Trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako –

Joseba Gabilondok bere blogean.

Hipotesia: hauteskunde arruntak ala faxismoaren garaipena?

Aste honetako AEBtako hauteskundeak, alde batetik begiratuta, oso arruntak izan ziren: gobernuan zegoen alderdiak, demokratak, galdu zuen, ekonomikoki ez zuelako egoera nahikoa hobetu: indize makroak (inflazioa, langabezia…) onak badira ere, eta Europak beretzat nahiko balituzke ere, indize mikroak, hots eguneroko supermerkatu erosketak eta etxebizitza errenta, oso garai segitzen dute. Hots, boto-emaile arruntak ez zuen astearteko hauteskundeetarako nahikoa hobekuntza ekonomiko ikusi Alderdi Demokratari konfiantzazko botoa emateko. Bill Clintonen esaldi ezaguna errepikatuz, hain zuzen berari presidentzia ziurtatu ziona, it’s the economy, stupid!

Baina oraindik ere hegemon global den inperio iparramerikarrean hauteskundeak gertatzen direnean, ondorioak munduko alde guztietan jasaten dira, harri bat uretan botatzean sortzen dituen uhin kontzentrikoen hedapen etengabearen antzera. Eta kasu honetan Trumpek faxismorako bidea zabaldu du AEBn eta, beraz, mundu guztian. Bere helburua gobernu osoa bere nahi eta apeta ez-demokratiko eta autoritario guztietara makurtzea da, behar denean konstituzioa alboratuz. Ezagunak dira Trumpek Hitlerrekiko erakutsi duen miresmena eta, oro har, edozein diktadore eta figura autoritariorekiko (Putin, Kim, Modi, Orban, Xi…). Hitlerri bere jeneralek zioten fideltasun itsua miresten du eta nahi du bere gobernurako. George Floyden erahilketaren ondorengo manifestazioen aurka, Washingtonen eleiza historiko baten aurrean azaldu zenean 2020an, bere aurka protesta egitera inguratu ziren manifestariei (hiritar amerikar kideei) armadak zergatik tiro egin ezin ziezaiekeen ez zuen ulertzen Trumpek. Eta jakina, 2021ko urtarrilaren 6ko matxinada ere berak eratu eta/edo ustiatu zuen; porrot egin zuenean bakarrik erabaki zuen salatzea. Itzuliko gara faxismoaren definizio tekniko bat emateko, baina goiko egitateek Trumpen autoritarismoa lekutzen laguntzen digute.

Azkenik AEBko Gorte Gorenak carte blanche eman dio edozein “ekintza ofizial” legearen beldurrik gabe aurrera eramateko, “ofiziala” den bitartean. Teknikoki, bere etsaiak erail ditzake inongo erreperkusiorik gabe. Balizkako egoera tekniko hau Gorte Gorenaren aurrean eztabaidatu zen erabakia hartu aurretik. Trumpek bere presidentziaren hasieran 10 milioi etorkin (ilegal eta legal) bizkor deportatuko dituela iragarri du. Are gehiago, eta konstituzioak ia ezinezko bihurtzen badu ere, Trumpek bi presidente-aldiren muga legala pasa eta hirugarren presidentzia hirugarren aldi baterako hedatu nahi duela esan du “txantxan”, , erregimen demokratikoetatik sortzen diren baina bigarren aldirako presidente autoritario bihurtzen den edozein diktadore saiatu den bezala. Paisaia politiko honen azken ondorioa, eta garrantzitsuena, zera litzateke: faxismoak, autoritarismoak eta diktadurek osatzen duten espektro edo banda etengabea bihurtu daitekeela munduko beste Estatu eta gidari politiko ororentzat eredu, hots, Trumpek faxismo global bati ateak zabaldu dizkion hipotesia eztabaidatu behar dugu, hots, espektro faxista global bat sortzen ari den hipotesia.

Europan ere, oraindik ere gehiengoak faxismoaren aurkako ezponda edo eustorma indartuz Estatuek demokraziari eusten diotela uste badu ere, dagoeneko autoritarismoaren bide hau hartu du. Erreinu Batuko lehen ministro laboral Starmerek edo Frantziako presidente Macronek eskuin erradikala neutralizatu dutela uste badute ere, eskuin horren beraren politikak bere egin dituztelako izan da bakarrik. Frantzian egiazki agintzen duena Marine Le Pen da. Estatu espainiarrean ere Sanchezek bere burua salbatzeko edozein akordio sinatzen du, eta eskuinaren edozein politika bereganatu du, bere eginez, boterean segitzeko. Dudarik ez dago, eskuin muturreko alderdiek (AdF, Rassemblement national…), Trumpen babesarekin eta Austriako garaipenaren aurrekariaren bultzadarekin, gogorrago erasoko dietela gobernu europarrei eta hauteskundeetan ere presentzia eta garaipen handiagoak izango dituztela. Gainera, Trumpen eraginez eta Europar Batasunak berak ekialdera egindako hedatze saioen ondorioz, Ukraniako gerrak kapitalismo europarrari ekonomia-arlo oso bat ireki dio: karrera armamentista. Hots, “Trumpez/AEBz ezin gara fidatu eta gure buruak babestu behar ditugu” ideologia berriaren ondorioz, gerra negozio europar ere bihurtu da, faxismorako baldintzak hedatuz, lehen etsaia hiritargo europarra bera izango baita, etorkinekin batera. Aurrekontu publikoen %2a arlo militarrari atxekitzea, gerraren ekonomia europarra sortzea da[1].

Beraz gure buruei galdetu behar diegu: aste honetako politika estatubatuarra zer da, ekonomian zentratutako hauteskunde arruntak ala faxismoaren garaipena? Biak, nahiz eta bigarren aukera boto-emaile gehienek ez duten kontutan hartu eta Trumpen bigarren presidentziaren amaiera ere ekarriko duen, amaieran ikusiko dugun bezala. Eta, ondorioz, hau litzateke hemen eztabaidatu nahi dugun hipotesia: hauteskunde iparramerikar horiek, maila globalago batean, errejimen faxista-autoritario heterogeneo baina hegemoniko baten espektroa ezarriko al du ordena global berri bezala? Are gehiago, orain artean AEBen gainbehera inperialak mundu multipolar bat (Errusia, Txina, India, Europar Batasuna….) sortuko zuela uste bagenuen ere, zeinetan industria digitalak (AA, plataformak…) aginduko zuen hala nolako “teknofeudalismo” batean, hipotesi hau ere berraztertu behar dugu. Mundu poloanitz batera ala, aitzitik, mundu konplexuago baina hegemonikoki faxista batera goaz, non poloen diferentziak baino guztien kondizio faxista edo autoritario partekatua den ezaugarririk nagusiena?

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako


Trumpen hegemonia dekonstruituz: hutsegite demokraten emaitza

Trumpek irabazi ditu hauteskundeak eta ia demokratak umiliatzerainoko garaipen batekin gailendu da. Oraindik ere boto kontaketa amaitu ez bada ere, Trumpek dagoeneko ia 5 milioi botoko aldea atera dio Harrisi (Trump: 72,185,253; 67,401,585) edo botoen %3. 2016an Trumpek hauteskunde kolegioaren  boto gehienak atera zituen (electoral college, botoen arabera estatu bakoitzak kongresura bidaltzen dituen ordezkariak presidentea aukeratzeko) baina ez boto-emaile kopuru handiena (popular vote). Diferentzia botoak estatuka kontatzearen ondorio da; errepublikarrek ez zuten “herri boto” edo popular votea irabazi 2004az gero.

Baina Trumpen aldekoak ere sorpresaz hartu dituen garaipen erabakigarri hau demokraten hutsegite askoren ondorioa baino ez da. Ez zen ekidinezina edo ezinbestekoa; demokratek ere irabazi zezaketen. Ikus ditzagun hutsegite zenbait.

Hutsegite lehena eta garrantzitsuena zera litzateke. Bidenek aspaldi esan zuen presidente trantsizionala zela —4 urterakoa bakarrik, ez bi aldi edo 8 urterakoa— eta beraz hor nonbait, 2022an, Kongresurako hauteskundeak pasatakoan eta errepublikarrek uste zuten garaipen itzela lortu ez zutenean, Bidenek alde batera egin behar izango zukeen. Hala, demokratek hurrengo presidente hautagaia aukeratzeko prozesua hasi zezaketen ganoraz eta astiz. Bi urteko aurrerapenarekin gauzak beste modu batera aterako ziratekeen. Harrisek hiru hilabete izan zituen bere kanpaina martxan jarri eta burutzeko, uztailean azkenik Bidenek etsi eta gero, Trumpekin izandako eztabaidan azaldutako ahultasunaren ondorio.

Bigarren hutsegitea ez da Bidenena bere kabineteko kide batena baizik. 2021ko urtarrilean, Trumpek Kongresuaren aurkako matxinada eratu eta/edo gidatu zuenean, estatuko fiskal orokor eta justizia ministro (attorney general) zen Merrick Garlandek Trumpen aurkako lege prozesua hasi behar izango zukeen, errepublikar tradizional askok Trump bera ere salatu zuten hasierako momentu hartaz profitatuz. Alabaina, Garlandek Trump ez prozesatzea erabaki zuen eta ia bi urte beranduago Kongresuak berak bere ikerketa egin zuenean (azken txostena 2022ko abenduan plazaratu zuten) bakarrik azaldu zen Trumpen esku zuzendaria argi. Garlandek orduan bakarrik ikusi zuen Trumpen aurkako prozesu legal bat hastera behartuta zegoela. Baina, Brasilen Bolsonaroren aurkako prozesu goiztiarraren kasuan ez bezala, beranduegi zen. Azken bi urteotan, Trumpek lortu du prozesu eta epaiketa horiek guztiak atzeratzea eta orain berak ezarriko duen fiskal orokor berriari eskatuko dio prozesu legal guztiok lurperatzeko. Hots, Garland baino fiskal orokor azkarrago eta erabakitzaile batek dagoeneko Trump kartzelan izango zukeen. Bai, kartzelan egonda ere, lege iparramerikarrak utziko ziokeen hari hauteskundeetara aurkeztea (gertatu da behin lehenago), baina ez zatekeen kanpaina bera izango eta ez zukeen, errepublikarren artean ere, babes bera izango. Edo Alderdi Errepublikarrak presidentziarako beste hautagai bat aukeratuko zukeen.

Hutsegite demokrata gehiago daude, baina hauek dira nagusiak. Haien ondorioz gertatu dena denok ikusi dugu: 3 hilabetean ezinezkoa zena burutu du Harrisek: kanpaina bat martxan jarri eta burutzea. Baina, espero zitekeen bezala, ez du hain garaitzerik lortu. Misoginiaz eta arrazismoaz geroago mintzatuko gara.

Baina oraindik ere geratzen zaigu Bidenen presidentziaren eta Harrisen kanpainaren aurretik, askotzaz lehenagotik, demokratek egin duen hutsune orokorrago bat —handiena, garrantzitsuena eta zentralena— aipatzea. Trumpek ez bezala, demokratek ez dute politika populista ulertu eta/edo uko egitea erabaki dute. Aztertu dezagun azken hutsegite hau aurrekoetatik berezita.

Picture

Picture

Demokraten neoliberalismo aurrerakoia dekonstruituz: Bernie Sanders

2020ko hauteskunde primarioetan (primary elections) demokraten artean presidente hautagai nor izango zen erabakitzeko prozesuari Iowak eman zion hasiera, estatuz-estatuz zenbait hilabetetan hedatzen baita jarduna. Lehenengo estatu jira eta gero Biden azken geratu zen. Guztien aurretik zihoana Bernie Sanders zen. Hego Karolinako hauteskunde primarioetara iristean bakarrik lortu zuen Bidenek lehen garaipen argi bat. Alderdi Demokrataren aparatu politikoak momentu horretan ulertu zuen Sanders blokeatu behar zutela, bere mezu zinez populista —Trumpen ezin antzekoagoa baina bertsio sozialdemokratan— orduan alderdian nagusi zen joera askoz eskuinekoagoaren aurka zihoalako: neoliberalismo aurrerakoia. Gainera, teknikoki, Sanders ez da demokrata, independentea baizik, gehienetan botoa ematerakoan demokratekin lerratzen bada ere Kongresuan. Ondorioz, orduan oraindik ere leian ziren beste hautagai guztiek (Buttigieg, Gabbard, Bloomberg, Klobuchar…) berek lortutako botoak Bideni eman zizkioten Sanders gerarazteko. Hau da demokraten hutsegiterik handiena, goian aipatutako beste biak baino itzelagoa, politikoki demokratentzat zentzu estrategikoa baino ideologikoa zuena.

Zein diferentzia dago neoliberalismo aurrerakoi (Biden, Alderdi Demokrata) eta populismo sozialdemokrataren (Sanders) artean? “Neoliberalismo aurrerakoi” terminoa Nancy Fraserek sortu zuen (The Old Is Dying and the New Cannot Be Born, 2019) demokraten huts ideologikoa izendatzeko. Bill Clintonen presidentziaraino jaitsi bagaitezke ere, Barack Obama presidente zela (2009-2017) bihurtu zen dotrina hau nagusi eta zentral Alderdi Demokratan. Neoliberalismo aurrerakoiak, sistema kapitalista zuzenean kuestionatu gabe, gutxiengo sozialen eskubide zibilak defendatzen zituen: multikulturalismoa eta feminismoa. Baina, gutxiengoen defentsa zibil horrek ez zuen osagarri ekonomiko argi bat, eta hala haiei era elitista batean bakarrik ematen zien sarrera merkatuan eta politikan: Obama bera ere “lehen presidente beltza” izan zen, baina beltzen egoera ekonomikoa ez zen hobetu eta, are, hobetzea ere ez zen inoiz Obamaren neoliberalismo aurrerakoiaren ajenda.

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako

Neoliberalismo aurrerakoiak gutxiengoen eliteak babestu eta indartu bazituen ere,  haien gehiengoa merkatuaren esku utzi zituen laguntzarik gabe. Hala, eta elite sinboliko batzuen salbuespenarekin —diputatu gay bat, goi mailako enpresa bateko CEO asiar-amerikar bat, unibertsitate bateko presidente beltz bat, gobernadore hispano/latino bat….— gutxiengo gehienen egoera ekonomikoa ez zuen aldatu. Gainera, gutxiengo eliteak aldarrikatzean aurrerapen sozial handien irudi bezala, gutxiengoen gehiengoak are gehiago zapaltzen zituen neoliberalismo aurrerakoiaren ideologia demokratak. Ez ahaztu Obamaren kontseilari ekonomiko nagusia, Lawrence Summers neoliberal sutsua, gero Harvardeko presidente izango zela eta hitzaldi batean emakumeen ahalmen kognitiboak gizonenengandik “diferenteak” zirela defendatu zuela inplikazio argiz: behereagoak ere bazirela (“innate differences in aptitude between men and women).  Obamak 2008ko krisia ondo kudeatu zuen eta AEB krisitik atera zuen. Horregatik izan zen aukeratua bitan, baina azpian zetzan egitura ekonomikoa eta bere egituratze ideologiko neoliberala ez zuen aldatu eta gutxiengo gehienen —hala nola klase langile zuriaren— egoera okertu egin zen.

Horregatik 2020ko aurre-auteskundeetako demokraten hutsegite handia zera izan zen: Sanders populista, gutxiengo guztien egoera aldatzeko haien egoera ekonomikoa aldatu behar zela azpimarratzen zuen hautagai bakarra ez hautatzea. 2020rako COVID indar betean zegoen eta azkenean milioi bat pasa estatubatuar hil zituen, ekonomia ia geraldi beteraino eramanez. Trumpek ezin okerrago kudeatutako egoera politiko honetan, edozein hautagai demokratikok irabazi izango ziokeen hari, Biden barne. Baina Sanders 2020an gibeleratzean, aste honetan, 2024an, jasandako desegigo edo porrot umiliagarri eta esperogabearen haziak erein zituzten, demokratek ez bezala Trumpek politika populista ondo ulertu zuelako hasieratik.

Biden beti izan da zentrista eta kasu askotan eskuinekoa ere. Arrakasta handiz bere presidentziaren hasieran (2021-2021) aurrera atera zituen politika aurrerakoiak ez zituen bere kabuz bultzatu baizik eta Alderdi Demokrataren hego ezkertiarragoaren bultzadaz. Eta hain zuzen diferentzia edo ia kontraesan honengatik, Bidenek ez du inoiz asmatu bere politika populistei itxura edo aurkezpen populista bat ematen. Ekonomikoki azken 30 urteetako presidente eraginkorrena izan da ekonomia mailan, baina bere izate zentrista-eskuineko eta ez-populistak ez dio utzi edo ahalbidetu bere politika ekonomikoa era populista batean aurkezten. Ez du jakin bere lorpenak boto-emailegoari era populista batean “saltzen”, ez du jakin bere ahalmenik handiena politikoki publiko bihurtzen, hein handi batean bereak ez zirelako hasiera-hasieratik.

Zer esan nahi dut “era populista batean aurkeztea edo saltzea” diodanean? Lehen froga aste honetako hauteskundeetan dago: boto-emaile gehiengoak Biden ekonomiarentzat kaltegarria izan dela adierazi du, hots, hark ekonomia ez duela bide onean ustiatu, nahiz eta azken 25 urteetako politika ekonomiko onena izan —COVID profitatuz enpresa handienek ezarri dituzten beharrezko salgaien prezio goregiak beheratzen, edo behintzat esplikatzen, asmatu ez badu ere—. Mezu ekonomikoa era populista batean aurkezten jakin duena Trump izan da. Presidente ohiak jakin du Bidenen arrakastarik handiena eta eraginkorrena haren aurka zuzentzen eta, aitzitik, bere presidentzia kaotikoko ekonomia errezionista “egonkorra, onuragarria, aberasgarria…” eta abar zela aldarrikatzen.

Trumpen maniobra populista hau errepublikarrek aspaldi ikasi duten teknika baten ondorio da: etsaiaren alde indartsuena haren aurka zuzendu eta erabat ahuldu. Trumpek, antza, bere rally edo elkarretaratze guztiak galdera berarekin hasten omen zituen: “orain dela lau urte baino hobeto edo okerrago zaudete?” (“are you better off or worse than four years ago”). Hala, Trumpek eragindako baina Bidenen presidentzian indartu zen errezesio ekonomiko batetik atera ez den boto-emaileak erantzun “begibistako, egiazko, eta eztabaidaezin batekin” erantzun du taigabe: okerrago! Erantzun horrek, ia era nostalgiko batean, Trumpen presidentzia “garai baikor, hazkor, ideal” bezala birsortzen edo berreraikitzen du erretrospektiboki. Garai trumpiar hobeen nostalgiak  estatubatuarren erdiak baino gehiago liluratu ditu. Are, slogan ere bihurtu da momentu ideal eta idiliko hartara berriz itzultzeko desira: make America great again. Esaldi honek inoiz existitu ez den eta kokapen historiko zehatzik ez duen “Amerika arranditsu” bat esan nahi du, baina baita Trumpen presidentziaren garaia (2020-2017) zeina, orain, betetasun eta hazkundezko Amerika nostalgiko eta idiliko bihurtzen den.

Populismoak beraz mezu oso motz eta erabat ulerterraza (“egia berdaderoa, eztabaidaezina”) eratzen du, etsaiaren indarrik handienaren aurka, eta mezu hori lider edo buruzagiarekin pertsonalki lotzen du, abstraktua izateari utz diezaion eta pertsona/gorputz batekin bateratu dadin. Horrela, boto-emaileak afektibitate mota guztiak buruzagiaren gorputzaren kontra/alde desplegatu ditzake: amodioa, gorrotoa, harrotasuna, erreberentzia, makurtzea, miresmena, gaitzidura (indignazioa)…. Teoria populista abstraktua interes duenarentzat gehitu dezadan hau: bere teoriko nagusia den Ernesto Laclauren arabera, populismoak “adierazle huts edo/eta jaun” bat bihurtzen du antagonismoaren artikulazio-ardatzaren erdigune eta, horrela, ordena politikoaren aurkako antagonismo hegemoniko bat sortzen du[2]. Trumpen analisi zehatz eta teoriko laclauar eta argi bat euskaraz irakurtzeko jo nire liburura: Populismoaz: subiranotasun globala eta euskal independentzia (2017).

Picture

Picture

Esan bezala, Biden tradizio liberal kontserbatzaileago batetik dator eta arrazoi populistak nola funtzionatzen duen ez dakienez, Trumpen populismoaren biktima bihurtu da. Bere ekarpen garrantzitsuen eta indartsuena, ekonomia, bere ahuldade bihurtu du Trumpek. Hala, ez da harritzekoa hauteskunde biharamunean Sandersek mezu ezin argiago eta populistago batez erantzun bazion Alderdi Demokratari, haren hutsegite ez-populista salatuz:

Ez litzateke sorpresa handia izango konturatzea langile klasea abandonatu duen Alderdi Demokratak orain idorotzea langile klaseak hura abandonatu duela era berean. Lehenik, langile zuriak ziren [Alderdi Demokrata abandonatzen], eta orain langile latinoak eta beltzak ere bai. Buruzagi demokratek statu quoa defendatzen duten bitartean, amerikarrek haserre segitzen dute eta aldaketa nahi dute. Eta arrazoi dute. Diru interes handiek eta Alderdi Demokrata kontrolatzen duten aholkulariek benetako leziorik ikasiko al dute kanpaina negargarri honetatik? Ulertuko al dute dozenaka milioi amerikarrek jasaten duten mina eta alienazio politikoa?Sandersen “adierazle huts edo/eta jaunak” klase langilea hartzen du subjektu antagoniko hegemoniko populista bezala. Hori da bere mezuaren erdigunea eratzen duen subjektua: sufritzen ari den klase langilea. Mezu populista hori egun zaharkitua geratu da, ez baita bakarrik klase langilea baizik eta giza talde zabalago bat, non klase ertaina eta lan egiten ez duten jendetza multzo ugari ere sartzen diren. Baina Sandersek eta bere klase langilearen aldarrikapen populistak beste edozein mezu demokratek —Bidenenak, Harrisenak— baino arrakasta handiagoa izan duela ezin da ukatu, baita boto-emaile demokraten artean ere.Baina populismoa eta, bereziki, Trumpena eta bere arrakasta ulertzeko, populismoaren historiaren beste ezaugarri bat ulertu behar dugu lehenengo: instituzioen krisia.

Picture

Picture

Estatua eta bere instituzioak dekonstruituz: Steve Bannon

Biden administrazioak eta Harrisen kanpainak oraindik neoliberal-aurrerakoiak ulertu ez duen beste baldintza bat behar du populismoak bere indar eta eragin politiko guztia desplegatzeko: Estatuaren eta bere instituzioen ahultze edo/eta indargabetzea. Eta AEBren kasuan gainera kontutan hartu behar dugu estatu global inperialista bati buruz ari garela. Beraz, orain ikus dezagun Estatu ahulduaren eta populismoaren arteko erlazioa Trumpen eta AEBen kasuan. Sinbolikoki Steve Bannon, Trumpen 2016ko kanpainaren ideologo nagusiak esplizituki esan zuen: gure helburua “Estatu administratiboaren dekonstrukzioa” da (“the deconstruction of the administrative state”).Eskuinak aspaldidanik proposatu duen politika tradizional bat kapitalismo neoliberalak are gehiago indartu du: Estatuaren eta bere instituzioen ahultze eta desegiteak kapitalismoari eta eliteei laguntzen diela eta buruzagi populista autoritarioak hobesten dituela. Are Estatu instituzioek pot egitean hedatzen du populismoak bere indar osoa eta, aldi berean, demokrazia atzean utziz, faxismorako baldintzak sortzen ditu. Alegia, kapitalismo neoliberalak bere hedatze globalerako demokrazia oztopo dela erabaki duenetik, ordena postdemokratikoak indartzea erabaki du, liberalismoak XIX. mendetik aurrera sortutako Estatua eta bere instituzioak ahulduz.Horregatik eskuinak aspaldidanik ekin dio Estatuaren instituzioen ahultzeari AEBn, salbuespen bakar batekin: armada eta armamentu gastua, hots, gerrarako dirua. 2023an gobernuak bere aurrekontuen %13a arlo militarrari egokitu zion, hots $820.000 milioi. Aurrekontu hau urtero hazi da, eta demokratek eta errepublikarrek, biak ala biak, onesten dute. Bada aldian-aldiko beste salbuespen bat Estatuaren ahultze postdemokratikoari ekiditen diona. Ironikoki, neoliberalismoak “Estatu komunista” bat ere inbokatzen du, berak sortutako krisi ekonomikoak konpontzeko: merkatuarentzako Estatuaren laguntza eta eskuzabaltasuna eskatzen du era ia “sozialista” batean, “industria guztientzako laguntza!”, aldi berean hiritargoarekiko laguntzak “diru-galtzea, alperrentzako diru-xahutzea, merezi gabeko karitatea, funtsen erabilera berekoia, eta abar” bezala kategorizatzen dituelarik.Estatuaren ahultze neoliberal postdemokratikoa bi frontetan egin da. Alde batetik, %0.1aren elite klaseak kongresuari eta gobernuari lobbya egiteko milioika dolar xahutu ditu, hain zuzen Estatuak gero eta indar edo ahalmen gutxiago izan dezan merkatuaren eta industriaren erregulazio mota guztietan. Helburua, kapitala giza arlo guztietara errazago hedatzea da, Estatuaren kontrol, gainbegiratze eta tartekaritzarik gabe.

Beste aldetik, Musk, Murdoch edo Thiel bezalako eliteko bilionariak komunikabideak kontrolatzen saiatu dira (Fox News, Twitter/X…), aldi berean, beste komunikabide batzuen jabe bilionari liberalagoak bortxatuz (Bezos-Amazon, Zuckerberg-Meta-Facebook, Cook-Apple). Helburua hiritargoarengan Estatuarekiko eta gobernuarekiko mesfidantza sortzea da eta, hedapenez, baita elite neoliberal aurrerakoiekiko. Hemen, unibertsitate ikasketarik gabeko jende xedearen mesfidantza ere sartu behar da, unibertsitate ikasketak dituztenen aurka, zeinak, “botere zapaltzailearen” aliatu bezala aurkeztu dituzten. Komunikabideen berregituratze horren emaitzarik umoena postegia (postruth, ez dut egiondo hitza laket) eta berri faltsuak (fake news) dira, non gizarte gehienak onartutako egiak faltsu bihurtzen diren, aldi berean faltsukeriak egia “berdadero” bilakaraziz. Historikoki Estatu eta gobernu ororen aurka berez mesfidatia izan da hiritargo iparramerikarra: jende zuri puritanoa gobernu europar absolutuetatik ihes eginez emigratu zuen Ameriketara eta, beste aldetik, jende beltzak eta indigenak egun oraindik sufritzen dute gobernuaren zapalketa, poliziarekin arrazistarekin hasita. Hala, hiritargoa are mesfidatiago bihurtu da Estatuarekiko eta bere instituzioekiko postegiaren eta berri faltsuen ondorioz, instituzio horiek ahulduz. Azken ondorioa zera litzateke: konspirazioa eta paranoia (konspiranoia) errealitatea atzemateko eta ulertzeko modu nagusi bihurtzen hasi da AEBn. Kongresuko kide errepublikar batek, Marjorie Taylor Greenek, oraintsu defendatu zuen, serioski, gobernuak baduela teknologia eguraldia aldatzeko eta Floridako azken hurakanen kulpantea Bidenen gobernu iparamerikar demokrata dela. Instituzioen ahultzean goian aipatutako bigarren frontearen eraginaren ondorioetako bat maskulinitate iparamerikarraren biregituratze are atzerakoiago eta patriarkalagoa, aldi berean itxura berritzaile eta modernoago batez horniturik bere burua aurkezten duelarik. Musk eta Zukerbergen arteko borroka desafioak argi uzten duen bezala -azkenean ez ziren borrokatu- “technobroaren” (txo teknologikoa) ideala indartu da; baita Sam Bankman-Fried bezalako cryptobroak edo Andrew Tate bezalako influencer misoginoak. Bere bertsiorik errotikakoenean incel mutilzaharra –involuntary celibate- bihurtzen amaitu du. Joe Rogan UFCko (Ultimate Fighter Competition) esatari izan zenak oraintsu podcast oso eraginkorra sortu du, plataforma guztietan dagoena; Spotifyk $100 milioi ordaindu zion bere plataforman azaltzeko. Esatari hori dugu maskulinitate berri honen defendatzaile eta propagandistarik eragingarriena. Trumpi egin hauteskunde bezperetan egin zion elkarrizketak eta eman zion babes edo endorsement publikoak gizonezko gazte (heterosexual, zuri) izugarri erakarri zituen Trumpen bandora.Trumpek ere maskulinitate berri hau zentralki gorpuzten du, betsio zaharrago batean bada ere:  negozio gizon azkar, zuur, moralgabe eta bortxatzailea, “a winner”/irabazle bat. Ez da kasualitatea bere errealitate showak, The Apprentice, eman bazion behar zuen azken bultzada Estatu mailan arrakastatsua eta popularra bihurtzeko. Hots, telebista programa batek bihurtu zuen hautagai politiko populista ezin egokiago. Trumpek “politikoki zuzena” den guztiaren aurka agresibitatez erantzuten du, legez kanpo dagoena ere egiteko edo aurrera eramateko duen ahalmena goraipatzen du, eta oso zentralki emakumeak eta beste arraza/etnizitatetako gutxiengoak gutxiesten eta iraintzen ditu. Trumpek aurre egin behar izan dion emakume orori “nasty, stupid” deitu dio sistematikoki eta, E. Jean Carrollen kasuan hura bortxatzeagatik kondenatu zuen legeak bitan, ia $100 miloiko isuna ezarriz. Stormy Daniels porno langilearen kasua ezaguna da. Era berean, mexikarren eta puertorricoarren aurka esandakoak edo defendatutakoak (criminals, rapers / island of garbage) bere gutxiengoen aurkako joera arrazistak argi azaltzen ditu eta botere zeinu bezala aurkezten ditu.

Maskulinitate bortitz eta iraingarri honek, politika populistaren erdian kokatzen denean, Estatuaren eta bere instituzioen ahultzea konpondu dezakeen subjektu bakar bezala aurkezten du bere burua.  Technobroa bada Trumpen atzean dagoen irudi ideala, halere, hark maskulinitate populista berri horri beste dimentsio bat gehitu dio: klaserik gabeko subjektu unibertsalarena. Trump ez da gauza parrafo oso bat eskolan ikasitako ingeles estandardaren legeei jarraikiz osatzeko. Baina hain zuzen horrexegatik, klaserik beherenek ere Trumpen ingeles batzuetan ia inkoherentea elitista ez den zeinu bezala ikustatzen dute eta beraz haren diskurtsoarekin identifikatzen dira; bere ingeles inkoherentea ez da hutsune edo gabezia bat baizik eta bere unibertsaltasun populistaren azken zeinu. Zentzu honetan, onartu behar da “MAGA” slogana bera –Make America Greta Again- jenio saltzaile tranpati baten asmakizuna dela: txapel gorri bat bezala eraman daiteke, analisi politiko zoli eta konplikatuak egiteko beharrik gabe, eta bizitzeko modu bat ere bihurtu da (the MAGA people). Hots, telebista bera (Fox News), plataforma bera (Tweeter/X, Truth Social) eta rally bera erabiliz boto-emaileari bizitza oso bat eratzen dion Trumpek, pentsatzeko beharrik gabe. Sentitzearekin nahikoa da: erresumina, gorrotoa, herra, gaitzidura, eta abar Trumpen gorputzarekin eta bizimodu estiloarekin identifikatuta bizi eta senti daitezke. “Estatua eta bere instituzioetan konfiantza jarri ezin daitekeen garaiotan” Trumpen gorputza eta slogana, MAGA, bihurtzen dira guztirako erantzuna, egia ulertu, bizi eta sentitzeko modua. Trump bihurtzen da arazo guztien erantzun, mezu eta gorputza.

Picture

Picture

Trump-MAGA-jendea artikulazioak, gainera, bere egia, erresumina eta gaitzidura ekonomiko-kultural-sozialak indartzeko, logika populistari jarraikitzen zaizkion etsaiak behar ditu: etsaia existentzialak, kanpokoa eta barrukoa. Etsaia kanpoko etorkin ilegala da eta, aldi berean, barneko hiritar transexuala —ez homosexuala edo lesbiarra, horiek orain ezin baitira erabat normalitatetik bota, baizik eta trans “munstroa”—. Bi etsai existentzial horien artean pentsamendu eta ideologia populista errepublikarra eratu da oso era estrategikoan. Lehen etsaia, etorkina (hispanoa, latinoamerikarra), ekonomiaren alorrarekin lotzen da: etorkinak datoz gure lanpostuak ohostera, gure ekonomia desegitera. Bigarren etsaia, subjektu transa, gizartearen eta kulturarekin lotzen da: transek natura eta biologia (jainko kristauaren ordena) eraldatzen dute eta beraz inor ez da salbu. Transek “guztiok partekatzen dugun natura eta biologia hori” kinkan jartzen dute eta, beraz, gure zibilizazioaren etsai arriskutsuenak dira, Amerika great egin beharrean, bere hondamendira eramaten baitute. Etorkin ilegala eta hiritar transa etsai paretsuak dira: 11 milioi etorkin ilegal daude gutxi gora behera AEBn eta hiritar transak populazioaren %0,5 edo 15 milioi lagun dira.

Horregatik, Trumpen ekonomiaren mezu nostalgikoaren eta gorpuzte maskulinistaren artean sortzen den politika populistak lehen momentu batean bere alde egongo ez liratekeela dirudien subjektu ugari (aberatsak, emakumeak eta gutxiengoak) erakartzeko ahalmena eta aukera sortu du. Eta erakartze populista horrek esplikatzen du Trumpen garaipen itzela, izan ere bere populismo eskuindarrak izugarrizko malgutasun ideologia lortzen du, hasieran bere aurka zeuden subjektuak ere erakartzen baititu. Nostalgia ekonomikoaren eta maskulinitate bortitzaren konbinazioak ematen dio Trumpen populismoari bere indarra eta malgutasuna: “indarra etsaiak suntsitzeko” eta “malgutasuna arazo guztiak erabat konpontzeko”. Ikus ditzagun goian aipatutako hiru subjektuak banaka.

Aberatsak: Musk, Murdoch, Prince, Thiel eta Kochs anaia(k), bezalako bilionari ezagunek -eta ezagunak izan gabe petrolioaren, armamentuaren eta finantzen industriaren jabe direnak, hala nola BlackRockeko CEO Larry Fink- aktiboki eman diote botoa Trumpi eta bere alde dirutzak gastatu dituzte. Page, Cook, Bezos edo Zuckerberg bezalakoek pasiboki jokaera bera izan dute. Trumpekin identifikatu dira eta bere hautagaitza babestu dute. Musken kasua da esanguratsuena eta Trumpen populismoaren ahalmenen adierazlerik onena halaber. Bere Tesla auto elektrikoak eta, beraz, bere aberastasunaren oinarri nagusiena, demokratek eta liberalek erosi dituzte nasusiki. Trumpek eta eskuinak betidanik auto elektrikoen aurkako posizioa hartu dute. Beraz lehen momentu batean, badirudi Muskek hobe lukeela demokraten alde egin. Alabaina Trumpen malgutasunak bere aldera ekarri du hura[3]. Bezos edo Zuckerberg bezalakoak, aldiz, Trumpen ideologia anti-liberal eta eskuindarrarekin identifikatzen ez badira ere eta, are, aurka badaude ere, Trumpen alde egin dute, pasiboki izan bada ere (Bezosek, adibidez, bere egunkari The Washington Posteko talde editorialari debekatu egin zion Harrisen aldeko babesa argitaratzea). Biek ulertzen dute Estatua eta bere instituzioak ahultzeak beren konpainia itzelentzat askatasun eta bilakatze aukera handiagoak sortuko dituela. Are gehiago, nahiago dute presidente autoritario eta nartzisista bati jaboia ematea, hiritargoaren talde handi baten botoek hobetsitako erabaki politikoen aurka aritzea baino. Errazagoa da. AIPAC, ALEC edo Heritage Foundation (2025 proiektuaren arduraduna) bezalako taldeak ondo finantziatzea ere errazagoa da.

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako

Emakumeak: Gehiengoak Harrisi eman dio botoa, baina emakume zuriak bereizten baditugu, horiek Trumpi eman diote botoa; hots emakume zurien gehiengoak Trump babestu du. Hots, misoginoa eta bortxatzailea den eta, gainera, abortuaren eskubidea ilegal bihurtzea ahalbidetu duen hautagaiari eman diote botoa emakume zuriek. Itxuraz ilogikoa ematen duen boto aukera honek berriro ere Trumpen ideologiaren malgutasuna erakusten du. “Bai, misoginoa da, bortxatzailea, abortuaren aurkakoa, baina Estatua eta bere instituzioak hain ahul diren garai hauetan, eta errezesio batean salneurri oso garaiekin pobretuta bizitzea suertatu zaigun garaiotan, Trumpek ongizate eta joritasun ekonomikoa ekarriko dizkigu eta gizon zuria den aldetik (erabakiak hartzen eta boterea erabiltzen dakiena….) “edozein emakumek baino hobeto gobernatuko du nazioa, are gehiago emakume hori zuria ez denean”. Are gehiago, abortua legalizatzeko ekimenei botoa eman zitekeen estatu askotan (Florida, Arizona, Colorado, Maryland, Missouri, Montana, Nevada, New York…) emakume zuri askok abortua legalizatzearen aldeko ekimenaren alde botoa eman dute, baina baita Trumpen alde ere. Jakina emakume zuri hauen arrazismoak zein punturaino baldintzatu duen Harrisen aurkako botoa ez dugu inoiz zehazki jakingo, baina argi dago beste faktore bat izan dela Trumpen ideologia populistaren arrakastan. Motz esanda, Trumpen ideologia populista indartsu eta malguak era kontraesankorrean botoa emateko aukera eman die emakumeei eta batez ere gehiengoa den emakume zuriei.

Etorkinak eta populazio hispano/latinoa: Hispano edo latinoen gehiengoak ez dio botoa eman Trumpi. Baina, halere, tradizionalki demokratei botoa eman dien eta oraingoan Trumpen alde egin duen latinoen ehunekoa izugarri igo da (2020 %32, 2024 %46; hots %14ko igoera), hain zuzen Trumpek irabazteko behar zituen boto kopurua. Etorkinek eta “hispanoek” argi eta garbi entzun dute Trumpen mezua, hain zuzen beraiek bezalako subjektuen aurka zuzendu duena. Hots, etorkin mexikarrei “bortxatzaile eta kriminal” deitu ondoren eta Puerto Rico “zabor ugarte bat” dela bere rally batean entzun eta onartu eta gero, argi dago Trump etorkinen aurkako hautagaia dela. Are gehiago eta bere laguntzaile Steve Milleren ekimenez, kanpainan argi iragarri zuten lehenengo egunetik deportazio masiboak eragingo zituztela, 10 milioi etorkin kanporatu arte. Emakumeen kasuan bezala, hiritar bihurtutako etorkin batek Trumpi boto ematea kontraesankorra dirudi, baina haren ideologia populistaren malgutasunak ahalbidetzen du kontraesan hori gainditzea. Xen eta antzeko plataformetan azaltzen diren elkarrizketa batzuetan ikusi ahal izan den bezala, Trumpen ideologia ekonomikoarekin erabat identifikatu diren hispano edo latino ugari azaldu dira, jakinaren gainean beren kasua ere izan zela lehenaldian (etorkin ilegal bezala etorri zirela AEBra). Peruar bati galdetu zioten elkarrizketa batean zergatik eman zion botoa Trumpi eta erantzuna “guri lanpostuak kentzen dizkiguten etorkinak deportatuko dituelako” zen. Gero bera nongoa zen galdetutakoan “Perukoa” erantzun zuen elkarrizketatuak. Jakina, bere ideologia populistari esker, Trumpekiko identifikazio ekonomikoak sortzen duen aukera malgua bihurtzen da, eta etsaiak besteak direnez (beste etorkinak) “ni ez, besteak deportatuko ditu” pentsatzeko edo fantasiatzeko malgutasuna ematen dio populazio latino edo hispanoari: “neu ez bezala, orain datozen etorkin kriminal eta gaiztoak bakarrik deportatuko ditu, etsaiak”. Etxean bertan senide etorkin ilegalak dituzten boto-emaile latino ugarik aitortzen dute Trumpi eman diotela botoa. Jakina bere senideak deportatuko ez dituen fantasia dago jokoan, nire senide ilegalak ez direlako etsaiak, ez dira gaizkileak.

Beltzak. Hemen berriro ere antzeko egoera bat ikusten dugu. Gehiengoak Harrisi eman dio botoa, baina gizon beltz gazteen artean Trumpek boto gehiago jaso ditu.

Gizon-zuriaren fantasia. Azkenean, Trumpen malgutasun ideologikoak “gizon zuri” izatearen fantasia eskaintzen die aipatu gutxiengoei. Adibidez:  “hispanoa naiz, baina Trumpi botoa ematean subjektu unibertsala bihurtzen naiz, ez gutxiengoa. Gutxiengoak besteak dira, Trumpek gaitzesten dituen etsaiak. Neu MAGAren eta egiaren aldean nago. Neuk ekonomia zuzentzeko behar den Trumpen egiaren alde nago bakarrik, ez naiz gutxiengoen ‘identitate politika gezurtian’ sartzen”. Hau da ideologia populista trumpiarraren azken maniobra malgua.

Beraz hiru “gutxiengo” taldeen artean, emakumeak, hispano/latinoak eta beltzak, Trumpek ez du gehiengoa lortu, baina bere ideologia populista malguari eskerrak, orain artean beste ezein errepublikarrek jaso ez duen babesa lortu du: nahikoa boto hauteskundeak bere alde iraultzeko[4]. Trumperen baserik handiena unibertsitate ikasketak ez dituen langilego zuria izan da, hain zuzen Alderdi Demokratak ezarian-ezarian alienatu duen talderik handiena. Talde honetan, galera ekonomikoa nabaria da eta horrek sortzen dituen afektuak: haserrea, erra, gaitzidura. Aurreko gutxiengo taldeetan ez bezala (hispanoak, beltzak), hemen osagai historiko garrantzitsu bat dugu. Talde hau izan da historikoki “nazioa” ordezkatu eta gorpuztu duena, hots, “nazioaren” subjektua eta Estatuaren babes osoa jaso duena. 1990ko hamarkadatik aurrera elite neoliberalek hedatu duten globalizazioaren ondorioz, talde horrek bere egoera ekonomiko eta soziala okertzen ikusi du. Baina talde horrek elite hori unibertsitate ikasketak dituzten demokrata neoliberal aurrerakoiekin (multikulturala eta feminista) identifikatu du, ez elite neoliberal kontserbatzailearekin, eta, beraz, haren aurka paratu da. Ondorioz, herra eta gaitzidura ekonomikoa era berean arrazismoa, homofobia, etnofobia eta abar bihurtu dira talde honetan. Ez daude bi errealitate horiek erraz bereizterik: gaitzidura ekonomiko-soziala eta gutxiengoen aurkako fobia. Aldiz, elite neoliberal aurrerakoiak talde zuri hori “jakingabe, idiota, irrazional, gutxitu…” bezala identifikatu du eta, beraz, demokrata eta errepublikar arteko arrakala klase artekoa bihurtu da: klase zuri langile “arrazista, homofobo, jakingabe, irrazional” errepublikarrak aurka egin dio elite neoliberal aurrerakoi multikultural feminista “pribilegiatuari”.

Horregatik politika populista errepublikarrak gero eta arrakasta handiagoa du eta, aldiz, demokraten indar politikoa gutxituz eta ahulduz joango da, batez ere jira populista bat egiten ez badute. Harrisek zuen epe motzean kanpaina txundigarri bat egin du, baina ez zuen MAGAk kondetsatzen zuen politika populistaren antzekorik: neurri ekonomiko oso zuhur eta arrazional batzuek, slogan bat edo beste “we are not going back” (ez gara atzera itzuliko), esperantzaren eta alaitasunaren afektibitate murritzegia, eta kito. Besterik ez. Galera ekonomikoak sortzen duen haserre, aitzidura, beldur eta antsietatearentzat demokrata harristarrek ez zuten erantzun eta ideologia afektiborik. Harris ere demokraten ideologia neoliberal aurrerakoiaren ordeko eta jarraitzaile da eta, 2008ko krisia eta gero, Obama presidentziaren urteetan balio izan badu ere, bere antzutasuna erakutsi du egungo krisien aurrean.

Demokratek ezkerreko populismo aurrerakoi baten alde egiten ez duten artean, galdu egingo dituzte hauteskundeak. Oraindik ere ikusteko gaude Trumpek 2019-2020ko COVID krisiaren antzeko egoera katastrofiko baten aurrean berriro ere arazoak konpontzeko gaitasun gabezia bera erakutsiko duen edo/eta bere programa eta erabaki politikoek nolako kaosak eta krisi ekonomikoak sortuko dituen.  Era berean, ez dakigu Trumpen populismo autoritarioak zein ondorio izango dituen nazioarteko mailan eta bere etxe barneko eta kanpoko politikek nola eragingo dioten elkarri. Horregatik, hipotesi bat bakarrik aurreratuko dugu.

(behean, unibertsitate ikasketak dituztenak (goiko karratu urdina) eta ez dituztenak (beheko karratu gorria), Trumpen (puntu gorria) edo Harrisen (puntu urdina) alde botoa eman duten estatuka azaltzen duen grafikoa. Laburpena: unibertsitate ikasketak ez dituztenek Trumpi eman diote botoa eta alderantziz)

trump eta faxismo globala: hipotesi bat datozkigun garai ilunetarako

JARRAITU IRAKURTZEN

trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala trump eta faxismo globala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude