Saririk ez, eskerrik asko
1.- Jean Paul Sartre (eta Literatura Nobel Saria)
2.- Harry Sinclair Lewis (eta Pulitzer Saria)
Lehen Literatura Nobel estatubatuarra da Harry Sinclair Lewis, 1930ean eskuratu baitzuen. Golardo dirdiratsua jaso baino laupabost urte lehenago baina, “Arrowsmith” (1925) lanagatik eman nahi izan zioten Pulitzer sariari uko egin zion. Epaimahaiari igorritako gutun luze batean errefusaren arrazoiak ematen zituen arren -ez omen zuen ezertarako behar saria-, kaleko zurrumurruek laster hartu zuten erabakia: Aurretik, 1920ko “Main Street: The Story of Carol Kennicott” eta 1922ko “Babbitt” lanengatik, epaimahaiak irabazle hautatu arren kontu ezezagun batzuengatik saria eman ez ziotela-eta, haserre omen zegoen gizona.
Nobel saria jasotzerakoan, AEB-etako gizartearen kritika zorrotza egin zuen Sinclair-ek; estatubatuarra ez beste edozein agerpen kulturali arreta egiteko kapazak ez zirelakoan.
.
3.- Javier Marías (eta Espainiako Sari Nazionalak)
Omentzen dituzten Gobernuen politiken kontra egoteak, laudorioak ukatzera eraman ditu asko, salaketa modura. Horrelaxe gertatu da azken urteetan Espainiako Sari Nazionalekin (30.000 euro dirutan).
Javier Marías idazleak uko egin zion Literatura Sari Nazionalari 2012an, narratiba alorrean erdietsi zuena “Los enamoramientos” lanarekin. “Ez dut erakundeek emandako saririk onartu nahi, ez baitut Gobernuren batek lagundutako egiletzat har nazatenik nahi; lotsagabekeria litzateke“.
Mariasen ukoa baino lehen eta ondoren ere, asko izan dira saria jaso nahi izan ez dutenak. Iaz Jordi Savall, aintzinako musikan adituak eskuratu zuen Musika Sari Nazionala eta Isabel Steva Hernández `Colita´k Argazkilaritza Sari Nazionala; ez zuten jaso. Savall-ek, “artisten duintasunagatik” egin zuen uko, saria artea eta sortzaileak baztertuak dituen Espainiar erakunde batek ematen zuela-eta; “ezjakintasuna zibilizazioaren bukaera da, heziketa gabe ez baitago arterik ezta justizia memoriarik gabe ere”. `Colita´-k, bere aldetik, esaldi bakar batean laburtu zituen bere arrazoiak, zehatz: “Momentuz, Wert jauna, ez dut zurekin argazkian agertzeko gogorik” adierazi zion Kultura ministroari gutunez.
Atzera eginez, 2012an Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominarik gabe gelditu zen Juan López `Jan´ komikigilea, berak horrela erabakita. Superlópez-en sortzaileak esan zuenez, “beti saiatu izan naiz neure buruarekin gustura egoten eta, egungo egoera soziopolitikoari jaramon eginda, etikoki ezinezkoa zait saria onartzea”. Bi urte lehenago, 2010ean, Arte Plastikoen Sari Nazionalari uko egin zion Santiago Sierrak 2010ean, kalapita dezente eraginez. Sierraren aburuz, sariak Estatuari egiten dio mesede; “ez nago prest arteak eman didan askatasuna galtzera. Artista serio bat naiz“. Ángeles González Sinde zen orduan Kultura ministro espainiarra.
2001ean Daniel Gil-ek Diseinu Sari Nazionaletan, hauek hamar urte betetzen zituztela-eta, aipamen berezi bat jaso zuen; Alianza Editorial argitaletxearentzat ehundakak azal sortutako gizonak uko egin zion. Eta 1994an, beste horrenbeste egin zuen Els Joglars-ek Antzerki Sari Nazionalarekin. “Ez gara inoiz esanekoak izan eta ez gara inoiz izango”, adierazi zuen orduan taldeko buru Albert Boadellak, ukoa estetika kontua zela iritzita. Generalitat-eak ematen duen ohore handienari ere, Sant Jordi Gurutzeari, 2004an eman zion ezetza antzerkilariak.
.
4.- Marlon Brando (eta Oscar Sariak)
Dudley Nichols-ek, George C. Scott-ek eta Marlon Brandok ez zute jaso zegokien Oscar saria.
Nichols-ek gidoilari legez irabazi zuen 1936ko “The Informer” filmagatik, baina uko egin zion lankideak greban zituela-eta -Gidoilarien elkarteko burua zen bera-.
George C. Scott aktore britainiarrak (“Patton”, 1971) gogor kritikatu zituen sariak, “nazioarteko jolas parke” bihurtu zirela esanez; “Oscarren sari ematea haragi desfile hutsa da egun”. Galara joan baino, gurago izan zuen hockey partida bat telebistaz ikusten gelditzea.
Zalantzarik gabe baina, Oscar sariek jaso duten gutxiespenik sonatuena Marlon Brando izarrak egina da (“The Godfather” 1973). Jatorrizko ipar amerikarrek telebistan eta zineman pairatzen zuten tratu eskasa zela-eta, salaketa modura Sacheen Littlefeather apatxea bidali zuen bere partez Oscar sarien ekitaldira.
.
5.- Sonallah Ibrahim (eta Arabiar Nobelagile Onenari saria)
2004an Ahmed Bouzfour marokoarrak eta Sonallah Ibrahim egiptoarrak ere sari bana arbuiatu zuten.
Ahmed Bouzfour-ek Marokoko saririk garrantzitsuena eskuratu zuen ipuin bilduma bategatik, eta uko egin zion “herrikide gehienek irakurtzen eta idazten ez zekitelako”. Analfabetismoa borrokatu beharraz ohartu eta salaketa egitea zuen asmoa.
Bere aldetik, Sonallah Ibrahim-ek 2003an Mubarak-en Gobernuak eman zion Urteko Arabiar Nobelagile Onenari Saria errefusatu zuen; ez zen lehen aldia. Egiptoko golardo garrantzitsuena da aipagai duguna, epaimahaian arabiar herrialde ezberdinetako kideak dituena. Sari banaketako hitzaldian, Ibrahim-ek Israel eta AEB-etako kanpo politika laguntzea leporatu zien agintariei, eta Gobernuaren barne politika kritikatu zuen ordura arte inork publikoan egin ez zuen moduan: “Jada ez dugu industriarik, nekazaritzarik, osasunik edo justiziarik. Baditugu, ordea, jaialdiak, telebistako gezurrak, lapurreta eta ustelkeria”.
“Uko egin behar diot sariari, sinesgarritasunik ez duen Gobernu baten eskutik jaso baitut, zapaltzailea den Gobernua eta beharrizana duen herritarraren alde egin beharrean ustelak babesten dituena”.
.
6.- Thomas Piketty (eta Ohorezko Legioa)
.
7.- Grigori Perelman (eta Fields domina)
Grigori Perelman eta Alexander Grothendieck, biak judutarrak jatorriz, biak matematikari bikainak eta, biak ala biak, bizitzako une batean ikerketa baztertu, mundutik isolatu eta sari guztiei ezetza ematea erabaki zutenak.
Gaztetan garaikur asko lortutakoa zen Grigori Perelman errusiarra -Matematika Olinpiadetan-, harik eta 30 urte zituela Europako Matematika Elkartearen sariari uko egin zion arte. Handik gutxira Poincaré aierua erabaki zuen -Milenioko zazpi Buruhausteetako bat antza (matematikarien erronka nagusiak)-, eta berau askatzeagatik Clay institutoak eskaini zion milioi bat dolarreko saria errefusatu zuen, nahiz eta amarekin batera diru eskasiarekin bizi den San Petersburgon.
Perelmanek 2006an uko egin zion Matematiken Nobel saritzat hartzen den Fields dominari. Berau emateaz arduratzen den batzordeko kideen izenak ezagutzen ez direla-eta, “nik ez dut elkarte sekretu eta konspirazioetan parte hartzen”, adierazi ei zuen.
Alexander Grothendieck-ek Perelmanek baino lau hamarkada aurretik irabazi zuen Fields domina, 1966an; ezetza eman zion honek ere, bakezalea eta ekologista izanik, konpromezu politikoagatik. 1988an Crafoord sariari egiten dio uko; Zientzien Erret Akademia Suediarrak sortua Nobel sarietatik kanpo gelditzen diren alorretan sariak banatzeko. Frantziarra Pirineoetan isolatua bizi izan da iaz zendu zen arte; bere idatzi eta ikerketak argitaratzea debekatu zuen!
.
8.- Keith Richards (eta Sir Mick Jagger-en sariak)
A ze parea, karakola eta barea. Ezaguna da The Rolling Stones taldeko bi kideen arteko maitasun-gorroto harremana. Hori dela-eta, askok bekaizkeriari egotzi izan diote Keith Richards gitarra joleak kidearengatik esana: “Ez dut gura diadema dirdiratsu bat jantzita duen morroi batekin oholtza gainean jo”; Mick Jagger Inperio Britainiarraren Ohorezko Zaldun edo Sir izendatu zutenean egindako adierazpenak. Richards piratari ez zitzaion izendapena eskaini, askoren ustez Jagger-ek beste merezi izan arren; eta jeloskor omen dago.
The Rolling Stones-eko kantaria ez da ohore britainiar nagusia jaso dutenen arteko musikari bakarra, eta arbuiatu dutenen artean ere badira rockeroak. Lehen taldekoak dira Sir Elton John eta Paul MacCartney -The Beatles taldeko John Lennon-ek hasieran onartu eta gero itzuli egin zuen, errefus eginda-. Zuzenean ukoa agertu dutenen artean, beste erraldoi bat, David Bowie: “Sekula ez nuke onartuko eta, gainera, ez dakit zertarako balio duen ere”.
Keith Richards berak ere, egin ei zion uko Ohorezko Zaldun (Sir) baino bajuxeagoa den izendapenen bati, Paul Weller edo Brian Enok bezala.
Arestian aipatu dugun xelebrekeriez aparte, esaldi esanguratsu bat ere bota zuen Richards-ek, Jagger kidea ohoratzen zutela-eta: “Mick-ek ez dezala ahaztu gaur saritzen duten berberek atzo gartzelan sartu nahi izan gintuztela”.
.
9.- Iñaki Larrea (eta kendu edo eman nahi izan ez diren sariak)
Edo atzera bota nahi diren sariak eta existitzen ez diren sarituak. Sorta honetan hiru kasu bitxi bakargu, Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura dutenak.
Baga, Fernando Trueba (edo itzuli dezala saria). Donostiako Zinemaldiaren baitan, Iñigo Mendez Kultura ministro espainiarrak Zinema Sari Nazionala eman zion madrildarrari eta… “inoiz ez naiz espainiarra sentitu izan, ezta bost minutu ere!” esatera ez da ba ausartu zinamagilea!
Herritar talde batek agudo prestatu zuen erantzuna, eta sinadura bilketa abiatu Hazteoir.org plataforman. Asmoa, Kultura ministerio espainiarrari eskatzea Truebari saria kentzeko -dirua, batez ere dirua-. Helburua, 50.000 sinadura biltzea; erdiak baino gehiago lortu dituzte jada.
Biga, Joseba Sarrionandia (edo irabazi arren ez dizugu eman nahi). “Moroak gara behelaino artean” saiakerarekin Euskadi Literatura Saria erdietsi zuen poeta alderraiak 2011n, Blanca Urgell Kultura sailburua zela.
Oztopo askoren ondoren Sarrik zegokion saria jaso zuen arren -Josebaren arrebak bere izenean-, Patxi Lopez-en Jaurlaritzak ez zion eman nahi izan; sariari dagokion dirua atxikitzea erabaki zuen, idazlearen egoera argitu arte. Sortu zen kalapita ez zen izan makala!
Higa, Iñaki Larrea (isilean gordea). Finlandian lekututako poeta zornotzarrak Espainiako Kritika Saria erdietsi zuen 2009an, poesia alorrean, “Arratseko meditazioak” lanagatik -horrela argitaratu zuten komunikabide batzuk-, nahiz eta azkenean Xabier Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak” lanak jaso zuen saria.
Harrez gero mututu egin da Larrearen ahots poetikoa, inork ez du bere berririk izan-eta. Ala gezurra zen dena? Galdetu Aritz Galarraga, Beñat Sarasola, Ion Olano eta Gorka Bereziartuari.
.
10.- Mikel Peruarena Ansa (eta Utikan Euskadi Sariak)
Ereñotzuarrak Euskadi Literatura Sariari emandako ukoaren arrazoiak gutun bidez igorri zizkion epaimahaiari, finalisten artean zegoela jakin bezain pronto. Eta hala ere irabazle izendatu zutenez, saria errefusatu eta arrazoiak argitara eman ditu.
2007an Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu zutenen artean zen Peruarena Ansa. Manifestua aurkeztu eta hurrengo urtetan, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Iñigo Aranbarrik ere egin diote uko finalista izateari.
.
Argazkietan (goitik behera): Boris Pasternak – “Colita” – Hector Berlioz – Keith Richards.
Saririk ez, eskerrik asko