Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan

Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du –

Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu berri den ikerketa baten arabera, gertaera hori eta sortu dituen ondorioak maila handiko esperimentu bat bezala izan dira, eta balio izan dute oroitarazteko mundu globalizatu honetan hobe genukeela saguzarren osasuna babestu, gure osasunaren onerako.

Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du
Myotis Lutifugus espeziea. Saguzar horren populazioak gogor jo ditu sudur zuriaren sindromeak. Zoonosi horren zabaltzearekin batera intsektizida erabilera emendatu zuten Ameriketako Estatu Batuetan, osasun publikoaren kalterako. Argazkia: Wikipedia

2006 urtean, Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean –Ingalaterra Berrian, New York estatuan eta Pennsylvanian– saguzarrak hasi ziren gaixotzen eta hiltzen, eritasun berri baten ondorioz. Sudur zuriaren sindromea deitzen zaio eritasun honi, eta onddo batek eragiten du. 2006 eta 2018 urteen artean gaitz hori zabaldu zen eskualde hartatik mendebaldera, eta hamahiru urtetan Mississippi ibaitik mendebaldera ere zabaldu zen. Saguzarren artean inoiz ikusi gabeko hilkortasun tasak eragin zituen gaitz horrek, %73 inguruko hilkortasuna eragin zuen. Abiatu eta bi urte geroago jadanik harpe batzuetako saguzar populazioak %90 jaitsi ziren, eta kalkulatu dute 2012an sei milioi saguzar baino gehiago hil zirela. Hamabi saguzar espezieren artean eragin zituen kalteak gaixotasunak eta horietarik bi desagertzeko zorian izateaz gain, bertze bi ere mehatxaturik daude.

Baina tira, zergatik hainbertze arduratu beharko ginateke saguzarrez? Ados, espezie berezi batzuk babestu behar dira, desagertzeko bidean direla eta, baina funtsean bioaniztasun kontu horrek gure egunerokoari zer axola dio? Gainera gaitz horrek gizakiok ezin gaitu kutsatu, orduan zer?

Berez baliteke zoonosi horrek gure osasunarekin eta bizi baldintzekin uste baino lotura zuzenagoa izatea. Funtsari hurbiltzen joateko, oroitarazi dezagun saguzarrek gauero beren pisuaren %40aren heina intsektu jaten dutela. Honek eragin oso handiak eta anitzak ditu inguruko ekosistemetan. Saguzarrak dauden oihan eta soroetan, erakutsia izan da intsektuen populazioen gorakadak mugatu egiten direla. Aldiz, saguzarrik gabekoetan, baldintza egokiak emanez gero intsektu biomasak zalu emendatzen ahal dira –batzutan ia bikoiztuz, hainbat zuhaitz espezie edota artoa kaltetu dezaketen marmalo edo sitsak kasu–, baita landareak kaltetzen dituzten onddo biomasak ere. Datu horiekin hobe igartzen da saguzarren garrantzia: AEBetan izurrite honen ondorioz intsektuak biderkatu egin ote dira, eta bertako biztanleen osasuna kaltetu? Izan liteke, baina argitaratu berri den ikerketa batek erakutsi duena harago doa.

Saguzarren izurritetik intsektu-izurrira

Irailaren hasieran Science aldizkarian argitaratu den The economic impacts of ecosystem disruptions: Costs from substituting biological pest control (Ekosistema hausturen eragin ekonomikoak: izurrien kontrol biologikoa ordezkatzearen kostuak) lanak ez du zuzenki erakusten AEBetan 2006tik igaro den saguzar hiltze masiboen ondorioz intsektu gehiago egon direla soroetan. Baina bai erakusten du saguzarrak masiboki hil diren barrutietan uztak kaltetu zirela –uztaren mozkina apaltzen zelako– eta intsektizida gehiago erabili zutela bertako laborariek, beren soroetan intsektuek eragindako kalte gehiago ikusi zutelako, alegia. Barruti haietan, %31,1 igo zen intsektizida kontsumoa, saguzarrak hobe bizirauten zuten barrutiekin alderatuta.

Baina denbora tarte hartan intsektizida kontsumoa ez zen izan igo zen aldagai bakarra: haurren heriotza tasa ere igo zen, %7,9 gehiago igo ere. Haurren heriotza tasa igotzen hasi zen pestiziden erabilera igotzen hasi zen urte berean. Saguzar populazio osasuntsuak zituzten barrutietan, aldiz, denak berdin segitu zuen, ez ziren aldatu ez pestizida erabilera ezta haur heriotza tasa ere.

Saguzarrak desagertu ziren guneetan intsektizida erabilera eta haur heriotza tasa batera igo zirela baieztatzeko, ikerlariak kontuan hartu zituen eguraldiaren efektua, barruti bakoitzeko populazioren adin banaketa eta laginen tamaina. Gainera, igo zen haur heriotza tasari dagokionez, faktore fisiologikoek bakarrik eragindakoa hartu zen kontuan, hau da, kanpo faktoreena (istripuak, homizidoak…) ez zen aldatu.

Esaerak dioen bezala, korrelazioa ez da kausalitatea, eta bi joera aldi berean gertatzeak ez du baitezpada erran nahi batak bertzea eragiten duela. Halere, ez da kutsadura kimikoa eta haurren heriotza tasa lotzen dituen lehenbiziko lana, eta aldi bereko igoera hori seguruenik intsektizida horien erabileraren igoerari loturik dago, bertze azalpen sinesgarriagorik asmatu ezean. Kasu honetan, korrelazioa ez da kasualitatea ere, eta ikerketa honen emaitzek ez gindukete harritu beharko. Bat Conservation International (Saguzarren Kontserbazioa Nazioartean) GKEko zientzialari nagusia den Winifred Frickek dio ahoa bete hortz gelditu zela emaitza horiek ikustean.

Ekosistemen osasun globala

Animalien eta gizakien osasunak lotuak direla ohartarazteko eta adierazteko kontzeptua dugu “Osasun Bakarra” (inglesez, One Health), 2000ko hamarkadaren hasieran erabiltzen hasitakoa.  Osasunaz harago, gizakiak eta animaliak bizi diren ekosistemak elkarren artean lotuak direla azpimarratu nahi da nozio horrekin, hots, giza osasunak, animalien osasunak eta ingurunearen osotasunak bat egiten dutela. Animalietan ageri diren eritasun berriak gizakiari transmititzen ahal direla izan da kontzeptu honen foku nagusiena. Berriki azkarrago zabaltzen hasi den T-baztanga, adibidez, baso-soiltzearekin lotu dute aditu batzuek, oihan moztu berrietan animalia kutsatuak aurkitzeko aukera gehiago dagoelako, edo bertatik ihes egiten duten animaliak gizakien bizitegietara hurbildu daitezkeelako. Ipar Amerikako saguzar horien kasuan, halere, kontua ezberdina da, sudur zuriaren sindromea bera ez baita gizakientzat kaltegarria, baina bai bere zeharkako ondorioak, desagerturiko saguzarren lana ordezkatzeko intsektizida gehiago erabiliz gero.

Azpimarratzekoa da sudur zuriaren sindromea ez dela Ipar Amerikan bertan sortu, eritasun hori eragiten duen onddoa luzaz Europan egon baitzen Atlantikoa gurutzatu aurretik –bortz mende lehenago Kristobal Kolonen jarraitzaileek hemengo gripea, elgorria eta bertzelakoak jatorrizko amerikarrei ekarri zizkietenean bezala, heriotz masiboak eraginik–.

Baina gaur egungo AEBetan bertan, saguzarren gaitz hori zabaltzen ari da ere Appalache mendietan ibiltarien bideetatik. Gizakia izan daiteke beraz saguzarren gaitzaren barreiatzaile, batez ere gizaki bidaiari eta mendizalea. Honek erakusten digu ekosistemen osasuna ez dela bakarrik tokian tokiko zaindu behar, eta mundu globalizatu honetan gure mugimendu guzietan dugula ardura.

ARGIAn argitaratua

Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du  Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du  Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du  Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude