta goxatuko zituen txokolatea, Zaire zena ozpintzearen truk. Bigarren errondan mineralak zeuden jokoan, eta pirañak haragiari lez lotu zitzaizkion multinazionalak Kongo haginkatzeari, eta era berean dihardute.
Azken hilabeteetan protesta ugari izan dira, gehienak bortizki zanpatuak; irailean 32 lagun hil zituen poliziak (gutxienez), egun berean. Azaroaren 17an lehen ministro berria izendatu zuten, Samy Badibanga, oposiziokoa; baina Joseph Kabila ez da erretiratu, ezta gutxiagorik ere, eta ezin da jakin hirugarren aldiz agintera helduko ote den. Herriak Kabila joateko eskatu du irmoki kaleetan, baina Badibangarengan ere ez dakit zer konfiantza ezarri daitekeen; munduaren, eta bereziki Afrikaren kronika da, harri berarekin mila eta bat aldiz estropezu egitea: presidente hau oso txarra da, baina datorrena, uf, datorrena, hori bai, horrek gure arazo guztiak konponduko ditu.
Sistema ekonomikoa berdina den bitartean nahi adina aldatu daiteke presidentea, baina egiturak berdinak izango dira: Kongon, Grezian eta Euskal Herrian (bere lauzpabost administrazioetan). Instituzioak norabide aldaketaren mesedetara jarriz gero beste zerbaitetaz arituko ginateke berriketan, eta ez zait iruditzen kasua denik.
Laburbilduz, tesia entzuna izango duzue eta: multinazionalek elikatzen dituzte miliziak, miliziak gerra egiten dute eta lurraldeak konkistatu, enpresak atzetik joan eta ustiaketak egin ditzaten, koltan apreziatua lortze aldera.
Aurreko batean Jordi Evole kazetariak zuzentzen duen Salvados programan agertu zen gaia, baina garatu zen ikuspegia zen ea zer egin genezakeen guk, herritar xumeok, hau horrela izan ez zedin. Erantzuna: koltanaren jatorria garbi adierazten ez duten produktuak ez erosi. Ikuspuntu honi zutabe indartsuena isiltzen duen horretan ikusten diot, hau da: koltana daukaten produktuak erosten badituzu errua zurea da.
Kristautasunak (eta zenbait erlijiok) erruduntasunaren ideia sakonki sartu du gure jendartearen ernamuinean, eta elizatik kanpoko makineriek birproduzitu egiten dute: sentitu errudun krisiarengatik, aldaketa klimatikoa gure kulpa da, eta gainera, zuk, bai, zuk, zikin horrek, testu hau jakin ezazu nondik etorritako koltan batekin egindako ordenagailuan irakurtzen duzu; ergo, Zaireko kalamitate guztien erantzulea zara.
Etsaiari neurria hartu behar zaio, hortik hasita, izenetik; etsaia etsaia baita, eta arerioa bidaide arras ezberdina. Multinazionalek eta kobertura ematen dioten estatuek sortzen dute gerra munduan, eta gosea, eta inmigrazioa; ez zuk, haiek, haiek aberastu daitezen, eta ez zu.
Beraz, hartu errebolberra, apuntatu bekain artera erruduntasunari eta moztu arnasa tiro egin behar duzun unean.
Bang. Bang. I shot you down.
Inguratu albora eta beste bi burura.
Bang. Bang. You hit the ground.
Frantz Fanonez oroituta tresna aproposa iruditu zait Afrika erruduntasuna hiltzeko, eta Kongo sakatu beharreko gaia bala irten zedin. Errua haiena da, ez langileona; langileok bagara beste afera batzuen erantzule, adibidez, gure komunitate eta klasearen zerbitzura egongo den sistema bat lortu ez izanaz, eta asko zeregin horretan ez aritzeaz. Bide batez, hori litzateke modu onena Patrice Lumumbaren herrikideak sustengatzeko, eta ez “koltan justuaz” egindako mugikorrak erostea. Ez diot azken aukera honi daukan balioa ukatu nahi, agian neronek erosiko dut bat halako batean; baina nire buruari karitateak ematen duen sentsazio ustel hori sentitzen utzi gabe.
Bang. Bang. That awful sound.
Sistema aldaketa aire garbiak bira nazan; sistema aldaketa Zaire garbiak bira nazan.
Bang. Bang. I used to shoot you down.
Frantz Fanon