Ukrainaren ondoren, Georgia?

Ukrainaren ondoren, Georgia? –  

Jack Matlock AEBetako enbaxadorea izan zen Errusian 1987-91 urteetan. Sobietar Batasunaren amaiera lehen lerrotik ezagutu zuen, protagonistetako bat izan baitzen negoziazio haietan. 95 urte ditu eta burua argi eta eskarmentuz betea. Oso ongi dakizki Ukrainaren azken bi hamarkadetako gorabeherak eta Georgiak haren lepotik ikasi beharko lukeela dio, antzeko prozesua ez pairatzeko bere lurretan. Elkarrizketa Lasha Kasradze Sokhumiko Unibertsitateko irakasle georgiarrak egin dio. Enbaxadorearen adierazpenak bakarrik jaso ditut, laburtuta.

AEB Amerikako Estatu Batuetatik eta EB Europako Batasunetik saiakera bat egin zen, Ukrainako politika kontrolatuz, Ukraina Errusiatik urruntzeko. Hori burugabekeria izan zen. AEBek sekula ez lukete onartuko atzerriko base militarrik gure hemisferioan zabaltzea. Hori erakutsi genuen Kubako misilen krisian, Sobietar Batasunak han legez misil nuklearrak ezarri zituenean eta guk gudaren mehatxua egin genuenean. Nahiz eta hura ez zen legez kanpokoa onartezina zen eta, zorionez, Kruschev eta Kennedy akordio batera iritsi ziren. Sobietar Batasunak misilak publikoki kendu zituen, eta Kennedyk Turkian aurrez ezarritakoak kendu zituen, baina publiko egin gabe. Kruschev garaitu bezala geratu zen, hala izan ez zen arren. Garai hartan Moskun nintzen eta ez nuen antzeman gerra nuklearretik zein gertu egon ginen.

Ukrainako indarkeria 2014an hasi zen. Argi zegoen Ukraina ezin zela EBn sartu, ez baitzituen baldintzak betetzen. EBren proposamenaren arabera, Ukraina ez zen benetan sarreratik gertu izan inoiz, politikoki ezinezkoak ziren zenbait urrats ematea eskatzen baitzitzaien. Aldi berean, Errusiak askoz ere eskaintza oparoagoa egin zien. EBn sartu nahi zuen sektoreak pausu horrekin arazo guztiak konponduko zituela uste zuen, baina hori sekula ez zen gertatuko, beren arazoak barne-arazoak baitziren, herrialdea sakonki zatituta zegoelako.

Errusia ez da inperialista

Ukrainako ekialdean ukrainarrek errusieraz hitz egiten dute eta hainbat mendez Errusiako inperioan bizi izan dira. Orain Ukrainaren barruan daude, eman zitzaien independentziaren lehen unetik. Ez zuten borrokatu behar izan, eta nork gidatu zuen independentzia hori?: Boris Yeltsin Errusiako Federazioaren presidente hautatuak. Izan ere, Errusiako buruzagia izan zen Sobietar Batasuna desegin zuena eta SESBko hainbat errepublikari independentzia eman ziona. Errusia beti inperialista dela eta etengabe zabaltzen saiatzen dela dioen ideia ez da egia. Bai, ordea, argi geratu zen AEBek Ukrainako gobernantzan sakonki eragin zutela.

2014ko otsailean gertatu zen estatu-kolpea errusiarren gehiengoarentzat AEBen eraginaren ondorio gisa gertatu zen, Ukraina Errusiatik bereizteko asmoz. Hori onartezina zen. Georgiak harreman onak behar ditu bere inguruko herrialdeekin, bere gutxiengo etnikoekiko errespetu handiagoa behar du, eta bere arazoak EBko kide bihurtuta ere ez direla konponduko ulertu behar du. NATOri ezetz esatea nahi nuke eta AEBek hori onartzea espero dut. Bakea eta arazoak indarkeriarik gabe eta gerrarik gabe konpontzeko moduak bilatu behar baititugu.

Errusiak ez dio utziko Ukrainari atzerriko aliantza militar bateko kide izaten, AEBek bere inguruko herrialdeei atzerriko aliantza militar bateko kide izatea onartuko ez dien bezala. Georgiari lagunduko dion gauza bakarra bere ekonomia eta kultura modu baketsuan eraikitzea da, denekin harreman onak izanik eta gatazkatan sartzea saihestuz. AEBek beren mugetatik gertu mehatxu militarrik ikusita jokatuko luketen bezala ari da jokatzen Errusia. Halako egoeratan urte askotan jardun dut negoziatzen eta hasieratik NATOren hedapenaren aurka agertu nintzen, arazo larriak sortuko zituela aurreikusi bainuen.

Georgiako lege gatazkatsua AEBetakoaren oso antzekoa da

AEBek harreman ona izan beharko lukete Georgiarekin. Laguntza ekonomikoa eskaini beharko lioke, baina bere barne-politikan nahastu gabe. Ez dut uste jokabide horrek inoiz onik dakarrenik. Gaur egun ikusten dudan arazo handitako bat demokrazia hedatzeko saiakera da. Kanpoko batek ezin du demokrazia zabaldu, beste baten politikan sartzen den bakoitzean lagundu nahi dituen pertsonei kalte egiten dielako, atzerriko agenteak direla ematen duelako. Ez dut uste barne-politikan sakonki inplikatuta dauden erakundeak finantzatu behar ditugunik. Atzerriko funtsak jasotzen dituzten erakundeek erregistratu behar izatea eskatzen duen legea AEBetakoaren oso antzekoa da. Beraz, Georgiako gobernua horregatik zigortzea okerra dela uste dut, eta gaitzesten dut.

Ukrainaren auzian Georgiak Errusiaren aurkako zigorrekin bat ez egitea guztiz zuzena izan zela uste dut. Zigor horiek ez dute Errusiako ekonomia kolapsatzea lortu eta, gainera, Ukrainako inbasioaren berrikuspena eragiten ari dira, eta inbasioa probokatua izan zela erakusten. Hortaz gain, Errusia, Ipar Korea eta Iran aliatu bihurtzen ari dira, eta hori Mendebaldearentzat txarra dela uste dut.

AEBek Georgiaren aurka eragin dituen boikotak akatsak izan dira. Georgiarentzat oso kaltegarriak izanen bailirateke. Kaukasoko arazoak bide baketsutik konpondu behar dira, eta ez etengabe auzokoak bereizten saiatuz. Arazoak ez dira AEBen edo EBren esku-hartzearekin konponduko, tokikoak baitira. Oso zentzuzkoa iruditzen zait Georgiak Errusiarekin errespetuzko harremanak izatea.

Hurrengo hauteskundeetan (urriak 26) aterako den emaitza atzera botatzeko deiak guztiz onartezinak dira. Eta irabazleak beste georgiarrei mendeku hartzea ere. Garrantzitsuena hauteskundeak egitea da eta, ondoren, oposizioak nahi dituen politiken aurka egiten jarraitzeko askatasuna izan dezala. Utz dezagun hautatuak legez kanpo kentzen pentsatzeari.

Bukatzeko, Errusia boikotatzeko baldintza nahiko arrazoigabea izan dela uste dut, Ukrainako gerra amaitu ondoren berrantolaketa bat izanen baita.

www.youtube.com/watch=JNZRC3

Ukrainaren ondoren, Georgia?

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

5 pentsamendu “Ukrainaren ondoren, Georgia?”-ri buruz

  • “Errusiak ez dio utziko Ukrainari atzerriko aliantza militar bateko kide izaten, AEBek bere inguruko herrialdeei atzerriko aliantza militar bateko kide izatea onartuko ez dien bezala.”
    Bi inperio nazkagarri hauek mundua heuren artean banatzeko zilegitasuna dutela uste dute. Gainerakoak ideia hori barneratzeko bezain memeloak ote gara?

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-10-28 22:40

    MIE, bonba nuklearrak erabiltzen lehenak eta bakarrak AEBak izan dira, Hiroshiman eta Nagasakin, 1945ean biak. Misil nuklearrekin lehen mugimendu arriskutsua berriz ere AEBek egin zuten, Turkian eta Italian jarri zituztenean, Errusiari begira noski, 1959an. Erantzun gisa, Sobietar Batasunak Kuban beste batzuk ipini zituen, hauek AEBei begira, hain zuzen, 1962an. Negoziazioen ondorioz bi herrialdeek berenak erretiratu zituzten eta gatazka nuklearraren arriskua bertan behera geratu zen. Diotenez, misil bakoitzak Japonian botatakoak baino ehun aldiz bortitzagoak ziren. Geroztik, AEBek misil nuklear gehiago jarri dute Europan. Beti bezala Errusiara begira. SESBk lehen eta Errusiak gero ez diote mehatxu horri erantzun. Erantzun ezaren interpretazio okerra egiteagatik agian, NATO Ukrainan misil nuklearrak jartzeko urratsak ematen hasi zen. Lehen urrats gisa, Ukrainak eskaera hori bideratu zion NATOri. Orduantxe erabaki zuen Errusiak prozesu hori gelditzeko eskaera egitea Bideni 2021eko udazkenean. Mehatxuari eusteko apustuarekin Bidenek aurrera egin zuenez, Putinek armada errusiarra Ukrainan sartzeko agindua eman zuen misil nuklearrik lur horietan jar zedin saihesteko helburuaz. Hemen AEBek hasieratik jokatu dute erasotzaile moduan. Eta Errusiak bere burua babesteko asmoz. Ezin ditugu parekatu erasotzailearen eta bere burua babesten duenaren jarrerak.

  • Mikel Haranburu 2024-10-29 20:43

    Joan Mari, esango didazu tipo horrek ez duela garrantzirik, eta ez duela Errusia ordezkatzen… badakit, baina horrelakoak badaude Errusian, eta aktiboki ari dira jendeen iritzia moldatzen, bideratzen, norabait eramaten. Putinzale amorratu Ivan Okhlobystin delakoak honelakoak esan berri ditu jende aurrean:
    “Errusia inperio bat da, eta edozein inperio hedapenean ahalegintzen da. Eta guretzat ez da atsedenik izango Errusiak planeta osoan bere babestokia ezarri arte. Jainkoak berak agindu zigun eginkizun hau, Bizantziar armarriarekin eta armarriarekin batera. Hirugarren Erromako handitasuna, horregatik deitzen gaituzte Jainkozko herria”. Eta segituan jendearen txalo beroak.
    Itzulpena Googlek egin dit, Telegrametik, bideoaren audioa Errusieraz dago eta azpitituluak Ingelesez.
    Lagun hori Letonian eta abarretan ez dute batere maite…
    Tira, Errusian ere fundamentalistak jo eta ke; Putin ez bide da akort izanen, baina horrelakoek egiten diote lana, errekrutamendu garaia iritsi denean. Horrela elikatzen dute gerra makineria.
    Hiroshima eta Nagasakiko bonbak direla eta, argitan eduki behar dugu bonba horiek gerra baten erdian bota zituztela, eta gerra bera bukaraztekotan. Zoritxarrez, teknologia landu eta lortu zuten AEBetan, baina esaten da Alemania ere horren bila zebilela.
    Bestalde, gerraren ondoren, AEBetan Rand Corporation eratu zuten, eta bertan pentsalari mordoa bildu, batez ere armadari aholku emateko, blokeen artean ziren tirabirak tartean. Haietako batzuk SESB besterik gabe erasotu beharra zegoela omen zioten, lehen kolpea ematekotan, eta ez bigarrena. Zorionez ez zuten beren iritzia garaile ikusi, eta zorionez SESBek ere ez zuen eraso egin. Berriro ere diot nik, hala ere, horiek orain dela 60 edo 80 urteko kontuak direla, eta gaur egun planetak buelta batzuk gehiago emanak dituela. Errusiak afera horiek bizi-bizirik ditu, ordea…
    Georgia hurrengoa izanen den… 2008an jadanik jukutriatan hasi baitzen han… ez dakit hurrengoa den, ala inperioa hedatzeko beste aukera bat.

  • Mikel Haranburu 2024-10-29 20:48

    Bidenabar, NATOren hedapena izan da Ukraina inbaditzearen “albo garaipena” Errusiarentzat, Finlandia eta Suedia orduan sartu baitira, eta halako biziberritze batean sarrarazi baitu NATO gerra honek.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-10-30 10:02

    Mikel, goiko enbaxadore honek bezala, aurretik beste enbaxadore baten hitzak ere ekarri nituela uste dut -gainerakoan hor nonbait artxibatuta ditut-, eta biek hala biek Errusia ez dela inperialista azpimarratzen dute. Horrek argi utzi beharko liguke hala dela, batetik yankiak direlako eta bestetik enbaxadore izanik Errusia barru-barrutik ezagutu dutelako. Moskun bizi izan diren edo maiz bertara joan diren analistek ere hori bera esaten dute. Zer argudio dugu Errusia oso ongi ezagutzen dutenei ez sinesteko? Hemen jasotzen dugun propagandaren gezurren ondoriozko arrazoiak bakarrik, esanen nuke.
    Bestalde, Errusia orain estu-estu lotuta dago Txinari eta BRICS taldeko gainerako herrialdeei, eta erantzun guztiak kolektiboak izaten ari dira, Iranen kasuan garbi ikusi den bezala. Iranek Israeli jaso zuen lehenengo erasoan ez zion erantzun. Bigarrenean jostailu zaharrak jaurtikiz. Hirugarrenean bakarrik eman zion erantzun gogorra, baina leku militarrera bakarrik eta zibil bakarra ere hil gabe. BRICS ari da finkatzen etorkizun geopolitikoa eta ekimen indibidualek dagoeneko ez dute lekurik. Herrialde inperialistek ez dute lekurik gaur egun ez BRICSen eta ez inon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude