UPyD eta IU gazta zatiaren bila

leones1

Ez dabil oker, ez nahastuta, Jose A. Perez herrialde bat pikutara bidaltzeko 10 pausu hauek planteatzen dituenean. Espainiar gizarteak klase politikoan fedea galdu omen du, eta guztiak berdinak omen dira… baina hala ere hor segitzen dute alternatiba bila. Badirudi Euskal Herritik landa, haustezina zirudien bialderdikotasun sakratua zati txikitan egingo dela. Baina nork kapitalizatuko du Espainiar Estatuko sumindura?

Bialderdikotasunaren arazorik ez dugu izan Euskal Herrian, gure buruhauste eta kezkak bestelakoak izan dira; badakizue, ilegalizazioak, atxiloketak, atentatuak, eszisioak, epaiketak… eguneroko ogia. Baina hein handi batean, Madrilgo politikan emanten ari diren aldaketek era zuzenean eragingo digute. Eta beraz, kezkatuta egoteko arrazoirik badugu. Batez ere, Perezek planteatzen duen azken puntuan, “Memelo ultraeskuindar bat agertzen da, eta hauteskundeak irabazten ditu.”

El País egunkariaren arabera Espainiako bialderdikotasunari bi Gaur Egun geratzen zaizkio

El País egunkariak publikatu bozka intentzioaren datuek hastapenean esandako bialderdikotasunaren birrintzea iragartzen dute, baina, oraindik ez dago argi noren mesedetan. Nola Alderdi Popularrak, nola sozialista espainiarrek zakukada bat arrazoi dute kezkatuta egoteko, haien hegemonia arrixkua baitute. UPyD eta IU dira joera gorakor nabarmena duten bi alderdiak, Estatuko bi alderdi handienei gaztaren zatia kentzeko bi hautagaiak.
intencion de voto

IU oposizioko alderdia

Edo ez eta hori ere. Baina deus egin gabe izugarrizko gorakada izan dezake Espainiar Estatuko hauteskunde orokorretan. Bere erronka PSOEgandik bereizten diona argi erakustea da. Eta balizko ezkerreko koalizio batean, nortasun hori mantentzea, lan arras zaila. Oposiziotik gobernuko alderdi izatera igarotzea ez da lan makala, eta Euskal Herrian badakigu zerbait horretaz.

Aldekoak:

  • Espainian bera baino ezkerrerago ez dago ezer.
  • Izen eta pertsona onak ditu, itzalpean bada ere.
  • PSOE gainbeheran da, eta hor arrantza ditzake bozka asko.

Aurkakoak:

  • Ez du apenas hedabiderik.
  • Oposizioan egonagatik ere, irudi oso ahula eman du.

UPyD, indar mediatikoa

Indar mediatiko handiko alderdi politikoa da UPyD. Diskurtso oso erraza eta populista du eta ondo darabilzki sare sozialak eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak. ETAren aurkako borroka bandera bihurtu dute, eta inor baino irmoago agertu dira gaiarekin. Espainiar Estatuko jende ezaguna atxiki zaie proiektura eta ustezko apolitismo baten galtzarbean sumindutako jendearekin bat egiten saiatzen dira. Eta lortu egiten dute askotan.

Aldekoak:

  • Hedabide indartsuen babesa jaso izan dute.
  • Jende ezaguna dute haien barrenean.
  • PPren ustelkeria kasuak direla eta bozka kopuru handia jaso dezakete.

Aurkakoak:

  • Ultraeskuinarekin lotzen du herritarrak UPyD marka.
  • Ez du inon gobernatzen, eta ez du gestiorako ahalmenik erakutsi.

Ikusi beharko da zenbat duten egiatik El País-ek argitaratu datuek, baina, Euskal Herritik tentuz begiratu behar diegu Madrilgo panoraman ematen ari diren aldaketei. Izan ere, UPyD eta IU indartsu batek garai batean euskal alderdiek kongresuan jokatzen zuten bisagra funtzioa deuseztu baitezakete. Are gehiago, ez litzateke batere xamurra izango UPyD indartsu eta erabakior bat, PP eta UPyDren arteko gobernu akordio bat. Ez dadila arren Jose A. Perezek iragarri duena gertatu.

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.

9 pentsamendu “UPyD eta IU gazta zatiaren bila”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2013-04-09 11:14

    Ez lotu hondora doan ontziari…

  • Iñaki Beitia 2013-04-09 11:15

    Laztan batzuk, belarrietara hitz goxoak xuxurlatu eta berriz dira PP eta PSOE jaun eta jabe. Alderdi txiki horiek ez dute zereginik, gustatu ala ez. D’Hont Legeak eta barruti txikiek zailtzen dute bipartidismotik ateratzea. Zeresanik ez hedabide handiek eta inertzia politikoek. Hori bai, abstentzioak gora segiko duela uste dut. Dena den, #daitort , batzuk ala besteak, antzeko parezido. Baina, aukeran nahiago Ipar Koreara soldadurik bidaltzen ez duena… edo akaso hobe joan daitezela, ezta? Guardia Zibilak ere apuntatu daitezke?

    • “DHont legeak eta barruti txikiek zailtzen dute bipartidismotik ateratzea". Barkatu Iñaki Beitia, baina DHont legea nire obsesio txiki bat da. D`Hont legeak ez du bipartidismoarekin amaitzea zailtzen, banaketarako eredu posible guztien artean ez da talde handiak gehien saritzen duena; ongi aztertzen badugu, nahiko eredu justua da. Eremu txikiena bai, zailtzen du bipartidismotik ateratzea, seguraski beste arazo batzuk saihestearen truke .

  • Nik, epe ertainera, UPYD ikusten dut Espainiako lehen alderdi. Imajinatu Europaren aginduz Parot doktrina kendu eta euskal preso politiko batzuk kalera ateratzen direla. Rosa Diezek “PPk Espainiari traizio egin dio, gu gara terrorismoaren kontra gauden bakarrak” eta abar = Espainian irabazle.

    Ondorioa: irtenbide bakarra independentzia dugula.

  • Bialderdikotasunaren birrintzea berri ona da, dudik ez, baina beste batzuek adierazi duten lez, DHont legeak hor egoteak gauzak zailtzen ditu, azken finean talde nagusiaren onura daitakar eta horrek sorpresaren bat eman bait dezake gaur agertzen diren datuetan. Aipatu, bialderdikotasuna aldatzen bada ere, azkenean jendearen borondate edo haserreak eragina dela ezin utzi aipatu gabe, bialderdikotasunean gustura bizi izan diren bi alderdiak ez baitute inoiz izan egoera hori aldatzeko asmo edo borondaterik. Badago ere beste azterketa hau, beste medio batek argitaratua http://www.elplural.com/2013/04/06/el

  • Amonamantangorri 2013-04-09 15:54

    Madrilen eserleku gehienak bi alderdien artean banatzen baldin badira ez da D’Hont sistemarengatik, baizik eta, batez ere, Espainiako hauteskunde legearengatik. Esaten denez, hautes-barrutia probintzia izanen zela erabaki zuten alderdi handiek konstituzioa negoziatzean, pentsatuz alderdi txikiei kalte eginen ziela. Alderdi nagusi guztiek ontzat eman omen zuten, baita Alderdi Komunistak ere. Gero, PCEri kontuak ez zitzaizkion hasieran uste bezala atera.
    .
    Espainian erregimena aldatzeko posibilitatea edo ba omen da: igual bai, baina horrek ez du esan nahi aldaketa hoberako izanen denik…

  • UpyD-gaz egin behar dena zera da, komunikabide guztietan desagertarazi. Ez dozue beraien albisteak emon behar. Maneiro, Gorriaran eta jende hau naska emoten doztie. Nik adibidez, twitterren blokeatu deutset jaja.

  • Agian komeni zaiguna gobernu izugarri ultraeskuindar eta Jakobinoa da. Agian.