Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean

Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean –

Venezuelako Errepublika Bolivartarreko hauteskundeen emaitzen osteko adierazpen eta mugimenduek ezin digute harridurarik sortu. Sistemaren hedabideetatik zabaltzen ari dena aurreikusten zen. Politikoki kontzientea den norbaitek pentsa zezakeen ultraeskuinak eta inperialismoak (baita honen morroi latinoamerikar zein europearrek) emaitzak onartuko zituztela chavismoak hauteskundeak irabaztekotan? Historiaren gutxieneko ezagutza izanda, herrien nahia eta borondatea errespetatzen dituztela sinets dezake norbaitek?

Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean

Bide ezberdinen bidez saiatu dira proiektu bolivartarrarekin bukatu azken hamarkadetan (Estatu kolpea, atentatuak, sabotajeak, guarimbak, blokeo ekonomiko eta diplomatikoa, gerra mediatikoa eta psikologikoa populazioaren kontra…) baina, chavismoak, ahulduta bada ere, eutsi du. Eskuinaren sektore gehienek hauteskundeetako aukeraren alde egin zuten 2023an, Barbadoseko akordioa sinatuta. Aspaldidanik kanpotik ezarritako presio neurrien ondorioekin eta chavismoaren hainbeste urteren higadurarekin konbinatuta, hauteskunde-aukera horrek bideratuko lieke Maduro presidentziatik kentzea eta botere politikoa berreskuratzea (ekonomikoa eta mediatikoa, neurri handi batean, mantendu baitute). Hala eta guztiz ere, beste behin ere, herri venezolarrak ez die eman nahi zuten gehiengoa eta ultraeskuinak, botere ekonomikoaren sektore askok eta inperialismo yankiak ezin dute onartu hurrengo sei urteetan chavismoaren proiektua boterean mantentzea. Ez bakarrik herri horren mugen barrura begira, baizik eta Venezuelatik kanpora ere chavismoak suposatzen duenagatik, Abya Yala – Latinoamerikaren integrazioan zein nazioarteko potentzien arteko lehian duen paperagatik.

Iruzurraren salaketa medio askotan saldu digute hautetsontziak itxi eta ordu gutxietara, eta Corina Machado ultraeskuindarraren mezua helarazi, botoen % 70 lortu dutela zabalduz. Ez dute iruzurraren ebidentziarik erakutsi baina iruzurraren mezua sistemaren hedabide guztietan dago, Venezuelako eskuineko sektore nagusiek, Amerikako Estatu Batuetako gobernuak eta zonaldeko zein Europako gobernu lekaio batzuek elikatuta.

Oso esanguratsua da sistemaren hedabideetatik honako hau entzutea: “nazioarteko komunitateak” Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuak kolokan jartzen ditu. Maduro zoriondu duten Munduko potentzia batzuk (Txina eta Errusia kasu) zein beste herri batzuetako gobernuak ez omen dira “nazioarteko komunitatea”-ren parte…

Euskal Herrian ere, Venezuelako errealitatearen desitxuraketa jasan dugu hedabide gehienetatik. Haien artean, aipamen berezia merezi du PNVk kontrolatutako EITB telebista-irrati publikoa, non informatiboetan zein tertulietan, axiomatzat hartutako mezu interesatu batzuen gainean irakurketa alderdikoia eraiki den, chavismoari zilegitasuna kentzeko eta Maduroren gobernua erregimen diktatorial moduan irudikatzeko. Ikuspegi eurozentrista eta harroputzetik, herrien erabakiak ukatzen jarraitzen dute, kapitalismo atlantistaren nahiekin lerrokatzen ez badira.

Ustezko iruzurrean oinarritutako ofentsiba politiko eta mediatiko horrek bidea prestatu du Venezuelako kaleak desegonkortzeko, tentsioa handitzeko eta esku-sartze inperialista intentsoagoari ekiteko. Iruzurraren aitzakian, azken orduetan, oposizioa estatu-kolpe saiakera (berri) bat hasi da, guarimbak antolatuz eta kale-indarkeria faxista sustatuz. Hori guztia, mendebaldeko indar inperialistek eta haien lekaio erregionalek lagunduta.

Euskal Herrian tinko mantenduko gara herrien subiranotasunaren zein proiektu eraldatzaileen defentsan. Erne egongo gara herri bolivartarraren kontra areago ditzaketen ekimenen aurrean baita kanpoko zein bertoko gezur-ekoizleen aurrean.

Chavezek hasitako bideari eutsita, gora prozesu bolivartarra!

Herrien arteko elkartasuna ezinbestekoa zaigulako, gora internazionalismoa!

Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean  Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean

Askapena erakunde internazionalista

2 pentsamendu “Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean”-ri buruz

  • Oso arraroa, egoera ekonomiko kaskarrean, alderdi berak 25 urte bozkatua izatea. Ez da inon gertatzen egoera arruntean.

    Eta are gehiago, munduko petrolio erreserba handiena izanik, 28 milioi izanda soilik eta populazioaren zati hain handia migratu behar izanik.

  • Amonamantangorri 2024-08-03 01:39

    Guaido “presidenteari” venezuelar enpresa publikoen atzerriko diru-funtsak oparitu zizkioten mendebaleko demokraziek, giza laguntzarako dirua ere bai. Bila zazue ea orain non dabilen Guaido; ez du zentimorik ere itzuliko.

    Venezuelaren kontrako gerra ekonomikoa zeharo esplizitua eta agerikoa izan da; Ukrainako kristoaren ondorioz zigor ekonomikoak apur bat leundu badira ere, orain venezuelar petrolioa behar delako, gerra ekonomiko hori sekulako jipoia da edozein herrirentzat, are gehiago Venezuela bezalako ekonomia batentzat, hidrokarburoetan oinarritzen baita eta ia dena inportatu behar baitu.

    Nola ote daukaten PSUV eta bere aliatuek oraindik botoen erdia baino gehiago? Oraindik badirauelako halako sistema asistentzial bat, oposiziokoek, mespretxuz, “la regaladera” deitzen dutena. Joko zikina, ezta, gobernuak pobreei elikagaiak eta etxebizitza duinak eskaintzea. Bestetik, venezuelar askok dakite oposizioa jendaila nazkagarri dela, atzerriko potentziei saldutakoa.

    Hau errutina hutsa da. Oposizio golpista Chavezek irabazi zituen lehen-lehenengo hauteskundeetatik hasi zen hauteskunde-iruzurra salatzen eta bere gaizkileekin kalean istiluak sustatzen, hildako askorekin. Hala ere, Venezuelan oposizio golpistari oraindik ere politikan jarduten uzten diote. Nire ustez, ez lukete pribilegio hori eduki behar. Kartzelara, edo bestela doazela denak Madrilgo Barrio Salamancara bizitzera, Capriles eta konpainiarekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude