Swift eta Mendilibar
Swift eta Mendilibar –
Amatiñok bere blogean.
“Izar azpian mundua dago” dio Joxerra Gartziaren* kantak (1) . Baina, behar bada, mundua ez ezik, munduak dira izarpetan daudenak. Taylor Swift eta Jose Luis Mendilibar bezain mundu berdinezak bai, behintzat.
Taylor Swift kantari iparramerikarraren bi ekitaldiek bazterrak asaldatu dituzte Madrilen eta enparauan. Julia Fernández kazetariak idatzi du: “Nadie que viva en este planeta –y no sea un anacoreta—puede decir que no ha oído su nombre”. Hor ba, nire inguruan bat baino gehiago dira, gara, euren burua anakoretatzat ez izan arren, aurreko igande arte ez zekitenak Taylor Swift izeneko inor zenik ere munduan.
Alferrik hiruzlapau egunkari egunero irakurri, irrati-telebista ikusi, hainbat plataformatan sartu edo udal-liburutegiaren zerbitzuaz gero eta sarriago baliatu, nire inguruan Taylor Swift OHE/UFO hutsa zen. Ez da zahartzaroko interesik eza, interesaren aurreko antzeman nahirik eza baizik, galbahe-lana. Irakurri beharrik gabeko email aspergarriak sailean ezabatzen diren bezalaxe-edo. Ez da, gero, batere erraza mendian perretxikorik aurkitzea perretxikotan ez bazoaz.
Bakoitza bere munduan bizi da. “Mihiluze” ,“Atrápame si puedes” edo beste hainbat lehiaketa ikusi besterik ez dago konturatzeko, makina batek ez genukeela sekula ezer irabaziko, nahiz, aitzitik, ustezko lehiakiderik bizkorrenek sarriegi asmatu ez guri oinarri-oinarrizko eta zeharo errazak iruditzen zaizkigun galderak. Hainbat mundu paralelotan bizi gara.
.
Teoria eta praktika
Jose Luis Mendilibar entrenatzaile zaldibartarra ere bere munduan bizi da. Zenbait futbol-aditu ezagunek askorik ulertzen ez duten munduan, nonbait. Aurreko otsailean joan zen Greziara inoren ordezkoarenak egitera, eta maiatzean irabazi du Olympiakos Futbol Taldeak (Pireo, 1925) sekula mende osoan lortu duen lehen kopa europarra. Nola egiten da hori? Nork daki, baina ez da lehenengo bider izan.
Iazko martxoan Sevillak fitxatu zuen Mendilibar, lehen-lehen mailako bi entrenatzaile ospetsuk porrot egin ostean. Mendik, zulotik irtenarazi ez ezik, Sevillak Europa League irabaztea lortu zuen hiru hilabete geroago. Zelan egiten ote den hori?
Canal Sur TVko inguruari jaramonik egingo badiogu, jokalariak etsita omen zeuden, nora ezean, Jorge Sampaoli entrenatzaile argentinarrak proposatzen zizkien teoria eta estrategia sofistikatuak ulertu ez eta nola praktikan jarri asmatu ezinik.
Mendilibar asteartez heldu omen zen. Lur jota, makur-makur zegoen taldeari zer esango hurrengo igandeko partida prestatzeko eta, laburtu beharraren beharrez, hona agindua, aholkua edo dena delakoa: “Golik ez jasotzeko modurik seguruenetakoa da, aurkariek norberaren atetik ahalik eta urrutien iraun dezaten ahalegintzea. Eta golik egiteko, berriz, beti ere aurkariaren atetik ahalik eta hurbilen jardutea. Zuek jokalari onak zarete, futbolean dakizue, mamuak utzi eta dakizuena dakizuela frogatu”. Gero gerokoak.
Lehen igande hartan Sevillak irabazi egin zuen aspaldiko partez; baita hurrengoan eta hurrenaren hurrengoan ere. Eta hiru hilabete geroago Europa League kopa eskuratu, Manchester United, Juventus eta Roma gainditu ostean. Izorrai!
Seguru, gero, Taylor Swiftek ez dakiela nor den Jose Luis Mendilibar. Eta postura egingo nuke Mendilibarrek ere ez zekiela Swiften berri… nahiz zenbait kazetarik baino mundu gehiago izan.
.
(1) “Izarapean”. Imanol Larzabal eta Txomin Artola abeslarien errepertoriokoa. Behin esan nion hondarribiarrari izugarri kanta polita iruditzen zitzaidala, eta Txominek erantzun: “Maitemindurik daudenei gustatu ohi zaie”.
Swift eta Mendilibar