«Sudango erreferendumerako kanpainak askea izan behar du»

Jehanne Henry, Global Post, 2010eko urriak 1

Sudanen, zalantza, itxaropen eta apustu handien garaia da.

Lau hilabete baino gutxiago barru, herrialdean bizi diren Sudan hegoaldeko herritarrek –Khartum hiriburuan eta iparraldeko beste estatu batzuetan bizi diren 1,5 milioi hegoaldetarrak barne– Sudango parte izaten jarraitzeari edo herrialde bereizi bihurtzeari buruzko erreferendum batean parte hartuko dute.

Sudanen agintean dauden bi alderdiek benetan gauzak ondo bukatuko direla bermatu nahi badute, oinarrizko eskubideak babesteko lan handiagoa egin beharko dute.

Erreferenduma urtarrilaren 9an egitea aurreikusi dute, Bake Akordio Orokorrak ezarritako sei urteko trantsizio aldiaren bukaeran.  Akordio hori 2005ean sinatu zuten iparraldeko Kongresu Nazionalaren Alderdiak (NCP) eta hegoaldeko Sudan Askatzeko Herri Mugimenduak (SPLM), Sudango gerra zibil luzeari amaiera emateko.

Oso litekeena da erreferendumak Sudanen, hau da Afrikako herrialderik handienaren, zatiketa eragitea, Khartumgo gobernuaren eta herrialdearen hegoaldeko jendearen artean izandako hainbat asaldura eta gatazka hamarkadaren ondoren. Azken sei hilabeteetan, adituek eta giza eskubideen aldeko ekintzaileek behin eta berriz ohartarazi dute prozesuak berriz ere gatazka eta giza eskubideen aurkako gehiegikeriak eragin ditzakeela.

Bi alderdiak, bake akordioko ia alor guztietan atzeratuta dabiltzala, orain egunean jartzen saiatzen ari dira, erreferendumaren osteko konpromisoen zerrenda luze bat negoziatuz, adibidez: petrolioa nola partekatu eta zorra nola zatituko duten. Baina haien arteko goi-mailako elkarrizketek ez diete behar bezalako arretarik jarri bozketaren aurretik erreferendum askea eta garbia egiteko har daitezkeen neurriei.  

Erreferenduma sinesgarria izateko, kanpaina libreki, mugarik gabe, egin ahal izatea eta apirilean herrialdean egin zituzten hauteskundeetako esperientzia ez errepikatzea garrantzitsua da. Human Rights Watchek frogatu zuenez, hauteskunde horien aurreko garaia adierazpen askatasunari eta biltzeko eskubideari jarritako mugek zikindu zuten, batez ere Sudango iparraldean ezarriak, baita herrialde osoan gertatutako beldurrarazte orokorrak, boto-emaileen, hauteskundeetako begiraleen zein oposizioko alderdien aurkako atxiloketek eta indarkeria fisikoak ere.

Abuztuan, Sudanen abusu modu oso ezagunak ikusi nituen. Khartumen eta iparraldeko estatuetan errepresio giroan jarraitzen dute. Agintean dagoen iparraldeko alderdiak, apirileko garaipenak oilartuta, jendearengan izua eragiten duten segurtasun indar nazionalaz baliatzen da aurkari politikoak, kazetariak eta ekintzaileak egunero jazartzeko, arbitrarioki atxilotzeko eta espetxeratzeko (…).  

Adierazpen askatasunaren aurkako mugak ere indarrean daude oraindik, baita, neurri batean, hegoaldean ere, nahiz eta han ez dagoen hedabideak arautzeko lege esparrurik. (…) Sudango historiako une hain erabakigarri honetan, jendeak erreferendumak beraiengan izango duen eraginari buruzko informazioa eta eztabaida behar ditu.

Erreferendumaren ondoren herritartasun eskubideekin zer gertatuko den jakiteko irrika egunetik egunera nabariagoa da, bereziki, Khartumen eta iparraldeko beste estatu batzuetan bizi diren hegoaldetarren eskubideei dagokienez. Agintean dagoen iparraldeko alderdiak batasunaren aldeko kanpaina egin du komunitate horietan eta zeinbait agintarik publikoki ohartarazi dute hegoaldetarrei agian nazionalitatea eta jabetza eskubideak kenduko dizkietela hegoaldea bereizten bada. Neurri hori nazioarteko babes legalen aurkako urraketa lotsagabea izango litzateke.       

Hego Sudango iparraldetarrek ere esan didate beldur direla beraien aurkako mendekua hartuko ote duten, adibidez, iparraldean hegoaldeko gutxiengoak zapaltzen badituzte. Bere onerako, Salva Kiirrek, Hego Sudango presidenteak, behin eta berriz hitzeman du bere gobernuak, hegoaldean, iparraldeko gutxiengoak babestuko dituela .

(…) Bitartean, alderdiek porrot egin dute iparraldearen eta hegoaldearen arteko mugan dagoen eta petrolio aberastasun handia duen Abyei gunearen inguruko  arazoen konponketan. Gainera, dinka komunitatearen eta ia ibiltaria den misseriya komunitatearen arteko tentsioa handitzen ari da; biek lurraren gaineko eskubidea aldarrikatzen dute. Gune hori oso militarizatuta dago eta alderdi politikoek ez badute irtenbide baten alde lan egiten, talde armatuek berriz ere indarra erabiltzeari ekin diezaiokete, bertako herritarrak hil edo mutilatu eta haien jabetzak suntsitu.

Darfurren, Khartumgo gobernuak matxinoen aurkako borrokarekin jarraitzen du; zibilei erasotzen ari da, nazioarteko legediaren aurka. Bitartean, lurraldean larrialdi egoerak indarrean jarraitzen du eta oinarrizko eskubideak baliogabetuta. Irailean, gobernuak babestutako miliziek Darfur iparraldeko merkatu batean erasoa jo eta 40 zibil inguru hil zituzten. Human Rights Watchek aste honetan jakin du Gobernuaren indarrek Darfurko Jebel Mara gune urruneko herriak bonbardatzen jarraitzen duela.

(…) Hego Sudanen, apirileko hauteskundeen ondorioz sortutako liskarrek hegoaldeko armadaren eta hegoaldean agintean dagoen alderdiaren aurkarien arteko gatazkak piztu zituen. (…) Nilo garaian, milaka soldaduk, udan,  hegoaldean agintean dagoen alderdiaren aurkako milizia taldeen aurkako erasoak egiten hainbat aste eman zituzten. Human Rights Watchek, bi tokietan, soldaduek hilketa, jipoi, bahiketa eta bestelako gehiegikeriak egin izanaren frogak aurkitu ditu.

Urtarrileko Hego Sudango independentziari buruzko erreferenduma baketsua, askea eta garbia izan dadin, alderdiek adierazpen politikorako aukera emateko, Abyeiri lotutako funtsezko auziak konpontzeko, beraien segurtasun indarrak garbitzeko eta haiek Sudanen (Hego Sudan eta Darfur barne) burututako gehiegikerien erantzule bihurtzeko lan handiagoa egin beharko dute.    

 

Sudango erreferenduma aztergai

Irudia | Sudango erreferenduma aztergai | Ezezaguna | LGPL
Irudia | Sudan | StickyPixels | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...