Ukrainako gerra programatua (I)

Ukrainako gerra programatua –

Udan Zelenski eta Puigdemonti buruz aritu nintzen. Zelenskiri buruz, aitortzen dut, kaxkar aritu nintzela. Puigdemonti diodan sinpatiak eraman ninduen Zelenskik izan ditzakeen alderdi onen gainean fokua jartzera. Baina horrek batere garrantzirik ez du Ukrainako gerraren iraupen malapartatuarekin alderaturik! Noiz amaituko da jadanik bi urte eta erdi baino gehiago dirauen gerra hori? Zergatik dirau horrenbeste denboran?

Ukrainako gerra programatua

Denok dakigunez, AEBetan azaroan bozak dira. Tristea da gero europarrok demokratak (Harris) edo errepublikanoak (Trump) gailentzen diren itxaron beharra izatea Ukrainan diplomazia bideari ekinik, gerra amaitze bidean jartzeko. Eta AEBak diogunean, Israel ere badiogu, eta Ekialde Hurbileko gatazka ere. Behiala, Charles de Gaulle edo Angela Merkelekin berarekin ere, autonomia gehixeago zuela zirudien Europa Mendebaldeak, baina Ekialde Hurbilekoak eta halaber Ukrainakoak argi erakusten digute beste behin europarrok ahots politiko propiorik ez dugula, gure eliteek ez dutela, AEBek menderatuak gauzkatela. Tragedia humanitarioa alde batera, ekonomikoki Alemania atzeraldian, eta harekin batera gu ere ahulago ekonomikoki. Alde guztietatik begiratuta, Ukrainako gerrak lehenbailehen amaitu behar du.

Baina, natorren harira. Hasteko, ez naiz aditua eta laburkiro eta erabat harturik aritzera behartua nago. Francisco Veigaren “Ucrania 22: la gerra programada” deritzan liburua gustatu zait; izan ere, Sobiet Batasunaren amaieratik abiatzen da 2022ko Errusiaren inbasioraino heltzeko. Perspektiba historikotik aztertzen du, eta gako garrantzizkoak ematen ditu.

Ukraina Iberiar Penintsula baino handiagoa da lurrez. Asko sinplifikaturik, mendebaldean eta erdialdean –Iparraldera dagoen Kiev hiriburua barne– poloniarren eta austriar-hungariarren eragina izan dute, eta Europa Mendebaldera begira bizi izan dira aspalditik; hegoaldean eta ekialdean berriz –Jarkov hiri handiena. Lugansks, Donets (Donbas: Donets arroa), Dnipropetrovsk, Zaporiyia, Krimea, Odesa; eremu industrialena eta BPG handiena duena edo zuena–, aspaldidaniko errusiarren eragina dute. Beraz, gutxienez, bitan zatitua! Errusiarentzat garrantzi itzela du; SESBeko bigarren errepublika handiena zen, eta ekonomikoki eta politikoki ere bien artean mendekotasun eta harreman handia egon da eta dago.

Ukrainaren historia hurbilari loturik, Gorbatxovek Alderdi Komunistako idazkaritza hartu zuen eta urtebetera Txernobilgo tragedia kudeatzea egokitu zitzaion; alabaina lehiakide makurrena Yeltsin lider populista izan zuen. 1990eko ekainean, Yeltsinek lortu zuen Errusiako Errepublika Sozialista Federalaren Sobiet Gorenak onartzea ezen errusiar legeak sobietarren legeen menpean ez zeudela. Horrek ekarri zuen Errusiako Errepublikaren baliabide ekonomiko, bankario, fiskal eta energetikoak kontrolatzeko modua, sobietar boteretik ihes eginez, eta halaber Yeltsin proposatzen hasi zen Errusiako indar armatuak ehunetik ehun errusiarrez osatuak behar zirela egon. Esan liteke etxean izan zuela Gorbatxovek etsairik handiena!

Saiatu zen Gorbatxov 1991eko udaberrian, oinarri berrien gainean SESB berrantolatzen eta lortu zuen bederatzi errepubliketako presidenteek (Yeltsin barne) Novo-Ogariovo Akordioa onartzea apirilaren 23an, baina abuztuaren 20an berretsi behar zen, eta ez zen hala gertatu. Zergatik? Bigarren errepublika handienak atzera egin zuelako. Zer dela eta? Moskun 1991eko abuztuan estatu-kolpe frustratu bat egon zen, eta porrot horretan George Bush aitak eta Yeltsinek rol protagonista jokatu zuten. Laburturik, Gorbatxoven erreformekin desados zeuden komunistak estatu-kolpea jotzen saiatu ziren; Bushek amerikar inteligentziaren informazioan oinarriturik jakinarazi zion Yeltsini estatu-kolpeak porrot egin(go) zuela eta hark aprobetxatu zuen tanke kolpista baten gainera igo eta komunikatu bat irakurtzeko, zeinen bidez moskutar eta errusiarrei bide konstituzionalera itzultzeko galdegiten zien. Esan beharrik ez, Bushek SESB desegitea nahi zuen eta Errusia aliatua izatea, eta horretarako Yeltsin izan zuen aliatu handiena. Eta Moskun gertatuak berekin eraman zuen herrestan Kiev.

Bush aita Kieveko parlamentuan lehenbizikoz 1991eko abuztuaren 1ean izan zen –Gorbatxovi errezeloa handiak sortu zizkion, baina onartu beharra izan zuen!–, gorago kontatu dugun Moskuko estatu-kolpe frustratua baino egun batzuk lehenago. Bilera horren kronikari batek adierazi zuen Bushek bi helburu lortu zituela bidaiarekin: bata, Gorbatxoven figura politikoa ez ahultzea, eta bestea, ukrainiarren amets erreformista eta independentistei haizea ematea, eta, hedaduraz, SESBeko errepublika guztienei. Zer galdegin zion orduko Ukrainako presidente Kravchukek Bushi? Estatu Batuetan ukrainar kontsulatu bat ezartzea; bost mila milioi dolarreko inbertsioa egitea herrialdean; era guztietako laguntzak Txernobilgo istripuaren ondorioetarako; eta bide batez, herrialde komertzialki mesedetuaren estatusa ematea.

Azkenean, Sobietar Batasunaren suntsipena ekarri zuena Yeltsinen aholkulariek AEBetako aholkularien lankidetzarekin presaka martxan jarri zuten proiektu sozioekonomiko neoliberala izan zen. Burbulis eta Gaidar ekonomialariak txoke terapiaren eredua diseinatzen aritu ziren, errepublikako ekonomia merkatu ekonomiara di-da batean aldatzeko, eta Sobiet Batasuna mantentzea baztertzeko, sistema sobietikoaren hondarrak atxikitzeak errusiarrei hondamendi ekonomikoa zekarkielakoan. Trenari bere burua bota zion Zinatov sobietar grinatsuak ez zituen arrazoirik gabe Yeltsin eta Gaidar madarikatu!

Gorbatxovek Sobiet Batasuna atxikitzeko azken ahalegina azaroaren 25ean egin zuen, baina alferrik! Ordurako kanpaina handia egiten ari ziren AEBetan Bushek Ukrainaren independentzia onar zezan, beste herrialde batzuek jada egina zuten bezala. Hark adierazi zuen abenduaren 1ean egingo zen independentzia erreferendumaren ondotik onartuko zuela errepublika berria. Kontsultak %92,32 aldeko boto lortu zituen: Ukrainako eremu guztietan irabazi zuen. Inork ez zuen une hartan SESB atxiki nahi; eredu neoliberalean esperantzak jarriak zituzten, laster zapuztuko baziren ere. SESB desegiteko Ituna 1991eko abenduaren 8an sinatu zuten Yeltsinek (Errusia), Kravchukek (Ukraina) eta Shushkevitxek (Bielorrusia). Onartu orduko Yeltsinek telefonoz deitu zion Bushi horren berri emateko;  Gorbatxovi ez; bielorrusiar presidenteari utzi zion enkargu itsusi hori.

Sobiet Batasuna desegin berritan, Errusia eredu neoliberala praktikan jartzen ari zela  gertatu zen Yugoslavia ohiko gerra, serbiarrek eragindakoa, eta 1994an, NATOk bonbardaketak egin zituen Bosnian, eta 1995eko udan halaber, kroaziar eta musulman bosniarrak serbiarren erasoetatik babesteko, eta 1999an, Kosovon, NBEren oniritzirik gabe. Serbiar ortodoxoak, tradizionalki errusiarren senideak bonbardatu zituen NATOk eta egindako indar erakustaldiaren ondotik, zabaldu egin zen: Polonia, Txekia eta Hungaria 1999an sartu ziren; Eslovenia, Eslovakia, Bulgaria, Errumania eta Baltikoko hiru errepublikak 2004an.

Putinek 1999an hartu zituen boterearen bridak Yeltsinen eskutik, eta ezer egiterik ez zuela ikusi zuen hura guztia. Eta 1998an jadanik eredu neoliberalaren itxaropena lurrundua zen Errusian, krisi ekonomiko larrian sarturik baitzegoen. 1999ko urtea Errusiaren umiliazioarena izan zen; Sobiet Batasuna baino beherago jausia zen; ez sozialismoa eta ez kapitalismoa, eta jadanik potentzia erregionala bihurtua zegoen. Baina ez denbora luzerako; laster bilakatuko zen potentzia militar berriz ere, Putinen agintepean.

Ukrainako gerra programatua  Ukrainako gerra programatua  Ukrainako gerra programatua  Ukrainako gerra programatua  Ukrainako gerra programatua

Saiakera-idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude