Suediar bat atxilotu dute etxeko sukaldean erreaktore nuklear bat eraikitzeagatik
Suediar bat atxilotu dute etxeko sukaldean erreaktore nuklear bat eraikitzeagatik –
— Zientziarekin jolas egitea harrigarria da eta denbora-pasa benetan entretenigarria bihur daiteke. Gauza bera pentsatu zuen Suediako 31 urteko langabe batek eta, jakin-minak jota, etxeko sukaldean erreaktore nuklearra eraikitzeko erronkari ekin zion. Baina, zoritxarrez, bere fisika-abentura Suediako poliziaren belarrietara heldu zen eta Richard Handl gaztea atxilotu egin zuten.
“Afizio hutsa besterik ez da. Erreaktore nuklear bat eraikitzeko gai ote nintzen jakin nahi nuen bakarrik”, adierazi zuen Handlek. Sei hilabetez aritu da bere laborategi nuklearrean lanean eta internet bidez lortu zuen material erradioaktiboa: amerizioa, uranioa, radioa, berilioa, %96ko azido sulfurikoa… 650 euro baino gehiago gastatu zuen.
Baina bere abentura nuklearra ez zen sukaldeko lau hormen artean bakarrik geratu. Handlek blog publiko bat sortu zuen non bere esperimentuen aurrerapenen berri ematen zuen.
Egun batean, Suediako Erradiazio Bulegoarekin harremanetan jarri zen egiten ari zena legala zen edo ez jakiteko. Baina erradiazio bulegoa Poliziarekin jarri zen harremanetan berehala eta Handleren esperimentua bertan behera geratu behar izan zen. Poliziak material guztia konfiskatu zion eta atxilotu egin zuten.
“Fusioa” etxeko sukaldean
Duela hiruzpalau hilabete Handlek ezbehar txiki bat izan zuen sukaldean. Blogean “fusio” bezala deskribatutako eztanda gertatu zen. Erradiazio bulegokoek Handleren etxea erregistratu zuten uztailaren 20an, material nuklearra segurtasun neurririk gabe erabiltzen ari zela jakin zutenean. “Apartamentuan ez zegoen erradiazio maila alturik eta bizilagunek ez zuten erradiazioarekin harremanik izan”, adierazi zuen ikerketaren buruak.
Handleri bi urteko kartzela zigorra ezar ziezaioketen; baina, azkenean, aske utzi dute. “Dena kontrolpean nuen, ez zen horren arriskutsua”, esan zuen gazteak. Hala ere, jarraian, dena “txorakeria hutsa” izan zela onartu du.