Tio Pepe
“Osaba Joxeren” etorkizuna Puerta del Sol-en oraindik erabakitzear dagoela dirudi. Aurreko urtean fino (Andaluzian ekoiztu eta edaten den ardo zuria) botilak, kapelak, gitarrak eta txaketa gorriak osatzen duten logotipoa, Tio Pepe izenarekin ezaguna dena Espainia osoan zehar eta González-Byass enpresari dagokiona, Madrilgo zentrutik desagertu zen. Urte zaharrerako hantxe espero zuten berriz hiritarrek, baina espainiar hiriburuaren argazki tipikoa ezin izan da errepikatu oraindik.
1936tik zeraman bertan, 80. Hamarkadan egindako lan eta argi-iragarkien aurkako legeei eutsi zien, baina Tio Pepek deskantsatzen zuen hotelaren irabazi eskasek eta eraikina berritzeko beharrek zabaltzan zuen tokia libre uztera eraman zituzten jabeak. Ekainaren amaieran bertan behera geratuko da jabeen eta González-Byassen arteko akordioa, azken hauek borrokan dirauten arren botila beltza bere betiko tokira itzul dadin. Gainera, hiritar eta publizista ugari Tio Peperen defentsan mugitzen hasi dira.
Udalari dagokionez, itzuleraren alde jarri omen da ere. Alkate-ordeak azaldu duenez, hots, Miguel Angel Villanuevak, hiriko gobernuak ardo-ekoizleei itzultzeko aukera erraztuko die, logotipo hori Madrilgo kulturaren parte izan baita 76 urtez, eta hiritarren eskaera eta nahia zaindu behar direlako. Are gehiago, askok hiriaren beraren ordezkaritzat jo izan dute.
Tamalez, gauzak ez dira horren errazak; eraikina pribatua denez, “auziaren” konponbidea ez dago udalaren esku eta jabe berriek hartu beharko dute azken erabakia, hain zuzen ere, Apple teknologia enpresak. Zati bat hutsean duen sagarra izango ote da Madrilgo turismo-irudien protagonista hemendik aurrera?
Iritzi bat zein beste eduki, gauza bakarra dago argi: Puerta del Sol-ek beste bat dirudi Tio Pepe barik, onerako nahiz txarrerako.