Prostituzio iragarkiek prentsaren diru iturri izaten segitzen dute, ez baitira debekatzeko asmoak gauzatu
Autoen ondoan dozenaka emakumeren argazkiak agertzen dira. Esaldi lohiek ez dute mugarik. Baliteke egunkari berean prostituten bizitza latzari buruzko erreportaje sentibera irakurri izana. Hala ere, haur nahiz zahar, hortxe dituzte egunero-egunero neska gazte eta etorkinak salmentan. Frantzian ez bezala, Espainian ez dago prostituten iragarkiak debekatzen dituen legerik eta EAEko nahiz Espainiako parlamentuen ekimen debekatzaileak bertan behera gelditu dira beti.
Prostituzioaren negozioaren katean dozenaka pertsonek hartu ohi dute parte, eta Espainian, Europan ez bezala, baita prentsa orokorrak ere. Iragarkietan tartea egiten diete sexu zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona eta sasi-enpresei, argazki eta guzti sarritan. Alokairuan dauden gorputz gehienak emakumeenak dira.
Gizarteak, oro har, onartzen du prostituzioa duina ez den ogibidea dela emakumea objektu bilakatzen duelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin (marginazioa, legez kanpoko negozioak, esplotazioa, sexu turismoa, gaixotasunak…). Aferan aurrea hartu duen Suediak prostitutzaileak zigortu eta prostitutak laguntzeko politika abiarazi zuen, emaitza onekin. Espainian prostituzioa alegala da, Frantzian zigorrak aplikatzeari ekin nahi diote.
Debekuen porrotak eta iragarkien dirutzak
Gure bizilagun frantziarrek guztiz debekatu dituzte prostituzio iragarkiak prentsan. Europako beste herrialde batzuetan, Italian edo Erresuma Batuan kasu, iragarkiak arautuak daude, baina tokian tokiko prentsan edo prentsa sentsazionalistan besterik ez dira agertzen. Argentinak uztailean onartu zuen iragarkien aurkako neurria. Espainian, baita Hego Euskal Herriko erakundeetan ere, “relax” edo “kontaktuak” eufemismoarekin biltzen diren iragarkiak debekatzeko ekimenak abiatu dira, baina zakarrontzian edo baztertuta amaitu dute.
- Espainiako Kongresuak Gobernuari eskatu egin zion prostituzio iragarkiak prentsatik ezabatzeko lege aldaketa gauzatzeko.
- UPNk Iruñeako Udalean proposatu zuen prostituzio iragarkiak zituzten hedabideetan publizitate publikorik ez egiteko.
- Eusko Legebiltzarrean onartutako 2005eko Berdintasun Legeak prostituzio iragarkiak debekatu zituen.
Hiru ekimen horiek ez dute de facto inolako eraginik izan. Prostituzioaren inguruko arau eta legediaren faltan eta prentsaren askatasunean desenkusatuta, erakunde guztiek uko egin diote neurriak hartzeari. Lopez lehendakariak adierazi zuenez, “iragarkiak debekatzeak prostitutak borondatez direnak izorratuko ditu”. Emakundek ere iragarkiak debekatzea “zaila” dela esan du. Dena den, aurretik ere iragarki batzuk debekatu egin dira: alkohola eta tabakoa.
Espainiako Gobernuak azken urteetan prostituzio iragarkien aurkako aldarria eraman du, baina ondoriorik ez du izan. Beraz, Euskal Herriko Diario Vasco, El Correo, Deia, Noticias de Alava, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra eta Diario de Navarrak dirutza eskuratzen jarraitzen dute. Natividad Abril EHUko irakasleak 2008 urtean egindako ikerketak negozioaren tamaina uztzi zuen bistan. Eta, kontuan izan, datuak hedabideek beraiek emanak direla.
- Vocento taldeak urtean irabazten ditu 2 milioi euro inguru.
- Noticias taldeak urtean irabazten ditu 30.000 euro inguru.
- Diario de Navarrak urtean irabazten ditu 460.000 euro inguru
Datuen saltsa gora behera, diru-iturri oso garrantzitsuak dira prostituzio iragarkiak.
Autoerregulazioa
Prostituzioa negozio alegala den heinean iragarkiak ilegalak ezin direla izan argudiatu dute hedabide batzuek. Hala, pilota besteen zelaira jaurtitzen dute negozioaren pastelari uko ez egiteko. Beste iritzi bat izan da prostituzio iragarkien atzean mafiak baldin badaude hori argitzea poliziaren lana dela. El Mundo egunkariko zuzendariak esan zuen hori. Hartara, prostituzioarekin amaitzeko ardura guztia gobernuarena dela diote eta komunikabideek duten funtzio sozialari izkin egiten diote diru-etekinen izenean. Moralak eta etikak ez du egunkari horietan eztabaidarik piztu, “legala” eta “ekonomikoa” dela izan da auziaren gaineko hausnarketaren ondorioa. Espainiako Gobernuak prostituzioa edo iragarkiak debekatu beharrean autoerregulazioa bultzatzea erabaki zuen.
Autoerregulazio kodeak irakurleen “sensibilitatea” zauri dezaketen irudiak eta testuak ez publikatzea hitzartu zuten Gobernuak eta zenbait hedabidek. Hala ere, bistan da ez dela emaitzarik lortu. Ez dira gutxi bularrak bistan agertzen diren emakumeen argazkiak; telebistan ezin direnak agertu haurren ordutegietan. Testuek ere sexu erreferentzia zuzenak eta lohiak egiten dituzte, jakina, “sentsibilitatea” zauri dezaketen hitzak. Balio beza adibide honek autoerregulazioaren porrota frogatzeko: “Clávame tu polla en mi culo y mi coño hasta correrte” (El Correo Álava 2011/12/08). Ez dago inolako galbaherik.
Euskal Herrian saltzen diren Berriak, Garak eta Publicok gisa horretako iragarkiak ez publikatzea erabaki zuten.
– ——————————-
Natividad Abril EHUko irakaslearen hitzaldia prostituzio iragarkien inguruan, 2009 urtean (gaztelaniaz):
- Prostituzio iragarkiak: debekua edo autoerregulazioa? (Gara)
- Negozio alegala, iragarki ilegalak (El Pais)
- Prostituzioa ogibide gisa nahiko zenuke? (El Pais)
- Nori egiten dio mesede iragarkien debekuak? (ABC)
- Prostituzioaren negozio hipokrita (Publico)
- “Bezeroa zigortzeak prostituzioa jaitsi du Suedian” (El Pais)
Ez, oker zaude. Diario de Navarrak ez du nehoiz prostituzio iragarkirik barne hartu.