Ustelkeria, PPren hautagai
Espainiako Estatuko ustelkeria-eskandalu handiena izan da Gürtel. Trajeak oparitu izanagatik auzitan da Camps, eta irailean izango du ziurrenik epaiketa, eta garai bertsuan espero da PP alderdiaren finantzazio ilegalagatik, eroskeriagatik, Ogasunari iruzur egiteagatik, ondasunen bidegabeko xahutzeagatik eta kontratu irregularrengatik dituen auziak ere irekitzea. Camps “harribitxi” bat dela bada. Baina kausa horiek guztiak zintzilik edukiagatik, zergatik aukeratu du PPk Camps Valentziarako hautagai? Ez al litzateke zentzuzkoena, edo bederen, garbiena eta errazena beste hautagai bat aukeratzea? Ez dago Valentziako PPn Camps baino gobernatzaile hoberik? Uste dut horrek ikaragarri esaten duela alderdi horri buruz.
Eta gizon hori bai, gizon hori “legezkoa” da, eta zerrenda horiek bai, “legezkoak” dira.
Orain, ziurtaturik Camps izango dela Valentziako autonomiako PPren hautagaia, ikusteke dago botoemaileek zer egingo duten. Ustelkeriak ze pisu duen herritarrengan. Euren diru funtsak bere nahierara xahutzeaz salatua dagoen gizona nola epaitzen duten hauteskundeetan. Ze iritzi gehienek diote, Campsekin edo Campsik gabe –baina Campsekin ere bai!- PPk erraz irabaziko duela Valentzian. Inkesten arabera, %50etik gora jasoko luke datorren hauteskundeetan PPk Valentzian.
Bi urte daramatza inputaturik, eta apirilean auzia irekiko da, nahiz eta epaiketa ez hasi, eta ondorioz, maiatzeko hauteskundeetan Camps auzipetu gisa aurkeztuko da hauteskundeetan, ustelkeriagatik auzipeturiko Espainiako Estatuko lehen hautagaia izango da Camps, eta ikusteko dago titulu horrek zenbat boto ematen dizkion.
Ezin ahaztu Antonio Basagotik Campsi buruz egin zituen hitzak: “Gizon zintzoa da, bere erkidegoagatik dena ematen du, eta ez modu txarretan bizi”. Eta ikusteko dago gainontzeko autonomietako PPri nola eragiten dion horrek, eragiten badio. Ze azken batean, alderdia bera da, alderdi berberak aukeratu du da ustelkeriagatik, eroskeriagatik, finantzazio ilegalagatik, Ogasunari iruzur egiteagatik, ondasunen bidegabeko xahutzeagatik eta kontratu irregularrengatik auzipetua dagoen gizona hautagai izendatzea.
PPren etika erakusten du Campsen izendapenak, edo etika eza, hobe esanda. Eta eskuinaren (eskuin espainiarraren) etika ere erakutsiko dute hauteskundeek.
Rajoyk hala esan zuen Campsen izendapenaren berri eman ostean: “Duela sei hilabete esan nuen hautagai izango zela, eta ez zidan inork sinetsi”.