Urde gripea, lurrikara eta apokalipsia 2009-04-28 00:20 Izaskun Pérez Mundua Izaro eta Idoia, bi ikasle euskaldun DFn. Urde gripeaz dagoen informazio gaindosiaz gain (eta ondorioz, desinformazioa), gaur goizean ia sei graduko lurrikara batek estatuaren erdialdea aztoratu du. Gutxienez hildako bat dago. Batzuk apokalipsiaz hitzegiten dute; besteek, jendearen artean izua zabaldu dela diote. Baten batek, Mayek ‘kontzientzia berria’ Mexikon hasiko zela ziotela, eta agian orain dela txanda. Ures medikua da eta hiriaren iparraldean dagoen ospitale batean egiten du lan. Espero zuela dio, 110 urtero dagoela horrelako izurrite bat eta ospitalera iritsi zirela zenbait gaixo epidemia aditzera eman baino hiru egun lehenago. Arazoa, dio, gehiengoak txantxa bat izango balitz bezala hartu duela gripearena. Horietako bat Gabo izan da. Azkenego egunak izurriteari buruz txantxak egiten eman ditu: jendeari nahita eztulka eta maskara erabili gabe. Gaur, aldiz, lurrikararen ondoren, jarrera aldatzea erabaki du. Kosta zaio baina beldurra duela aitortu du eta, egoerak bedin jarraitzen badu, atzerrira alde egingo duela. Rickek, aldiz, mozorroaren gainetik bufanda jarri du supermerkatura joateko. Leporaino zegoen eta saski guztietan, hamarnaka frijole pote eta arroz pila. Hainbestekoa omen da jendeak duen paranoia ezen, gaixorik ez egon arren, gaixo sentitzen zara, dio Idoiak, DFn ikasten ari den donostiarrak. Errepublika osoan zehar nahaspila da nagusi. Ikastetxe eta unibertsitate guztietan klaseak bertan behera uztea erabaki dute. Asko ez dira lanera joan. Zinema, museo, parke eta merkataritza-gune gehienak itxi dituzte eta futbol partidak ikuslerik gabe jokatu dira. Asteburuan kalean ia inor ez zebilela diote, eta hiriak ia hogei milio biztanle dituela kontutan hartuta, gertaera adierazgarria da. Hala ere, mexikarrak bereizten dituen umorea ez dute galdu: messengerrean erabiltzen dituzten argazki eta marrazkiei maskara jarri dizkiete eta kalean, mozorroei ezpainak edo hortzak marraztu. Ikus: H1N1 edo urde gripearen mapa. Mexico, urde gripea Izaskun Pérez Donostiarra. Mundua aldatzeko asmoarekin egin nintzela kazetari esaten dudanen, barre egiten dute. Berdin dit. Josu Dukati-ren proposamena Monsantoren artoak porrot Hego Afrikan