Sisifo eta Erisikton
Sisifo eta Erisikton –
Abuztuaren erdialderako mundu-egoera ikusita, badirudi Sisiforen mitoaz gogoratzea ez dela metafora batere originalik ohiko giza madarikazioa azaltzeko, hau da, betiko arazoak konpontzen saiatu arren, ahalegina porrotera kondenatuta dagoela beti.
Mito horrek, gainera, justifikatzen digu, nolabait, udako jarrera nagia, zera, harria mendi gailurreraino eraman nahi badugu ere, harria, erremediorik gabe, berriro eroriko dela eta harri-jasotzaileen herria izan arren, grabitatearen legea zurrun aplikaturik, harria maldan behera joango dela bai ala bai.
Baina Sisifok bazuen lagun bat, Erisikton izenekoa eta ez horren ezaguna, zeinak haren gose aseezina baretzeko, bere alaba Mestra prostituitzen zuena. Azken hark, ordea, itxuraz aldatzeko trebetasuna izanik, aitari ematen zizkion sariak jaso ondoren, ihes egiten zuen Erisikton elikatzen jarraitzeko prozesuari berriro ekiteko.
Halere, Sisifok, zikloen errepikapenen errikapenaz asko zekienez, Mestraren amarruaz oharturik Erisiktonekin sekulako sesioa eduki zuen. Ondorioz, Erisikton, gero eta pobreago bihurturik baina, halaber, gero eta gose gehiagoz noziturik, kalean aurkitu ohi zituen soberakinak hasi zen jaten ahalik eta inguruko zabor guztia bukatu arte eta, orduan, bere burua hasi zen jaten hiltzeraino.
Horra Erisiktonen istorioa, edo mitoa, edo dena delakoa, zeinak erakusten digun menderatu gabeko goseak nola akabatzen duen jendea. Abuztua izanda ere, eta Sisifo lagun, Israel estatuak Erisikton mito zaharberrituaz ohartzeko modukoa duela iruditzen zait.