Quim Torra eta EAEko lehendakariak
Quim Torra eta EAEko lehendakariak –
Dakikezuen bezala, 2018ko maiatza ezkeroztik Quim Torra da Kataluniako Generalitateko 131. presidentea (1359tik hasten dira kontatzen katalanak. Lehena Berenguer de Crüilles, Gironako gotzaina; 1714ra arte 121, eta 122.a Francesc Maciá famatua). Banekien katalanez zerbait argitaratutakoa zela, eta neure artean esan nuen: zer idatzi ote du egun katalanen presidentea den honek? Azken egunotan haren bi liburu irakurririk eta haren biografia gaingiroki ikasirik, miresmena sentitu dut, eta kontrastez edo EAEko lehendakarien soslai kulturalaren galdera sortu zait gogoan; gurutzaketa horren emaitza duzue idatzi hau.
Gironako Blanesen jaioa, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan zuzenbidean lizentziatua; 1987tik 2007ra Winthertur aseguru etxeko goi kargua izan zen. Laneko azken hamabost hilabeteak Zurichen egin zituen, enpresaren egoitza nagusian, eta Winthertur enpresa AXA enpresa frantsesak erostean, kaleratu egin zuten.
Viatge involuntari a la Catalunya impossible liburuaren hitzaurrean (Carles Rahola saiakera saria eman zioten 2009an, liburu horregatik), kontatzen du Torrak formakuntzak edo eskarmentuak baino gehiago zori onak eraman zuela 2006an Zurichera, eta 2007ko martxoan Maria Antonietari behiala egin zioten bezalatsu, sentitu zuela AXAko borreroek lepoa moztu ziotela. Kaleratze hori probestu zuen Suitzako hiriak ezagutzeko, eta inoiz baino sakonago sartu zitzaion buruan suitzar nazioa edo nazioen konfederazioa sortua zela hain justu ezezkotasunetik, aleman, frantses edo savoiar (italiar) izateari ezetz esatetik, eta batez ere askatasuna maite izatetik. Garbi sumatzen da gogoeta horien atzealdean Kataluniaren kezka zebilkiola bere baitan.
Suitzatik Bartzelonara joan aurretik, Geneva bisitatu zuen, eta han Nazioen jauregiaren egoitzaren aurrean, obsesio zahar bat berpiztu zitzaion. Iragan mendeko 90eko hamarkadan Periodism artikulu bilduma irakurri zuenetik gau-mahaiko autore bilakatua zitzaion Eugeni Xammar kazetari katalana, eta batez ere haren liburu: Seixanta anys d´anar pel món (Hirurogei urte munduan ibilki). Haren prosak erakarmen saihetsezina eragiten zion. Jakinda Eugeni Xamar Genevako Nazioen jauregiko egoitzan lana egina zela, haren gaineko espedientearen bila hasi zen, eta bai aurkitu ere liburutegiko hirugarren solairuan, artxiboen aretoan. Hari buruz hasia zuen lana amaituko zuen Suitzan.
Iaz berrargitaratu dioten Honorables. Cartes a la Pàtria perduda liburuan, Eugeni Xammarri atal bat eskaintzen dio, eta prosa literarioa erabiliz hark sorrarazitako obsesioa tolesten eta garatzen du. Dagokigunerako, atal horri darion emozio pertsonala ezinbestean ezabaturik, esan liteke Xammarrek kazetari katalan-katalanista andana baten mundu bat ireki ziola, betiko lau izen literario ezagun-ezagunez landa, katalanaren normalizaziorako giltzarri izan ziren idazle belaunaldi ezinezko (ezinezko Francoren matxinadak Katalunia katalana ezinezko bihurtu zuelako) bikain baten leihoa: Just Cabot, Domènec de Bellmunt, Josep Maria Planes, Ángel Ferran, Rossend Llates, Joaquim Ventalló, Fermí Vergés, Doménec Guansé, Paco Madrid, Josep Maria Francès, Manuel Valldeperes, Carles Sindreu, Carles Sentís.
Delako obsesio horren geruzetako batean, ezin ahantzi zuen hirurogei urte iragan zituela Eugeni Xammarrek Kataluniatik kanpo (zazpi hizkuntzatan mintzo omen zen, eta bost hizkuntzatan idazten omen zuen) Katalunian pentsatzen, hura egunen batean aberri landua eta zibilizatua bilakatu nahian, bere hizkuntzan eta kulturan oin harturik.
1931n idatzitako gutun batean, Xammarrek laburbildurik hauxe esan zuen: nire lehen artikulua ezkeroztik lagundu dut Kataluniaren nazio duintasunaren sentimendua berreskuratzen, zeren betiko katalanista naiz, eta betiko errepublikarra. Lehenik, katalanista, eta gero errepublikarra. Ez erregionalista, ez nazionalista, ez zentrista, ez kolektibista, ez sozialista, ez erradikal, ez komunista, ez kapela gogorreko somatenista (falangisten aurrekoak), ez ezkertiarra, ez eskuindarra, ez Terrassako anarkista, eta -beste ezer baino gutxiago-, monarkikoa, hau da, Espainiako erregearen menpekoa (…) Gauza guztien gainetik Kataluniaren askatasuna nahi ez duena, ez da katalanista. Badela badio, hark usurpazio delitua egiten du.
Hitz horiexek kutsatu dute zeharo Quim Torraren bizitza, eta Wintherturreko goi kargu izatetik kultura katalana, 36ko gerrak erbestera jaurtitako -beste 200.000 katalanekin batean; ezin dugu inoiz ahaztu. Euskal Herritik atera beharrean izan ziren 150.000 lagun ahaztu ezin ditugun bezala- kazetari eta idazle katalanak ikertzen eta ezagutarazten enplegatu da, erakundeek eta ez baitzuten egiten, eta kulturatik politikara etorriz, Puigdemontek Masek presidente izateko egindako gonbitari baiezkoa eman zion bezala, Torrak ere hala eman zion Puigdemonti, eta egun enpresatik kulturara eta kulturatik politikara iragandako gizon hau Kataluniako Generalitateko 131. presidentea da.
Eta Urkullu, Lopez, Ibarretxe, Ardantza, Garaikoetxea, Rubial, Leizaola eta Jose Antonio Agirre? Rubial eta Lopez erdaldunak; Garaikoetxea eta Ibarretxe euskaldun berriak, nik uste, euskaraz lehendakari bati dagokion bezala idazteko gauza ez direnak, eta Ardantza ere hortxe nonbait, euskaldun erdaraz alfabetatua. Leizaolak idatzi zuen euskaraz, baina gaztelaniaz edo frantsesez idatzitakoaren aldean oso gutxi. Agirrek ere gaztelaniaz -itzuli egiten zioten-; eta Urkulluk? Irudikatzen duzue Urkullu bere testu politikoak euskaraz idazten, Torrak katalanez idazten dituen bezala? Nik uste erdaraz idatziko dituela, eta itzuli egingo dizkiotela. Euskarazko kulturaren erreferente izatetik behintzat urrun dago.
Gurean, lanbide-aldaketak enpresatik politikara, eta politikatik enpresara izan ohi dira eskuarki (Imaz adibide ona da), eta ez Joaquim Torra i Pla presidentea bezala, enpresatik kulturara eta kulturatik politikara.
Aitortu beharko dugu katalanen aldean nano kulturalak garela, geure hizkuntzan bereziki (orain arte izandako lehendakari guztiek joko dute gaztelania beren hizkuntzatzat; zalantzan dagoen bakarra euskararena da; birentzat behintzat ez da beren hizkuntza (izan)). Horrek ez gaitu adoregabetu behar; aitzitik, politika eta kultura eta gure hizkuntzaren arteko loturak aintzatago hartzera eta gehiago balioztatzera eraman behar gintuzke, premia alimalekoa bai baitugu euskara eta politika lotzeko, ez alderdi politika, baizik eta politika eta kultura euskalduna. Ados?
Artikulua laburtu beharrez, kanpo utzi behar izan dudan argibide bat:
Torra joan zen Alcala de Henaresko Estatuko Administrazioaren Artxibo Orokorrera katalanez idatzitako liburuari egindako zentsura arakatzera -J.M. Torrealdai hil berria datorkit gogora-, eta Eugeni Xamarren liburuei egindakoetatik hasi zen.
Hango panorama ikusirik, lehenik burutatu zitzaion baieztapena ironia gazi-gozotik asko duen hauxe izan zen: bibliografia katalan handi guztia hementxe dago, 1939tik 1975era (eta beste urte batzuk gehiagotan ere) katalanez idatzitako obra guztiak (ez Kataluniako liburutegi nazionalean, egotea legokiekeenez)
Ahaztu egiten zaigu maiz zer-nolako kaltea egin zigun zentsurarekin (inkisizio kulturala) frankismoaren politika kulturalak galego, katalan eta euskaldunoi. Ea idazkietan erregimenaren, moralaren edo Elizaren aurkako erasorik zegoen aztertzen zuten zentsoreek, eta hitzak, esaldiak, orrialdeak edota liburu osoa zentsuratzeko edo behintzat proposatzeko eskua zuten.
Zentsurari erantsi behar zaio autozentsura, obrak zentsoreei aurkeztu beharrak eragiten zuen beldurrak eragindako autozentsura. Zentsura bikoitzaren biktima zen euskal idazlea eta katalana.
Xammarren Mémories-i buruz, esaterako, honela zioen zentsoreak: “No puede ocultar su catalanismo ni su antiespañolismo. Estimo que el libro debe ser impugnado”. Ondotik, orrialde ugari seinalatzen zuen.
Ironikoki zioen Torrak jakituria-iturri bat zela Alcalako Estatuko Administrazioko Artxibo Orokorra.
Ederki ekarria idatzia, Pako. Eskerrik asko.
Ñabardura bat Urkulluren “sorkuntza” lanari buruz.
Lehendakari honen testuak ez ditu berak idazten, bere aholkulari batek baino.
Eta españolez idatziak dira guztiak, ondotik, Jaurlaritzako itzulpen zerbitzuak euskarara itzuliak direlarik.
Eskerrik asko Jon!
Urkulluk ere argitaratu ditu idazlanak bere izenean (idatzi batek jakin).
Horra berriki ezagutzera emandako Kataluniako Procesari lotutako “paperak”, edota laster argitara emango omen duen lehen eleberria, “toque de queda” goiburu izango duena, antza.
Quim Torrak ez luke nobelarik gaztelaniaz idatziko, eta hala egitera, istantean kenduko lukete bere kargutik etsenplu txarra emateagatik
Hemengo lehendakarien lanei dagokienez, nik uste dut dugun errealitatearen isla dela, gorago aipatutakoak: erdaraz alfabetatuak, lehen hizkuntza euskara ez… Baina, hala ere, argitaratu dituzten liburuak ziur ez dituztela eurek idatzi, kazetarien laguntza izan dute. Oker ez banago Ardanza eta Ibarretxeren memoriak euskarara itzulita daude. Uxue Barkosek, aldiz, ikuspuntu pertsonalagotik idatzi zuen liburua gaztelaniaz baino ez dago. Hala ere, nire ustez belaunaldi politiko osoaren ezaugarria da, kasu gutxi batzuk kenduta lider nagusiek ez dituzte gogoetak euskaraz idazten. Arnaldo Otegi ere ez dut imajinatzen berak soilik idatzitako euskarazko liburua plazaratzen. Politikarien hurrengo belaunaldiarekin aldatu beharko litzateke kontua, bestela kezkagarria izango da.
Arazoa sakoneko da. Ez da lehendakari hau ala bestea, kolore honetakoa ala beste batekoa… Gure hizkuntzaren baliagarritasuna etengabe gutxiesten gabiltzan horiek GU GEU gara. Katalanek, aldiz, euren hizkuntza lehen mailan kokatzen dute: erabat baliagarri zaie. Hemen zertarako da baliagarri? Alderdien barneko eztabaidetarako edo benetan erabakiak hartzen diren une horietarako? Egunkarien hizkuntza nagusia? Informazio garrantzitsua jakitera emateko? Berri nagusiak azaltzeko erabiltzen den hizkuntza? Euskaldunen twitterrean agertzen den hizkuntza nagusia? Kalean gehien entzuten dena? Ez dakit hori guztia aldatzeko gakoa edo gakoak non dauden. Hala ere, uste dut ezin garela goikoari begira ibili, gure etxeari teilatu polita egin nahi bagenio bezala, etxea gogor ez daukaguean. Politika gure gizarteak osatzen duen icebergaren punta da eta nolabait ere gizarte horren isla baina iceberga aldatu nahi bada puntari mila aldiz begiratuta ez da sakonekoa aldatzea lortuko.
Iduritzen zait askotan euskara zorigaitzez erabilia izan dela osagai berezle gisan batzuentzat edo instrumentalisazio moduan besteentzat gure kontzientzia nazional politikoaren motorra eta oinarria izan beharrean.
Horregatik datorke azpimarratzen duzun lehendakarien epeltasuna euskararen aldera.
Pako ni ere (tamalez bazterretik)ados nintzateke azken paragrafoko zure konklusioarekin nahiz ez dutan ongi ulertzen azken esaldiaren bukaerarekin alegia “….ez alderdi politika, baizik eta politika eta kultura euskalduna”
Baina, gauden errealistak, politika eta hizkuntza lotzea nahi zinukeen bezala ebidendea bezain korrapilatsua izanen da. Naziogintzaren hitzak erabiliz, biztanlegoaren erdia bere “erotasun eremutik” aterako duzu eta!
Administrazioek eta partiduek ongi dakite hori eta ez dira atrebituko bide horretan. Ez konta haien gain!
Euskaldun egon nahi dutenek hautu zailak egin beharko dituzte ohiko bideetatik eta “erotasun eremutik”aterako dituztenak.
Animo
“Arraina burutik kirasten da”, Bat! Ezin da gutxietsi goitik beherako erabakien eraginkortasuna. Tabakismoari goitik behera eman zaio egurra; gaur egun musukoa etxean ahazten ez badugu da goitik behera behartu gaituztelako.
Administrazioko goi karguek eta finantza eta enpresa handietako buruek eta bat egingo balute euskararen alde…Ez dute egingo! Bale. Ados.
Euskararen aldeko “erotasuna” ongi etorriko litzaiguke Beñat, baina “erosotasuna” dabil gailen! Diosala.
“erosotasun eremu” erran behar nuen eta leitu behar zen Naziogintzari hartua dut.
Bikaina iruditu zait Pakoren artikulua eta bat nator ere bai Gailurrek adierazten duen ideiarekin: belaunaldi aldaketa behar dugu politikan, eta formazio ona duten, eskuak libre dituzten eta arriskatzeko prest dauden politikari berriak behar ditugu, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Eskerrik asko Joxe, laudorioagatik.
Beste ohar jakingarri bat Torraren idatzi bati buruz. Honorables. Cartes a la pàtria perduda liburuan, orrialde gehien eta hunkituenak Francesc Maciàri eskaintzen dizkio. Laudorio gaitzak.
Vilanova i la Geltrú-n jaiotako Macià Espainiako armadan teniente koronel izatera iritsi zen. 45 bat urte zituela abertzaletu, eta 1922ko uztailaren 18an beste gogaide batzuekin batean Estat Català alderdi independentista sortu zuen Kataluniako errepublika askea lortzeko, eta xede hori eskuratzeko bitarteko guztiak jo zituzten zilegi, militarrak barne.
1926an, Katalunia Primo de Rivera jeneralaren diktadurapetik askatu eta errepublika katalana aldarrikatzeko Ipar Kataluniako Prats de Mollótik bere mutilekin sartzen saiatu zen. Bai porrot egin zuen, edo hobeto esanda, Ipar Kataluniako herri horretan jendarmeek geldiarazi zuten, hots, Frantziako estatuak abortatu zuen Espainiako diktaduraren aurkako ekintza militar katalan hori, eta, sei hilabete egin zituen preso eta Belgikara erbesteratua izan zen.
Halere, 1926ko porrot hori gorabehera, Espainiako monarkia erori orduko Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Francesc Maciàk 1931ko apirilaren 14an, eta 17ra arte errepublika independentea izan zen Katalunia, Macià estatuburu zuela. Apirilaren 17an amore eman zuen, eta Generalitateko buru izatea onartu zuen.
Ezin uka xantza ona ere izan zuela Maciàk: Espainiako armadako teniente koronel traidorea izan zela esan liteke, ikuspegi espainoletik, eta halere, monarkiaren erorikoa suertatu zitzaiolako tartean, eta errepublika espainolaren nagusitasuna, 1933an, ohore guztiekin hil zen, eta Kataluniako abertzaleen artean miretsia da Quim Torraren idatziak berresten duen bezala.
1923ko uztailean Maciàk Espainiako Kongresuan egin zuen hitzaldiaren muina aldatzeaz batera, Torrak hitzaldi haren bere interpretazioa esaldi labur bezain esanguratsu batekin ematen du: ““Dilema modu bortitzean planteatzen da, nahi baduzue, eta dilema honako hauxe da: edota guk jarraitzen dugu estatu zanpatzailearen pean, estatu zentralistaren pean, esklabotza materiala baino ehun aldiz okerragoa den esklabotza morala jasanez, edota biolentziara joko dugu. Ez dago beste aterabiderik…Eta uste dugu oso azkar bere askatasuna lortzeko delibero irmoa duen herri baten altxamendua egitate bat izango dela”. Presidente, Rubicona gurutzatua zenuen.”
Pako, ados: goitik beherako erabakiak ezin dira gutxietsi eta zenbaitetan erabakigarriak izan daitezke (jarri dituzun adibideak, besteak beste). Aipatutakoaren harira, nik aldaketa behetik gorakoa izan beharko litzatekela uste dut, zuk esan bezala goitik beherakoa izateko esperantza benetan urria delako. Beste garai batzuetan euskara mehatxupean egon da eta interesa egon da gure gizartean euskarari bizia emateko. Zuk esandakoa ere egia da baina ez dut sumatzen XXI. mendean euskarari arnasa emateko grin hori. Teknologia, gaur egungo bizi estiloan aldaketak… Hor nonbait izango da arrazoiren bat. Edonola ere, asko eskertzen dizut era horretako gaiak mahai gainean jartzea, interesgarriak dira eta uste dut beharrezkoak ere badirela.
Bat, estimatua!
Teknologiak ez dira arazo, bizimodu estiloa ere ez… Jende andanak ero moduan jarraitzen ditu fraka motzetan futbolean diharduten aberaskiloen taldeak, duela ehun urte bezala edo beroago, adibidez, aste guztiko aldartea baldintzatzeraino norbere talde kutunaren emaitzak, hamaika ikusteko.
Botereak dauka horretan errua, ardura edo trebezia. Birus anker honen krisiaren erdian ere, ikusi dugu zein azkar eta prestu aritu diren eliteko futbola berrabiarazteko, sistemaren ardatzetako bat bilakatu baita, lehenago zirkua bezala, ezta?
Bada, hizkuntzarekin ere berdin. Boterea dutenek erabakitzen dute neurri handi batean herritar xumeon gogoak nora egingo.
Gurean bi arazo handi dauzkagu boteretsuekin. Ugazabek, espainiar eta frantsesek, euskaldungoa urtu dadin ekinean jarraitzen dute, etenik gabe.
Ugazaben azpiko bertoko agintaritxoek aldiz, ustez euskaltzale diren horiek, ez dute gure hizkuntzaren eta kulturarengan interes berezirik, salbuespenak salbu.
Behetik gorako ekimenetako bat behar luke, agintaritxotako batzuei, askori beharbada, hankarteak gogoz estutzea, ea zutitzen diren behingoz onean ez bada, “estuasunez”.
Eskertuta ekarpena Pako. Izerdirik bota gabe zenbat ikasten dugun zuri, Beñati eta beste batzuei esker!
Elkarrengandik ikasten dugu JJ.