Ukrainako guda, nola eta noiz amaituko da? Batek daki!

Ukrainako guda –

Ukrainako guda amaituta, zer? Galdera moduan jarritako izenburu horrekin Joan Mari Belokik gerra horrekiko bere hipotesia azaldu zigun pasa den abenduaren 26ko Berrian. Bertan zera plazaratu zigun, Ukrainako armada kolapsotik oso gertu dagoela, dagoeneko puntu horretara iritsi ez bada.

Ukrainako guda
Arg: ARGIA

Ausardia behar da halako hipotesia egiatzat emateko. Nik aldiz, Ukrainako gatazka inpasse gorabeheratsuan dagoela uste dut, eta zoritxarrez luzera joko duela, baldin eta Ukrainaren aliatuek huts egiten ez badiote eta bazterrean utzi. Orduan bai. Ukrainak (Davidek) ezingo lioke aurre egin Errusiari (Goliati). Baina, hipotesi hori ez da gauzatu oraingoz.

Hipotesiak hipotesi, benetan larria iruditzen zaidana da Beloki jaunaren pasartea amaieraz honakoa dioenean: Noren esku geratuko da gudari amaiera ofiziala ematea? Gaur Zelenskiren esku dago. Bihar auskalo. AEBtako agintariak ordezkoa bilatzen ari omen zaizkio. Hala ere, bat ala beste izan, eseriko denak Errusia irabazlearen exijentziak onartu beharko ditu.

Ez nago ados ezta ere. Iritziak iritzi, badago gerra bukatzeko beste modu bat askoz zuzenagoa, demokratikoa. Inbaditzailea, alegia, Errusia, Ukrainatik alde egitea. Errusiak hasi zuen gerra eta beraiei dagokie bukatzea. Nik bat egiten dut Boris Kagarlitsky Errusiar disidente kartzelatuak dioenarekin: Putinen erregimena kriminala da, Ukrainaren inbasioa kriminala da, ez dago justifikaziorik horretarako, eta horren aurka egin behar da”. Belokik diona errenditzea litzateke, eta kitto. Hori da nahi duzuna?

Belokiren artikuluan azaltzen den panoramikarekin, akabo gaur ezagutzen dugun Ukraina: “Krimea, Luhansk eta Donetsk dagoeneko Errusian txertatu dira betiko. Zaporozhye eta Jerson Errusiaren baitan geratuko dira sarri. Odessa, Jarkov eta beste hainbat eskualdek ere ia ziur hala bukatuko dutela”.

Eta hori, ikuspegi demokratiko eta internazionalistatik desastre hutsa litzateke. Alegia, inperio batek (hala Errusia ez al da inperioa?) herri ahulagoa inbaditzea aitzakia (desnazifikazioa eta desmilitarizatzea?) barregarri dela medio, berau zilegitzea eta txalotzea harrigarria deritzait autodeterminazio eskubidea defenditzen dugunon aldetik. Edo norbaitek pentsatzen du Putin etxean otso eta kanpoan uso izango dela? Galdetu diezaiotela txetxeniarrei, LGTBI+ komunitateari edota errusiar disidenteei.

Horrez gainera, Belokik gerra ondoko Ukraina “berriak” nolako gobernua izan beharko lukeen esatera ausartzen da. Abiapuntua, jakina, Errusiako propaganda zerbitzuek eta beren sokako guztiek behin eta berriz errepikatzen duten tesia dugu: “2014an Euromaidan deituriko estatu kolpea eman zutenetik, boteregune guztiak naziek eskuratu zituzten. Hamar urteotan soilik beren ideologia faxistak izan du landua izateko eskubidea. Politika horrek eta bere gidariek ez dute lekurik izanen Ukraina berrituan. Herritarrek hautatutako politikariek hartu beharko dute herrialdearen lema eta politika herritarragoa egin beharko dute. Kartzelak hustu, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, itxitako komunikabideei berriz bideak zabaldu”. Ez da esaten, seguraski besteekin beteko zituztela berriro kartzelak eta zein alderdi ilegalizatuko zituzten (Errusian bezala?) eta zer gertatuko zen ukrainar hizkuntza eta kulturarekin, LGTBI+ komunitatearekin, etab.

Bestalde, AEBak dauzkagu beti atzetik. Honakoa diosku Belokik: AEBek lortu al dute helburua? Zigorrekin Errusiaren ekonomiak krak egitea espero zuten, Putin gobernutik botatzea, Errusiako Federazioa bost puskatan haustea, bertako gobernu berriak lagun egin eta aurrerantzean bertako ondasunak eskuratzeko erraztasunak izatea”. Nik uste, horiek ez dira NATOren benetako asmoak. Arriskutsuegiak ez ezik, ez lirateke oso errealistak. Gauza bat da NATOk Errusia estutzea, kikildu eta otzandu nahi izatea eta oso bestelakoa, Errusia goitik behera amildu nahi izatea, gerra nuklearraren arriskuari aurre eginez. AEBk Errusia desegiteko asmoa balu, ez litzateke mugatuko Ukrainari laguntzera, beste ofentsiba mota burutuko luke.

Dena den, galderari buelta eman diezaiokegu: Errusiak bete du bere helburua? Belokiren hipotesia burutuko balitz, bai, jakina. Alabaina, Europari begira jartzen bagara, esan beharko dugu Errusiaren asmoa Ukraina inbaditzerakoan NATO ahultzea edo aurre egitea baldin bazen, justu kontrakoa lortu duela: Finlandia, Suedia, tradizionalki estatu neutralak zirenak, NATOn sartu dira, aurrekontu militarrak eta militarismoa indartu da, eta hibernazio prozesuan zegoen NATO berpiztu da, gure zorigaitzerako. Putinen gerra opari bat izan da inperialismo estatubatuarrarentzat, NATO indartu eta zilegitu baita ia Europa osoan.

Nik uste, Ukrainaren balizko porrotak, Ukrainako herriarentzat, Errusiako eta Bielorrusiako herrientzat kaltegarria izateaz gain, nabarmen zailduko lituzkeela Europan gizartea eraldatzeko aukerak. Bloke militarrak indartzera eramango luke, berrarmatze orokortura, eta emantzipazioaren alde borrokatzen dutenen aldekoa izango ez litzatekeen liskar-aldi batera. Putinen aldekoa den eskuin muturra hauspotuko luke. Aitzitik, Ukrainaren garaipen politikoak (militarra baino) “herrien udaberria” ekar lezake eskualdean.

Nire desioa litzateke Ukraina independente, burujabe eta demokratikoa gauzatzea, non izaera nazional desberdinek (ukrainar soilak eta errusiar-ukrainarrak) bere tokia aurkitzen duten, errepublika federal gisa. Bere burua bloketik kanpo kokatua, neutrala eta ez lerrokatua Errusia edo NATOren baitan. Nazio Batuaren babesean, baizik. Hots, nire herriarentzat desio dudana desio diot ukraniar herriari.

Ukrainako guda Ukrainako guda Ukrainako guda Ukrainako guda

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

4 pentsamendu “Ukrainako guda, nola eta noiz amaituko da? Batek daki!”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2024-02-06 20:58

    Ez ditzagun ahaz Moldavia, Georgia, Errusiari eskutik joana zaizkion Kazakstan, Azerbaian… Ez ditzagun ahaz gudara eraman dituzten beste hainbat errepublikatako lagunak, moskovitak ez beste asko.
    Ez dezagun ahaz, nagusiki, martxoan hauteskunde ekitaldia dutela Errusian (Donbasen, Zaporihzian, Krimean…??), eta ez dezagun ahaz telegerra Prigozhinek ez duela botorik emanen, eta gudan hidako 400.000 inguru morroiek ere ez. Horiek ere Putinen eta bere gerraren emaitzak dira.

  • Amonamantangorri 2024-02-12 12:41

    Joan Mari Belokik esan duenetik, kasik gauza bakarrarekin egon naiteke ados %100ean: Ukrainako estatua eta armada azkenetan daudela. Belokik aipatu ditu faktore batzuk, tartean baliabideak Israelera bideratu beharra, Ukrainari ja fusil bat hartzeko gai den jendea bukatzen ari zaiola… Beste bat ere badago, logistikarekin lotua: dirudienez, NATOren industria militarra ez da kapaz behar adina jaurtigai, ibilgailu eta errepuesto ekoizteko; Errusiak, aldiz, badauka aski gaitasun gerrari eusteko, baita Kieveraino iristeko ere.

    Giro mediatikoan ere igar bide daiteke: hedabide atlantistak hasi dira pixkanaka jendea prestatzen etor daitekeen agertoki berrirako, non Ukrainak porrota aitortu eta Errusiarekin bakea hitzartu beharko baitu, noski, hasiera batean Errusiak onartu zituen baino askoz ere kondizio txarragoetan.

    Bestalde, iruditu zait honako paragrafo hau soilik atzo jaiotako inozo batek idatz dezakeela:

    “Herritarrek hautatutako politikariek hartu beharko dute herrialdearen lema eta politika herritarragoa egin beharko dute. Kartzelak hustu, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, itxitako komunikabideei berriz bideak zabaldu… Puntu honek bete-betean egiten du bat Errusiaren Ukraina desnazifikatzeko helburuarekin eta ziur bake-mahaian azalduko dela lehen egunetik”.

    Noski, Ukrainaren “desnazifikazioa” ez dago hain urrun Estatu Batuen eta bere morroien “demokrazia eta giza eskubideak” aipatzetik. Herrialde batzuetan diktadura latzak egon arren, edo Ukrainan banderista naziak estatu-aparatuetan barru-barruraino sartuta egonda ere, benetako motiboak, funtsezkoenak, beti dira beste batzuk. Edonola ere, motiboak egon badaude, beren logika dute eta ezagutu egin behar dira.

    Funtsezko motiboen bilaketa horretan, “Errusiak hasi zuen gerra” batetik abiatzea da, barkatu, beste planeta batean bizitzea. Zenbat base militar dauzka Errusiak Mexikon, Bravo ibai bazterrean? Zer gertatu zen 1962an, Sobiet Batasunak Estatu Batuetatik 90 miliatara misil nuklearrak instalatu zituenean? Zergatik agertu zen John McCaine Maidan plazan, bertan elkartutakoei suharki hitz egiten? Nola liteke, Europako itsasoan, beste kontinente bateko potentzia batek Nord Stream leherraraztea eta Alemaniak eta europar diplomaziak txintik ez esatea, eta txintxo-txintxo AEBetako petrolio eta fracking bidezko gasa inportatzen segitu (eta Errusiako erregaia ere bai, baina bitartekarien bidez doble prezioa ordainduz)?

    Baldin, Joan Mari Belokik esan moduan, Errusiar Federazioaren administrazioa Odessa eta Jarkoveraino iristen bada, eskualde hauetan ziurrasko luzaro salbuespen egoera mantendu beharko du Errusiak; izan ere, hango biztanle guztiak ez baitira ados egonen. Baliteke urte batzuez erresistentzia armatu batek jarraitzea, atzerritik laguntza jasoz. Errusiak jardunbide “terrorista” hori ohi den moduan erreprimitu beharko du.

    Alegia, oraindik ere Estatu Batuek badauzkate moduak Errusiaren kontrako gerra inperialista mantentzeko, beti ere bere tropa propioak erabili gabe, jakina, baizik eta ukrainarrak eta beste lekuetakoak.

    “AEBk Errusia desegiteko asmoa balu, ez litzateke mugatuko Ukrainari laguntzera, beste ofentsiba mota burutuko luke”.

    Esaten ari zara AEB sar daitekeela, mozorrorik gabe, Errusiaren kontrako gerran? Bigarren Mundu Gerraz geroztik, AEBek libratu dituzten gerra bakarrak izan dira herrialde deskolonizatu, azpigaratu eta tropa boluntario irregularren kontra. Eta, hala ere, ez dute beti irabazi. American Citycen-ak baino, hobe hil daitezela kurduak, siriarrak, ukrainarrak, hongkondarrak, uigurrak… Merkeagoak dira.

  • Joxe Iriarte Bikilak idatzitako testu honi BERRIAn bertan erantzun nion. Interesik duenak nire blogean (https://blogak.eus/euskal-herritik) irakur lezake, esteka honetan:
    https://blogak.eus/euskal-herritik/ukrainako-gudaren-amaieraz-bikilari-erantzuna.

  • Gai honekin jada saturatuta nago, batez ere neoputinistak geroz eta ausartagoak dabiltzala gurean. Sentitzen dut erderaz bidaltzea enlaze hau baina beste bertsio bat irakurri nahi duenak hementxe aurkituko du.

    https://vientosur.info/afrontar-la-guerra-en-ucrania-argumentos-para-una-agenda-de-izquierdas/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude