Puigdemont (eta II)

Puigdemont (eta II) –

Puigdemont (eta II)Zelenski gerra-gizon bezala Puigdemont diplomazia-gizon! Gironako Amer herrian 1962an jaiotako Carles Puigdemont i Casamajo 2016ko urtarrilaren 10ean inbestitu zuten Generalitateko 130. presidente, Junts, ERC eta CUPen botoei esker. Espainiako gobernuaren oniritzirik gabe, independentzia-erreferenduma prestatzeagatik eta 2017ko urriaren 1ean nola-hala, polizien kolpeen pean, aurrera eramateagatik da famatua, eta handik hona, Waterlooko erbestean egindakoagatik. Oraindik orain Bartzelonara etorri da klandestinoki, hitzaldi laburra egin du Garaipen Arkuan, eta mossoen Kaiola operazioari iskin eginik, Waterloora ihes egitea lortu du.

Zortzi senideko familia katalan nazionalista batean sortu zen; bigarrena da, eta familiak aspalditik gozotegi bat du Gironako herri horretan; nerabetan eta laguntzen zuen baina ez da inoiz gozogintzara dedikatu.  Amer jaioterria Gironako probintziaren barrualdean dago; mendialdean, Girona hiriburutik 25 km.ra. 2.400 biztanle baino ez ditu. Osaba Josep Puigdemont 1979tik 1983ra, Convergenciatik, herri horretako alkate izan zen. Horrek asko eragin zion.

Lehenik, jaioterrian bertan ikasi zuen eta gero gironar askok bezala Santa Maria del Collellen barneko ikasle. Kapilauak zeuden han; batzuk frankistak baina irakasle onak ere bai; esaterako, Manel Costa-Pau idazlea. Hizkuntza eta kultura katalanaren erreferente garrantzizko bat izan da idazle hori eta nobela, poesia, saiakera eta kazetaritza landu zituen. Eta halaber, Josep Tero kantautorea, 1982an Lluis Llach eta Marina Rossellekin debutatu zuena. Abestian kantatzen zizkien eskolan. Tero poesia katalana eta kantagintza tradizionala zabaltzen nabarmendu da, eta ingurumenaren eta norbanako eta eskubide kolektiboen aldeko konpromisoan. Ez du inoiz erlijiora bideratzeko bokaziorik izan baina ikastetxe horretan emandako bost urteek kristautasun kutsu bat utziko zioten, noski.

Filologia katalanean lizentziatu zen Puigdemont, Gironako Unibertsitatean. Hor, jakina, hizkuntza eta kultura katalan zanpatuarekiko are atxikimendu handiagoa jaso zuen. Udetan hamabost eguneko egonaldiak egiten zituen Tarragonako Pobleteko monasterioko liburutegian. Asko irakurritakoa da.

Estreinakoz, 1980an, hemezortzi urte zituela, izan zen mitin politiko batean: Jordi Pujolek 1980an parlamenturako bozen kanpaina amaieran egindakoan. Hantxe sartu omen zitzaion politikarako harra. Laster inplikatu zen Kataluniako Gazteria Nazionalistan, eta 1983ko udal hauteskundeetan, Gironako alkatetzarako aurkeztu zen Joan Vidal i Gayolàren alde aritu zen.

Laster ekin zion kazetaritzari ere, hamasei urte baino ez zituela jaioterriko kronikak idatzirik –Argia euskal kazetarentzat kolaborazioren batzuk egin omen zituen–. 1982an, hizkuntza-zuzentzailea izan zen, eta, ondoren, El Punt egunkarian zenbait erredaktore kargu izan zituen. Proiektu profesionalik nabarmenenak bi izan ditu; bata, Kataluniako Albiste Agentzia (ACN) sortzea; eta, bestea, Catalonia Today ingelesezko egunkaria. Katalanaz eta gaztelaniaz gain, ingelesez eta frantsesez badaki, eta errumanieraz ere moldatzen da, Marcela Topor emazte kazetaria errumaniarra izaki.

2006an hasi zuen karrera politikoa. Lehenik, Parlamentuan diputatu gisa, eta gero Gironan CiUren zerrendaburu gisa, 1979tik hirian sozialistek zuten monopolioa hausteko xedez. 2011ra arte ez zuen lortu sozialisten nagusitasuna haustea. 2011tik 2016an presidente inbestitu arte Gironako alkate izan zen.

Irakurleak badaki Kataluniako parlamentuak 2006an gehiengo osoz onartu zuen estatutu berria Madrilen ikaragarri murriztu izanak, eta katalanak umiliatzeak eta arlo fiskalean Madrilekiko duten defizitaren kontzientzia argiak ekarri zutela 2010etik aurrera Katalunian proces independentista famatuaren olatua, eta haren eraginpean, Artur Masek bazekien presidentetzarako Puigdemont proposatu zuenean, hura ahaleginduko zela herria independentziara bideratzen.

18 hilabeterako aurreikusita zegoen Legegintzaldi konstituziogile berriak, Puigdemonten buruzagitzapean, Estatu-egituren hedapenari ekin zion, finantza publikoen eskasia kronikoarengatik egoera ekonomikoa larria zenean; eta Espainiako Estatuaren mehatxu eta oztopoekin egin zuen topo. Aldi berean, CUPen babesa gero eta zailagoa izan zuen, legegintzaldiko akordioa gorabehera. Tentsioak 2016ko ekainean amaitu ziren, alderdi antikapitalistak aurrekontuen babesa ukatu zuenean. Erantzun gisa, Puigdemontek konfiantza mozioa aurkeztu zuen 2016ko irailaren 28rako.

2016ko uztailaren 8tik 10era bitartean, Puigdemont, Convergenciako gainerako militanteekin batera, alderdi horren azken biltzarrean izan zen, eta, bertan, alderdi berri bat sortzea erabaki zuten. Lehendakariak alderdi berriaren fundazio-kongresua ixteko garaian «alderdi berria independentzia lortzeko gizartearen zerbitzura jartzeko» eskatu zuen.

2016ko irailaren 28an eta 29an, konfiantza-mozio bat aurkeztu zioten presidenteari, CUPek gobernuaren aurrekontuetan zuen babesa ukatu ostean. Mozioaren bozketaren aurreko egunean Parlamentuan emandako hitzaldian, independentziari buruzko erreferendumera deituko zuela iragarri zuen. Erreferenduma 2017ko irailean egingo zen beranduenez, Espainiako gobernuarekin adostuta ala ez. Erreferenduma iragarri eta hurrengo egunean, Puigdemontek mozioa gainditzea lortu zuen.

Erreferenduma Estatuarekin adostu ahal izateko, Puigdemontek askotan eman zituen erreferendumari buruzko azalpenak Oriol Junqueras presidenteordearekin batera, eta kasu batzuetan baita Raul Romeva Kanpo Arazoetako sailburuarekin, eta Gobernuko beste kide batzuekin ere. 2017ko urtarrilaren 24an, Bruselan, Europako Parlamentuko areto batean aurkeztu zuen konferentzia. Bertan azpimarratu zuen Kataluniak askatasunez erabakiko zuela bere etorkizuna, erreferendum legitimo eta legal baten bidez, eta Europak, «bestaldera begiratu» beharrean, konponbidearen parte izan behar zuela. Madrilgo Cibeles Jauregian, Mariano Rajoyri adostutako erreferenduma eskaini zion. Baina alferrik!

2017ko urriaren 1ean, poliziaren errepresiopean egindako erreferendumean, %90etik gora alde bozkatu zuen. Hautesle-erroldaren %43k parte hartu zuen. Urriaren 10eko osoko bilkuran, Puigdemontek independentzia-adierazpen partziala egin zuen, nazioarteko bitartekaritzaren zain. Ez zen ausartu, espainiar poliziaren kargaren ondorioz gerta zitezkeen biktimen ardura bere gain hartzera. Presidenteak berehala iragarri zuen adierazpena aldi baterako etenda geratu zela, Espainiako gobernuarekin negoziazio epe bat irekitzeko. Zer zetorkion jakitera, aurrera egingo zuen? Ezin jakin! Gauzak ikusita, denok azkarrak!

Gertakari horien ondorioz, Espainiako gobernuak urriaren 21ean iragarri zuen Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko borondatea. Urriaren 27an onartu zen Madrilen, eta 30ean Belgikara ihes egin zuen Puigdemontek beste politikari batzuekin batean.

Ezin gara luzatu hemen Amerreko independentistak Waterlooko erbestean egin dituenak xehatzen. Errepublikaren Kontseilua sortu zuen, besteak beste. Independentisten zatiketa penagarriagatik –ANCko buru Lluis Llachek dezepzio handia jaso du Marta Rovirarengandik. Katalunian badira ERCk Euskadiko Ezkerrak izandako bilakaera izango duela pentsatzen dutenak, hots, alderdiaren zati batek PSC-PSOEn amaituko duela– eta egungo Generalitateko presidentea nazionalista espainola izanagatik, eta halaber, Llarena epailearen jazarpena gorabehera, Puigdemontek jarraitzen du Espainiako estatuan independentziaren itsasargia izaten, egun argi motela emanagatik. Lehenbailehen aberrira itzultzea opa diot Puigdemonti, eta Kataluniako herriari independentzia lortzea, egungo geopolitikan lor daitekeen izarikoa, katalanen ongizaterako eta nazio linguistiko-kulturala sendotzeko onuragarria izango dutelakoan!

Bi politikari berezi Europan: Zelenski eta Puigdemont!

Puigdemont (eta II) Puigdemont (eta II)

Saiakera-idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude