Ukraina: irabazteak galtzea dakar

Ukraina: irabazteak galtzea dakar –

Ander Ros, Ukraina-Errusiazalea, BERRIAn.


Gure aita preso egon zen Leningradon 1945ean. Atxilotu zuten errusiarrak gorrotatzen ez, baina hauek errespetatzen ikasi zuen, eta herri hori maitatzen irakatsi zigun. Bestalde, familian ukrainar bat izan dut eta ukrainarrak ere maite ditut, nola ez bada! Bereziki kezkaturik eta mindurik nauka gerra honek, biziki kezkatzen eta mintzen nauten gainerako guztien gainetik.

Ukraina: irabazteak galtzea dakar
Arg: GiselaFotografie

Esaera zaharrak dio jokoa ez dela errenta, eta ondo dakigu jokalariari gerta dakiokeen txarrena sari bat irabaztea dela. Horrek berriro jokatzera bultzatuko du eta ludopatiara hurbilduko. Gerra ere ez da errenta, eta gerran irabaztea, jokoan bezala, arriskutsua da. Beti dago, jakina, galtzaileei etekinak ateratzen dizkiena, negozioa joko-etxea izan, arma fabrikatzailea izan zein botere gosea izan.

Gerrak urtea betetzen duen honetan, gerra urtea gezur urtea dela dakarkigu gogora beste esaera zahar batek. Hauxe da gerra honen arma nagusia: gezurra, hipokresiaz eta lotsagabekeriaz maneatua. Egia lehen biktima. Errusiarrek informazioa manipulatzen duten aitzakiaz, manipulazio propioa garatu du Mendebaldeak, manipulazioa eta zentsura zorrotza. Ez da erraza errusiarren iturrietatik zuzeneko informazioa jasotzea, mendebaldekoen bertsio errusofoboa irentsi behar dugu nahitaez. Errusiarrei gauza bera gertatuko zaie segurki, beren gobernuaren manipulazio eta zentsurarekin. Urtebete bete du orain gerrak, eguntxo batzuk baino ez dira falta Pablo Gonzalez euskal kazetariak Polonian preso urtebete egiteko. Denok isilik.

Beste biktima nagusi bat demokrazia bera da. Putin diktadorea den aitzakiaz, NATOk eta estatu aparatuek hartu dute agindua, herritarrak ordezkatzen dituzten parlamentuen gainetik. Parlamentuak ere, nolanahi dela ere, zorpeko obedientzia berena eginik, bertsio militarista ofizialari makur. Orobat, Errusian gauza bertsua, gordinago aukeran, disidenteak isilarazi bakarrik ez, baita kartzelaratu ere. Ukrainan ez finago. Ez dakit zenbat alderdi politiko utzi dituzten honezkero legez kanpo. Ez dira herritarrak, ezpada agintariak. Errusia herri maitagarria da, ez bere agintari homofobo autoritarioak; ukrainarrak maitagarriak dira; ez, alabaina, beren agintari ustel filofaxistak. Gerra egoeretan botere berezia hartzen dute beretzat berez boteretsuak zirenek. Demokrazia are gehiago debaluatzen da halakoetan. Gerrak dena justifikatzen du.

Justizia ondorengo biktima. Gerra bukatuta, Errusiak buruturiko gizateriaren kontrako krimenak larrutik ordaindu beharko dituela errepikatzen digute behin eta berriro, horretarako epaitegi berezia apailatu beharko dela eta abar. Bien bitartean, Errusiak eta errusiarrek kanpoan zuten eta izoztua-edo zieten dirua zuzenean konfiskatzeko legeak eta abarrekoak moldatzen ari dira. Ezer epaitu aurretik, jakina. Epaia aspaldi emanda dago. Ondo legoke bai, gerrak pizten eta bultzatzen dituztenei eragindako kalteak ordainaraziko balizkiete. Ez da sinesgarria, ordea.

Ez al daramate dozena bat urte Sirian mota guztietako krimenak burutzen? Azkena lurrikara lazgarri bat gertatu berritan. Irakekoa edota Libiakoa ez zaio inori ordainarazi behar? Nork kitatu behar du Yemengoa? Turkiarrak, israeldarrak edo marokoarrak kurdu, palestinar eta sahararrekin burutzen ari diren genozidioak ere ez dira epaitu eta pagarazi behar? Putin eta bereak al dira munduko gaizkile bakarrak? Ukrainak berak ez al ditu bere herritar errusofonoen bizilekuak behin eta berriro bonbardatu?

Horrenbestez, herritarroi gerta dakigukeen gauzarik onena gerra honetako guzti-guztiek galtzea da, asko galdu ere. Horixe da gerra errepikatu nahi ez dezaten bermerik onena. Armagintzaren lukuru lizun aseezinak xaxatuta munduko txoko guztietan gerrak piztea beste zereginik ez dutenek, hauen diskurtso hipokrita debalde erosten dutenek, gerra oroz gain lehenesten dutenek, gatazka politikoak armen bidez konpontzeko joera edo irrika dutenek, gezurra eta manipulazioa irentsarazi nahi dizkigutenek… urtebetez ankerkeriaren aurrean geldirik eta isilik jarraitzen dugunok, denok merezi dugu asko galtzea, horrela bakarrik motibatuko gara bakea, egia, demokrazia eta justizia gerrari gailenarazteko borrokan. Irabaz dezaten, asko irabazi ere, betiko bakea, gerra zuzenean errurik gabe pairatzen ari direnek eta neutraltasunari eutsiz gerraguneetara laguntza humanitarioa helarazten ari direnek.

Ukraina: irabazteak galtzea dakar  Ukraina: irabazteak galtzea dakar  Ukraina: irabazteak galtzea dakar

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.