Vendrell. 292.

Autoaren kristalean parra-parra jotzen zuen euriak, Vendrell bidean. Ibilgailuen leihoetatik astintzen ziren senyera eta estelada-k mela-mela eginda zeuden. Irratian dozenaka dei sartzen ziren zuzenean, emozioz gainezka. “Egun historikoa”. Zaparrada tarteka, 17:14 jo baino hiru ordu lehenago. Euri gabe ere epikoa zatekeen.Vendrell. 292.

Via Catalana Cap a la Independencia-ren 292garren zatia egokitu zitzaigun lagunoi. Bartzelonatik ordu betera, hegoaldera. Penedes eskualdeko mahastien bazterretik igarotzen den errepide bat. Tabernarik ez inguruetan. Atertu du.  Trafikoa eten artean, 15:00etarako, N-340aren atzeko industria pabilioian jendea jesarrita, entrepan batzuk jaten, familiak eta lagunak. Asko Lleidatik etorritakoak, ordu eta erdira, handik ez baitzen katea pasatzen.

Kazetari lanetan hasi berritan, ANCko antolatzaileen -peto berdez- urduritasuna agerikoa zen. Behar baino beranduago zebiltzan, hizketarako denborarik hartu ezinik. “Després”. Guztiz kontrakoa zen giza katearen parte hartzaileen aldartea. Patxadaz eta solaserako prest. Zintzo, gizalegez, anaitasunean, baina ahotsak batzen dituen abestirik gabe. Ezer ez lekuz kanpo. Batuta baina ez besarkatuta.

“Zergatik ez zara etxean gelditu?”. Ordura arte elkarrizketa informaletik kanpo gelditu zen politika, eta kazetaria to, gordin. Naturaltasun osoz botatzen dituzte erantzunak, ingurukoak zer pentsatuko duten lotsatu gabe, tabu-rik gabe, formulazio sinple bezain koherenteekin. Esanak amaituta, txalotu egiten dituzte lagunek. Eztabaidan ere hasten dira, baina sutu gabe, haserretu gabe. Espainiako hedabideen irainen etengabeko jomuga izanagatik, gorroto sentimendurik ez zaie atzematen. Ilusioak eta itxaropenak gainditzen du dena. Borroka bai, jai ere bai.

vendrell

Eta euskaldunak? “Anai-arrebak gara”, “espainiarrek zuek bai tratatzen zaituztela ongi”, “zuen orduan heltzen denean lagunduko zaituztegu”, “zertan ari zarete?”, “badago katalanen artean orain euskaldunek gurekiko duten jarrerarekiko tristura”, “garai zailetatik zatozte, denbora behar duzue”. Katalanek zilborra deskubritu dute. Eta txundituta daude.

16:00ak alderako, trafikoa itxita, begiek ez dute errepidean osatu den ilararen amaierarik ikusten. Ipar-Hego, kamiseta horiak eta esteladak. Guztien buruan zegoen kate zati puska zenbateko luzea zen, historikoa zela, baina Vendrell errepideko panorama arraroa zen zinez. Zerbaiten zain, nondik zetorren jakin gabe. Zeruan helikoptero eta hegazkinak. Errepidean bizikletak eta antolatzaileen autoak. Zain, zerbaiten zain. Egona arintzeko irratien ingurura hurbiltzen ziren familiak eta lagunak: “Un èxit!”. Edo dultzainek No en volem cap jotzen zutenean, alai abesten: “Volem, volem, volem,volem independència, volem, volem, volem Països Catalans”.

rajoy

Musikarekin batera, payes-ak irudikatzen zituzten Balaguer-eko erraldoiek, errepidean eseritako ilarak altxarazi zituzten. Irribarreak ere bai, kartoizko Rajoy bat ANCren kamiseta horiz zeramaten motorzaleak ikusita. Argazkiak atera zituzten, inork ez zuen irudia apurtzeko edo margotzeko asmorik. Gizalegea omen.Ilarako partaideen besoekin giza olatua bai, ez luzeegia. Ia 17:00ak. Ordu laurden ustezko klimaxerako. Erraz esaten da, 400 kilometro eskuz esku lotuta. Lainoartetik agertu da eguzkia. Indarrez egin ere. Oilo-ipurdia, baina non da klimaxa?

Internet jota, irratia garaile. Atzerako kontaketa Catalunya Radio-n. Bakoitza bere lekuan, errenkada infinituan, zerbaiten zain. Heldu ez zenaren zain. Ordura arteko bidea izan zen emozioa: autoen bozinak, barra hori eta gorriak zelai eta elizetan, Vendrell horiz jantzitako bisitariz gainezka, zeure kilometro puskara heldu, honekin eta harekin hitz egin. 17:14: eskuak lotuta, bizpahiru minutuz.  Eta gero kamerari zain; argazkia zen inportantea. Kutsu negatibo gabe, giza katea egin ez ezik erakustea zen gakoa. Ezin da egunpasa egin kamerak bazter batean gernua husten harrapatzen bazaitu. Antolatzaileek aurrez abisatuta, eskuak batu eta Gigafoto erraldoiaren argazkilariak launaka atera zituen argazkiak. Bideo-kamerek ematen zieten parte hartzaileei oihu egiteko aitzakia ia bakarra.

18:00etan, amaitze bidean edo, Els Segadors jo zuten, aldi berean, dultzainek eta irratiak. Abestu, hala nola. Sentimenduak hor daude, baina bor-borka ere ez. Espainiari ezer txarrik opa gabe, asko dira bertan dutenak sorlekua. Kataluniaren alde, aukera berri baten eskean. Horretarako onena estatua dela dakite. Eta gizarteak ez du atzera bueltarik, katebegiak ondo lotu dituzte. Independentzian sinisten dute, eta horregatik beragatik, hatz puntekin ukitzen dute.

cat


Vendrell. 292.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Vendrell. 292.”-ri buruz

  • Vaya, al final Alerta digital-koek arrazoia zuten eta Via betetzeko kartoizko panpinak behar izan genituen 😉

    (gauza txiki bat: ez duk “no em volem cap”, “en” baizik; partitiboa duk, frantsesez bezala.
    Eta barkatu nik seguraski egin ditudan akatsak…)

    • Iñaki Larrañaga 2013-09-13 16:26

      Mil esker, Pep. Dagoeneko ondo jarri dut. Segi bizkor!