Séamus Seoige gogoan
Séamus Seoige gogoan –
Duela ehun urte Uiliséas, mugarri bat literaturaren historian, liburu moduan argitaratu zen (lehenago atalka agertua zen). Haren egilea, Séamus Seoige irlandarra, inoizko eta inongo idazlerik hoberenetako bat izan zen. Bi poema bilduma eta antzezlan bat izkiriatu zituen, baina gehienbat Baile Átha Cliathaigh (Dublindarrak, 1909) ipuin sortagatik eta Cínmhíol an Chuilb mar Ógánach(Artistaren gaztetako potreta, 1916), Uiliséas (Ulises, 1922) eta Faire Ó Fionnagáin(Finneganen beila, 1939) eleberriengatik da ezaguna. Irene Aldasorori eta Xabier Olarrari esker, lehen hirurak euskaraz irakur daitezke.
Séamus Agaistín Seoige Ráth Garbhen sortu zen, Baile Átha Cliathen ondoan, 1882ko otsailaren 2an (gaur haren jaiotzaren 140. urtemuga ere bete da). Garai hartan Irlanda osoa Erresuma Batuaren barruan zegoen. Bizirik iraun zuten hamar senideren artetik zaharrena zen. Haren gurasoak katolikoak ziren. Aita, Eoin Ainéislis Seoige, edatuna zenez, amak, Máire Sinéad Ní Muireadhaighek, eginahalak eta bost egin behar izan zituen denak aurrera ateratzeko. Txikitatik ikasle bikaina izan zen Séamus, jesuitekin eta anaia kristauekin. Hamasei urte zituela, haurtzaroko fedea betiko itzali zitzaion.
1902an bere ikasketak bukatu zituen Seoigek Coláiste na hOllscoileunibertsitatean, Baile Átha Cliathen. Hizkuntza Modernoetako gradua eskuratu zuen. Ingelesez ez ezik, italieraz (batuan eta Triesteko erdalkian), frantsesez, alemanez, dano-norvegieraz eta latinez ere primeran zekien. Gaur egungo grekoan moldatzen zen, ez, baina, antzinakoan, XX. mendeko Odisea-ren sortzailea izanagatik. Neo-norvegieraz, suedieraz, nederlanderaz, gaztelaniaz, galego-portugesez, errusieraz eta esperantoz hein batean edo bestean irakurtzeko gai zen. Finlandieraz, hebreeraz, japonieraz eta txineraz behintzat oinarrizko maila bazeukan. Faire Ó Fionnagáin-erako asmatu zuen babeldar idioglosian laurogei mintzairatako hitzak atzeman dira, euskarazkoak barne: izar, ur eta gogor, adibidez.
1904ko ekainaren 16an Nóra Ní Cadhain Gaillimheko neskarekin lehen hitzordua izan zuen Seoigek. Biak aurrenekoz elkarrekin atera ziren eguna, Uiliséas-eko istorioa gertatzen den bera, ospatzen segitzen dute gaur egun bost kontinenteetako seoigezaleek. Bikotea ez zen 1931 arte ezkondu. Bi seme-alaba izan zituzten, Georgio eta Lucia, biak artistak. Seoige-Cadhain familia Irlandatik aparte bizi izan zen, Austria-Hungarian, Italian, Suitzan eta Frantzian. Idazleak, momentu batzuetan irlandar nazionalismoa begi onez ikusi bazuen ere, ez zion inoiz bere britainiar pasaporteari uko egin nahi izan. Zurichen hil zen, 1941eko urtarrilaren 13an.
Oharra: Irlandako Konstituzioaren arabera, «Irlandera, hizkuntza nazionala baita, lehen hizkuntza ofiziala da». Irlandera edo gaelikozko pertsona eta toki izenak ofizialak izan daitezke, beraz, nahiz eta ingelesezko forman askoz ezagunagoak diren. Séamus Seoige James Joyce-ren irlanderazko baliokidea da, noski. Haren arbaso gaelikodunek deituraren aldaera huraxe ibili zuten XVII. eta XVIII. mendeetan. Baina Joycek oso gaeliko gutxi zekien (artikulu honetan aipatu diren liburuen izenburuak balizkoak dira, ingelesetik itzuliak). Deigarria da hizkuntzak ikasteko hain erraztasun handia izan zuena, unibertsitatean zegoela, bakarrik irlanderako eskola bakan batzuetara joan izana. Haren irakaslea nor eta Patrick Pearse izan zen edo, gaelikoz, Pádraig Mac Piarais, 1916ko Pazko Oldartzeko buruzagia eta Irlanda osoko Errepublika jaio gabeko Behin-Behineko Gobernuko presidentea, britainiarrek fusilatu zutena. Lekuko guztiek diotenez, Pearse maisu kaxkarra zen, beti ingelesaren kontra irainka aritzen zela. Joycek ezin zuen eraman. Amorrua ematen du pentsatzeak, hain irakasle burubero eta zurruna izan ez balu, beharbada jenio eleaniztunak irlandera cúpla focal-az harago ikasi eta mintzaira horretan onduko zituela bere idazlanak, edo haietako batzuk, behintzat.