Sua (Boliviako brigadaren azken kronika)
Sua (Boliviako brigadaren azken kronika) –
Sua kontu indartsua da, boteretsua. Suak bizitza ematen digu. San Juanetan suaren bueltan ibiltzen gara dantzan, bizitzatik kanpo nahi ditugunak sutara botatzen ditugu (sentipenak, pentsamenduak, gertaerak, oroitzapenak…). Beldurra, lotsa, galtzen dugu eta berritasunari agur egiten diogu. Ausartak gara. Honekin, garai berriari ongietorria ematen diogu Gure etxekoak ere suaren inguruan ibiltzen ziren; epelera, goxora, maitasunera. Gure historia eta kulturaren lekuko da; sua bizitza da.
Sua bizirik dago. Bere bidea egin nahi du, ez du inoren mugarik onartu nahi eta gogor borrokatuko da nahi duenerantz. Sauri buruz pentsatuta Fenix datorkit gogora, haren errautsetatik berpizten zen hegaztia. Zoragarria da suari buruz horrela pentsatzea, bizitzaren sortzailea balitz bezala. Zaila da, ordea, sutea hasiera bat izan daitekeela sinestea. Sua bizirik dago eta dena suntsitzen du, hondamena da bere bidea.
Aste hauetan suak mundua hartu duela dirudi. Amazonia suntsitzen ari da, gure birikak txikitzen eta belzten ari dira. Zer da, bada, gizakia erretzaile amorratua baino? Halaxe, kalte egiten digula jakin arren, burua galtzen dugu hurrengo zigarroa noiz erreko. Latinoamerika erretzen ari da bai, baina ez da azken asteetako kontua bakarrik; eta ez da oihan baten kontua bakarrik. Erretzen ari zen, eta ez genuen ikusi nahi izan, Erdialdeko Ameriketan Panama, Guatemala, Costa Rica eta Haiti joan zirenean. Joan ziren Argentina eta Txile ere. Paraguai eta Peru ere eskumara. Eta Brasil…
Orain Amazonas sutan dagoela ikusten dugu eta beldurra ematen digu gaixotasun honek hartuko duen norabideak. Orain, aldaketa klimatikoaz hitz egiten dugu eta euria egin dezan otoitz egiten dugu -barkatu Ama, ez dut berriro egingo-. Gizakia erretzaile amorratua da -benetan Ama, pakete hau azkena, amaitu arte, eta erretzeari utziko diot- baina ondotxo dakigu: ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Halaxe, guk ere gure bidea egingo dugu eta atzean hondamena utziko dugu. Oihana erreko dugu goxo eta “osasuntsu” soja transgenikoarekin gosaltze aldera, edo nahi beste haragi jateko bestela. Eta bete-beteta gaudenean oraindik asetzeko gai ez garela, industriari lurrak oparituko dizkiogu, edo etxeak eraikiko ditugu gutxi batzuentzako paisaia zoragarriak sortzeko.
Mapa politikoak mapa fisikoa sortzen duela esatera ausartzen banaiz ez nazala inork gogorregi epaitu, baina Bolivian nago eta ez nuke itsua izan nahi. Gobernuek ez dute dena ondo egiten, ezkerrekoek ere ez, baina ongizatea norbanakoaren gainetik ulertzeko joera badutela argudia genezake eta testuinguru politiko honetan lurra guztiona dela uste duten gobernuak behar ditugu.
Bolivia sutan dago, sutan fisikoki eta politikoki. Chiquitania deritzon baso lehorra desagertzen ari da. Askok abeltzaintzarako lurrak prestatzeko chaqueo delakoari egozten diote hondamendia. Sistema honekin lurrari su ematen zaio sastraka, sasiedo bear aiztoak suntsitzeko eta ohitura oso zabaldua da inguru hauetan. Istrupuak badira herrialde guztietan eta sute honen hasierak ere itxura hori du. Oso bestelakoa da, baina, egoera honi hauteskunde kanpainaren harira oposizioak atera nahi izan duen etekina. Gainera, suak duen jarrera “berezia” ikusita, eragindako suteak ere baduela frogatu da honezkero.
Columna Surreko lagunekin egon gara gaur Euskal Herriko borrokak ezagutarazten, plazer bat lagunak! 11 Herri, borroka bakarra! #Brigadak2019 pic.twitter.com/LleneSrfnV
— AskapenaBRGDbolibia (@BRGDBolibia) August 22, 2019
Sua zikina da hemen, kea beltza eta errautsa zuria. Politika zikina da hemen. Fakenewsaren garaia da hemen. Hego Amerikako mapa politikoan Bolivia irla bat da.Su biziak bere bidea darrai. Gobernuak nazioarteko laguntza eskatu du eta hemen sua sutea baino gehiago dela ikusten dut nik. Su biziak bere bidea darrai eta nork bere aldetik eabakiko du itzali nahi duen edo jaten eman. Azken batean gizakia erretzaile amorratua da, zer bestela? Baina ondorengo hausnarketa onartzen baldin badidazue, zera esango dut: birikak bakarrik ez, Hego Amerikak bihotza du sutan, eta errautsetatik Fenix sortuko den esperantzi handiegirik ez dudanez, ez dezagun dena kiskaltzen utzi.
Sua (Boliviako brigadaren azken kronika) Sua (Boliviako brigadaren azken kronika)