Salamiren taktikaren arriskuak
Salamiren taktikaren arriskuak –
Asier Blas Mendoza, ARGIAn.
Potentzientzat salamiaren taktika erakargarria da. Xerrak apurka-apurka era finean moztean datza. Horrela AEBek NATOren zabalkundearekin, nazioarteko legediaren hausturekin, erregimen aldaketekin eta nazioartean bere base militarren ugalketarekin errusiarren segurtasuna eta nazioarteko eragina murriztu zituzten, eta Moskuren haserrea piztu. Baina ekintza guztiak era isolatuan aztertuta, ez ziruditen hain eskandalagarriak, ez behintzat erantzun bortitz bat justifikatzeko. Denbora igarota, ordea, AEBak helburu espantsionista lortzen ari ziren; Kremlinak, atzera begiratu eta salamia bukatzen ari zela ikusita, era desesperatuan Ukraina inbaditu zuen, puska bat gorde nahian.
Ordutik, Ukraina eta Errusia arteko gerra funtsean proxy gerra da: NATOk Errusiaren aurka borrokatzen du Ukrainako Armada eta Estatua erabilita. Horrek ez du esan nahi Kievek Mendebaldeak dituen baliabide militar guztiak eskura dituenik. Horretan ere Washingtonek salamiaren taktika erabili du. Jakina da 2014tik NATO Ukrainan buru-belarri sartuta dagoela bertako armada entrenatzen eta gerrarako prestatzen, besteak beste, espioitza lanak egiteko baseekin.
Baina behin Errusia Ukraina inbaditzen hasi zela, Mendebaldeko buruzagiek adierazi zuten Ukrainaren defentsarako laguntza politiko, ekonomiko eta militarra ematen jarraitu zutela, baina ez Errusia erasotzeko. Mendebaldeko tankeak, hegazkinak eta misilak errusiarren aurka erabiltzen baziren, Moskuk gerra adierazpen modura interpreta zezakeen. Horregatik, erasorako armak, mertzenarioak eta ekipamendu militarra dena aldi berean eman baino, pixkana-pixkanaka eman diote Ukrainari.
Washingtonek salamiaren taktika ondo ustiatzen jakin du. Atzera begiratzen badugu, ez dago inolako dudarik de facto Mendebaldea Errusiarekin gerran dagoenik. NATOk eta Kievek Kremlinak jarri dituen marra gorri asko bortxatu dituzte eta Moskuk ez du ezer egin. Logika horretan irakurri behar da ere uda honetan Ukrainako Armadak egin duen Errusiako inbasioa.
Baina Ukraina gerra galtzen ari da. Errusiak gatazka atrizio gerra gisa birplanteatu zuen 2022ko udazkenean eta ordutik, arazoekin bada ere, bere ibilbide orriak aurrera egiten du geroz eta emaitza hobeagoekin. Horri aurre egiteko alternatiba asko ez daude. Bake negoziazioa modu bat litzateke. Arazoa da NATOk eta Ukrainako Gobernuak zaila dutela azaltzea ukrainar biztanleei 2022ko bake akordioek aurreikusten zutena baino lurralde askoz gutxiago izango dutela heriotza eta suntsipen askoren truke. Halere, ukrainarrentzat gaitz txikiagoa da gerran jarraitzea baino.
Arazoa, baina, NATO da, bere irudia eta prestigioa oso higatuta geratuko liratekeelako. Ondorioz, Washingtoni bi aukera besterik ez zaizkio gelditzen. Lehenengoa, beste herrialde batek (Georgia, urriko hauteskundeetan gobernu aldaketa badago?) Errusiari bigarren fronte bat irekitzea edo, bigarrena, salamia zatitzen jarraitzea Ukraina eta NATO artean Errusiako federazioko lurraldean misilak botaz, nahiz eta horrek seguruenik ez lukeen gerraren norabidea aldatuko.
Kremlinak erantzungo luke edo burua hotz mantenduta Ukrainako gerraren garaipenean zentratuko litzateke? Errusiak Mendebaldeko herrialderen baten aurka erantzun sendo bat emango balu edota arma nuklear taktikoren bat erabiliko balu, gertaerak NATOren edo aliantzako kideren baten eta Errusiaren arteko konfrontazio zuzena erraztu lezake. Horrela Errusiari bigarren fronte bat irekiko litzaioke Ukrainatik kanpo edota beste armada batzuk ukrainarraren ondoan borrokatzen hasiko lirateke. Agertoki posible guztiak beldurgarriak dira eta akaso urrun ikusten ditugu, baina salamiaren taktikaren arriskuak hor daude beti.