Sahra Wagenknecht, ezker berriaren aitzindari

Sahra Wagenknecht, ezker berriaren aitzindari –

Sahra Wagenknecht, ezker berriaren aitzindari

Aurreko artikuluan, “Europa 2025” izenburukoan, Sahra Wagenknecht politikari alemaniarra aipatu genuen, Europan sortu den ezker berriaren aitzindaritzat har daitekeelako. Europaren mendebaldean aspaldi nagusituta dagoen ezker wokeari jazarri zaio -Alemaniako Die Linke alderdia utzi zuen- eta geure burua ezkerrean kokatzen dugunoi zer hausnartu jarri digu, lehentasun politikoen inguruan bereziki. Bere politika azaltzen duen liburuaren aurkezpena egin digun Carmen Domingo idazlearen artikuluaren laburpena duzu idatzi honetan.

Oharrak

  1. Carmen Domingok, Sahra Wagenknechten “Harroak. Gizalegearen eta gizarte-kohesioaren aldeko nire kontraprograma” (Los engreídos. Mi contraprograma en favor del civismo y la cohesión social) izeneko liburutik hainbat pasarte jaso du eta haren lan politikoaren inguruan bere iritziak gehitu.
  2. Sahra Wagenknechten “bizi-estiloaren-ezkerra” (izquierda-de-estilo-de-vida) guk “ezker woke” esamoldera egokitu dugu, gure artean erabilera zabalagoa duelako.

Aldatzeko eskaera ezkerrari

Europako ezkerreko alderdiek dituzten proposamen politikoak azaltzeko zailtasunak dituztela bistako gauza da. Neoliberalismoaren menpe dagoen ezkerra da, gobernuei kostu politikorik ez dakarkien azaleko erreformak kudeatzen konformatzen dena eta hilaren amaierara ezin iritsiz bizi den jendearen arazoei erantzuten ez diena. Indefinizio politiko hau boto asko bultzatzen ari da eskuineko alderdietara, ultraeskuin etiketa dutenak barne.

Europako azken hauteskundeetako eskuinaren gorakada abisu nabarmena izan zen ezkerrekoentzat. Die Linke alderdiaren zatiketatik sortu zen alderdi berria haren ezkerrera kokatu zen eta boto asko lortu zuen. Sahra Wagenknechtek gidatutako BSW (“Arrazoiaren eta Justiziaren alde”) alderdiak, bakarrik bederatzi hilabeteko bizia izan arren, sei parlamentari lortu zuen, Alemaniako bosgarren indar politikoa bihurtuz eta bere jatorrizko alderdia gaindituz. Turingia eta Saxoniako hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen.

BSWren botoak nagusiki CDU (Batasun Kristau-Demokrata) eta Die Linke (Ezkerra) alderdietatik jaso ditu, alderdiok Gobernuari oposizio tinkoa ez egin izanagatik. “Ezkerreko sektore batzuk alderdi hauek harroputz eta handizaletzat dituzte. Gainera, gobernuetan parte hartzen dutenean, ez dituzte hobetzen gehiengo pobrearen bizi-baldintzak” esan zuen Wagenknechtek. Sahra egungo ezkerretik argi eta garbi aldentzen da, “horrentzat arazo sozial eta ekonomikoak dagoeneko ez baitira garrantzitsuenak.”

Nor da Sahra Wagenknecht?

Ama alemana eta aita irandarra dituela, 1969an jaio zen, Sobiet Batasuneko kide zen RDA Alemaniako Errepublika Demokratikoan. Ekonomia Zientzietan doktorea, gaztetatik ezkerreko taldeetan jardun zuen. Die Linkeko lehendakariorde izan zen eta alderdi horren europarlamentari 2004tik 2009ra. 2023an Die Linkerekin hautsi zuen, eta alderdiaren exekutiboak eskatuta, Bundestageko diputatu kargua utzi zuen. Talde parlamentario horretatik bederatzi kide berarekin eraman eta BSW alderdia sortu zuen, Die Linke talde parlamentariorik gabe utzita. Gaur egun proiektuak zabaltzen jarraitzen du eta afiliatu berriek diote guda eta bakearen inguruan duen jarreragatik hurbildu direla. Europako Parlamentuan, Txekia eta Esloveniako ezkerreko hainbat diputatuk bat egin dute BSWrekin lana koordinatzeko asmoz.

Sahra Wagenknechten oinarri politikoak

Sahra Wagenknechten alderdia ezkerrean kokatzen da arlo sozial eta ekonomikoetan, kapitalismoari kritika zorrotza eginez. Pentsioen eta soldaten igoera eskatzen du eta diru-sarreren banaketan justizia handiagoa, gutxien duten herritarren mesedetan. Horiek denak ahalbidetzeko aberatsei zerga handiagoak jarri beharko zaizkiela azpimarratzen du. Immigrazioari, familia-ereduari, identitate-gaiei eta Estatuaren kontzeptu nazionalari dagokienean, berriz, nahiko kontserbadoretzat jo liteke alderdia. Gai hauek denek, Sahra Wagenknechten arabera, ezker wokeak lantzen dituen moduan, gizartearen lehentasun sozialak eta ekonomikoak baztertzen dituzte, klimaren eta gutxiengo sexualen arazoei lehentasuna emateagatik.

Nazioarteko politika

Wagenknecht oso argi azaldu da Ukrainari laguntza militarra bidaltzearen aurka eta, NATOtik urrunduta, konponbide diplomatikoaren alde. Jarrera bera du Israel Gazan egiten ari den okupazio militarraren aurrean. Wagenknechtek ziurtatu du bakarrik armen salmenta eteteko eta Alemaniatik misil nuklearrak eta irismen luzeko arma estatubatuarrak kentzeko jarrera duten alderdiekin osatuko dituela koalizioak BSWk.

Immigrazioaren kontrola

Wagenknechtek migrazio librearen eredua kritikatzen du. Halaber, GKEek babesten duten Europako gobernu gehienak ezartzen ari diren muga irekiko politika. Bere ustez, politika hauek langileen artean lehiaketa desleiala sortzen dute eta pobreen arteko borroka sustatzen. Hortaz gain, etorkin hauen jatorrizko herrialdeak baliorik handiena duten langilerik gabe uzten dituzte. Wagenknechtek immigrazioaren kontrola defendatzen du, etorkinen herrialde bakoitzaren beharretara egokitutako garapen-politikak lehenetsiz. Soluzioa langile eta teknikari espezializatuen trebakuntza plan bat bultzatzetik eta herrialde txiroen garapenetik etorriko da. Honela bakarrik lortuko da bertako herritarrak kanpora joan ez daitezen.

Ezker wokea

Sahra Wagenknechtek bozgorailua jarri die klase popularrek politikatik eta ezker woketik urruntzeko dituzten arrazoiei. Ezkerrak ez du langileen eta behartsuen bizi-baldintzak hobetzeko ahaleginik egin eta ultraeskuin etiketa dutenek probetxua lortu dute. Sahra Wagenknechtentzat arazoa “ezkerreko liberalismoan” datza. Politikari honek horrela izendatu du jende behartsuenengana iristea lortzen ez duten alderdi postmoderno horien politika. Egungo pentsamolde liberalak ezkerra indarrez harrapatu du eta bere interesetatik ezabatu egin ditu lehen hil ala bizikoak ziren gaiak, honela desberdintasun sozialak areagotuz. “Klase ertainean bere pribilegioak eta kontsumo-ohiturak meritu moral gisa hartzen duen jendea ikus dezakegu. Jendeak denda naturistetan erosten du, politikoki zuzena den hizkera balioesten du, klima, errefuxiatuak eta aniztasuna babesteko joera du eta harrokeriaz begiratzen die unibertsitatera joateko aukerarik izan ez dutelako daukaten apurrari eusteko lana gogor egin behar dutenei. Ezkerreko liberalismo hori, egia esan, ez da ezkerrekoa eta ez liberala, desberdintasun sozialak areagotzen dituelako eta kantzelazioaren kultura intolerantea bultzatzen duelako”, ziurtatzen du Sahrak.

Carmen Domingoren balorazioak

Sahra Wagenknechtek planteatzen dituen tesiek kritikak jasotzen dituzte, batetik, langile-borrokei ez dielako behar hainbat garrantzirik ematen eta, bestetik, Estatua izan behar duen garrantzia ez duelako behar adina azpimarratzen. Gainera, alderdiak oraindik ez du programa adosteko lehen Kongresua egin.

Ezker wokea aspaldi ari da gero eta neoliberalagoak diren politikak onartzera bultzatzen bere jendea, immigrazioaren kontrolari buruzko zalantza oro “arrazista edo eskuin muturreko” jarrera bezala azalduz eta LGTBI mugimenduari eta identitate aldarrikapenei buruzko kritikak berriz, homofobiatzat joz. Jarrera horiek berrikustea beharrezkoa da, nahiz eta lan konplexua izan.

Sahra Wagenknecht

Carmen Domingo

https://elpais.com/opinion/2024-10-20/el-fenomeno-sahra-wagenknecht-y-la-izquierda-espanola.html

Sahra Wagenknecht

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

2 pentsamendu “Sahra Wagenknecht, ezker berriaren aitzindari”-ri buruz

  • Amonamantangorri Orain dela ordu bat

    Huts egite txiki bat: Alemaniako Errepublika Demokratikoa ez zen Sobiet Batasuneko kidea. Akaso Sobiet BatasunaREN kidea, laguna bai, noski, haren satelitea edo menpekoa eta Varsoviako Itunaren partaidea izaki.

    Bündnis Sahra Wagenknecht – Vernunft und Gerechtigkeit: Sahra Wagenknecht Aliantza – Arrazoiaren eta Justiziaren Alde. Batek hasieratik bere izena alderdiaren sigletan jarraraztea ez da batere normala izan.

    Gainera, “Arrazoia” eta “Justizia” bezalako termino transbersalen bitartez jendea limurtu nahi izatea ere aski posmodernoa eta politika “isurkarian” maiz ikusten den taktika iruditzen zait.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena Orain dela minutu bat

    Arrazoi osoa duk Amonamantangorri. Bidali baino lehen hamaika aldiz birpasatzen dizkiat nire idatziak, baina hala ere aldiro alde egiten zidatek hainbat akatsek. Seguraski, erredakzio egokiena “Sobiet Batasunaren aliatua” izanen duk. Ez baitzegoen SESBren barruan.
    Izenaren gorabehera hori ere Carmen Domingok aipatzen dik bere artikuluan, baina idatzia aski luzea geratu zaidak eta xehetasun batzuk moztu egin behar izan dizkiat. Garbi zegok bere izena alderdiarenarekin nahastea urrats desegokia dela, egozentrismo handia azaltzen duelako. Baina akats hori lider handi guztiena dela esanen nikek.
    Nire idatzian wokismoarekin talka egiten duten bere proposamenak nabarmendu izan dizkiat gehienbat. Gainerako kontuak beste analisi zabal baterako utzi dizkiat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude